2021/12/28

Urte Barri


 


Urtarrilaren 1ean

 Jaunaren Jaiotzako Zortzigarrena

JAINKOAREN AMA MARIAREN JAI NAGUSIA

A B C urteetan

 

I. Irakurgaia

Honan dei egingo deutsoe nire izenari israeldarren alde,
eta Nik bedeinkatu egingo ditut.

Zenbakiak liburutik

Zen 6, 22-27

     Honan berba egin eutson Jaunak Moisesi: «Esaiezu Aaroni eta haren semeei: Honan bedeinkatuko dozuez israeldarrak:

 "Bedeinkatu zagizala Jaunak eta zaindu.
Agertu deizula Jaunak aurpegi argia,
eta errukitu dadila zutaz.
Erakutsi deizula Jaunak aurpegi gozoa,
eta emon bakea".

      Honan dei egingo deutsoe nire izenari israeldarren alde, eta Nik bedeinkatu egingo ditut».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 67 [66], 2-3. 5. 6 eta 8 (R/. 2a)


 

R/.       Erruki bekigu Jainkoa, bedeinkatu gaizala.

V/. Erruki bekigu Jainkoa eta bedeinkatu gagizala,
       agertu deigula aurpegi argia,
       ezagutu dagien munduan zure bidea,
       nazino guztietan Zugandiko salbazinoa. R/.

V/. Poztu beitez kantari nazinoak,
       zuzentasunez dozuz-eta gobernatzen herriak
       eta gidatzen munduan nazinoak. R/.

V/. Ene Jainko, aitatu zagiezala herriek,
       aitatu zagiezala herri guztiek.
       Bedeinkatu gagizala Jainkoak,
       izan deiola begirune mundu osoak. R/.

 

II. Irakurgaia

Bere Semea bialdu eban Jainkoak,
emakumeagandik jaioa.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 4, 4-7

     Senideok: Sasoia bete zanean, bere Semea bialdu eban Jainkoak, emakumeagandik jaioa, legepeko egina, legepean ziranak askatzera, guk seme-alabatzakoa hartu gengian. Eta seme-alaba zarien seinaletzat bere Semearen Espiritua bialdu dau Jainkoak gure bihotzera, «Abba! Aita!» deika diharduana. Beraz, aurrerantzean ez zara esklabo, seme edo alaba baino, eta seme edo alaba bazara, baita oinordeko be, Jainkoari esker.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Heb 1, 1-2

R/.   Aleluia.

V/.   Askotan eta era askotara berba egin eutsen antxina
        Jainkoak profeten bidez gure asabei;
        azkenak diran egun honeetan, barriz,
        bere Semearen bidez berba egin deusku. R/.

 

Ebanjelioa

Han aurkitu ebezan Maria, Jose eta umea.
Jaio eta zortzi egunera, «Jesus» ezarri eutsoen izena.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 2, 16-21

     Aldi haretan, artzainak arineketan joan ziran, eta han aurkitu zituen Maria eta Jose eta umea askan etxunda. Ikusi ebenean, jakinazo eben ume haretaz esan jakena.
     Entzun eben guztiak harrituta gelditu ziran artzainek esaten ebenagaz. Mariak, barriz, gogoan gordetzen zituan gauza honeek guztiok, bihotzean hausnartuz. Eta artzainak Jainkoari aintzaka eta goraka bihurtu ziran, entzun eta ikusi ebenagaitik; dana aingeruak esaneko moduan gertatu jaken.
     Jaio eta zortzi egunera seina zirkunzidatu ebenean, «Jesus» ezarri eutsoen izena, sabelean sortu aurretik aingeruak esan bezala.

Jaunak esana.

 

 

(Hitzaldia)

     Senideok: alkarri ZORIONAK opa deutsaguz urtearen hasieran. Zein ohitura ederra dan hau! Zorionak opa deutsaguz etxekoari, auzoari, lagunari…, eta kalean aurkitzen dogunari ere bai: geure egarria, geure gogo bizia azaleratzen dogu horrela. Zorion egarri gara!

     Argi ikusi dogu eta ikusten dogu, Pandemia hau bitarteko, gure zoriona ez dagoala ez ondasunen esku, ez osasunaren esku, ez guk uste genduan beste gauza askoren esku ere. Danak joan jakuz pikutara. Eta alkarren ardura hartzera egiten jaku dei.

     Urte Barriko Liturgiak Jainkoari begira jarten gaitu, eta harek gure zoriona gura dauala dinosku. Eta, zorionaren iturri lez, bedeinkapena iragarri deusku, onespena.

     Ikasiko bagendu, senideok, alkar onesten! Batak besteagaitik ondo hitz egiten! Asko aurreratuko geuke zorionaren bideetan. Baina, zoritxarrez, ez dozue uste larregi madarikatzen dogula? Danok behar gaituan Gizarte honetan ez dogu gauza onik lortuko alkar madarikatuz; eta bai alkar onetsiz.

     Egun honetan, Urte Barri egunean, Mariaren amatasuna ospatzen dau Liturgiak, eta Jesus Umeari izena ezartea. Eta gainera, Bakearen alde otoitz egitea eskatzen jaku.

     Alde batetik, Jainkoaren seme-alaba garala dinogu. Bilatu daigun, ba, alkarrentzako senide izatea, alkar onestea, eta batabestearen beharrei eta arazoei alkarregaz erantzutea. Ba ete dago bakerako hori baino bide egokiagorik?

     Beste alde batetik, zoriona ez jaku kanpotik etorriko; ez dogu gauzak pilatuz lortuko; ez bakotxak berea zainduz eskuratuko. Zorionak barrutik urten behar dau.

     Eta urtengo dau, Mariaren antzera barrura begiratzen badogu; Jainkoaren seme-alaba garala autortuz, haren onespenaz alkar bedeinkatzen badogu; Urte Barriari ezer eskatu beharrean, ha Jainkoak emoten deuskun aukera lez agurtzen eta eskertzen badogu, barru-bakea lantzeko, senidea onesteko, eta alkarren beharra daukagula autortzeko.

     Izan daigun gogoan, senideok, Jainkoak bere seme-alabatasun hazia erein dauala gure barruan: ebanjelioko artzainen antzera bilatu daigun, emon deiogun izena, geuretu daigun, eta zorionezko pozean iragarri daigun geure inguruan, Bakeari bideak jarriz, gure Ama Mariaren laguntza paregabeaz.

 

 

(LAGUNGARRIAK)

ANDRA MARIA, JAUNGOIKOAREN AMA

Urtarrilaren 1ean

BAKEAREN ALDEKO OTOITZ EGUNA

 

SARRERAKO OHARRA

     Senideok: Liturgiak, urtearen lehenengo egun honetan, Mariaren amatasuna ospatzen dau. Ondo legoke ama barri dan Mariaren asmoekaz bat egitea.

     Eta Elizeak Bakearen Eguna ere ospatu daigula nahi dau: Bakea Jainkoari eskatzen deutsagun dohaia izan daitela.

     Gure begiradea, ba, gerran dagozan herrialdeetara bihurtuko dogu, eta gerrotan erabiliak diran umeengana, aurrean erabiliak diran emakumeengana, lanik barik dagozanengana, iheslari eta errefuxiatuengana…, bake-egarri diran guztiengana, Jainkoaren errukiak danak bedeinkatu daizan, bere seme-alaba guztion laguntzaz.

 

SARRERA ABESTIA

Gizadiak maite-mina,

Izadiak arreta-mina,

Etorkinak herri-mina,

Herri hunek bake-mina.

Laborari ta langile,

Sinestedun ta bilatzaile,

Bidez-bide, kalez-kale,

Izan gaiten bakegile.

 (Edo...)


Abadearen agurra

† Aitaren eta Semearen eta Espiritu santuaren izenean.

—Amen.

† Birjina eta ama Mariagandik jaio zan Jainko Semearen grazia ta bakea zuekin.

—Eta zure espirituarekin.

 

Damu-otoitza

     Begiratu deiogun une oro Jaungoikoaren esanetara dagoan Mariari eta, damuturik, jo daigun Jainkoaren errukira:

     —Jesus Jauna, zuk Jainkoaren nahia bilatzea dakarskuzu. Erruki, Jauna.

     —Jesus Jauna, zure izena Jainkoaren salbamen-erantzuna dogu. Kristo, erruki.

     —Jesus Jauna, lehenengo gurtza artzainengandik hartzen dozuna. Erruki, Jauna.

 

AINTZARAKO OHARRA

     Emon deiogun aintza Jaungoikoaren izenari, Belengo estalpean aintza ta goraka diharduen aingeruekaz batera, gure artean hainbesteraino eta hainbestetan zikintzen dan Jainkoaren izenari...

 

† Aintza zeruan Jainkoari

- Aintza zeruan (3) Jaunari; eta bakea (2) lurrean gizonari (bis).

 

 1. Handi ta eder zaitugulako

gora zu!, eskerrak zuri;

zure Semea gu salbatzera

bialdu dozu zerutik.

2. Gugaitik jaio, gugaitik bizi,

gugaitik, Jesus, hil zinan;

gugaitik gora, bizturik zara

Jainko Aitaren argitan

 

Lehenengo irakurgaiari

     Laburra dan arren, irakurgai honek ahokera ona itzi leikigu, bertan Jainkoak guretzat gura dauana aurkitzen badakigu: bere bedeinkapenen isurle egin gura gaitu. Madarikatzen ohituagoak gagozanoi gatx egiten jaku ezta?

 

Oharra

     Jainkoaren errukian sartzen danak onespenera joko dau beti, dana bedeinkatzera. Lagundu deigula hori lortzen salmo honek.


(edo…)

 

Oharra ebanjelioari   (Lk 2, 16-21)

     Jainkoari esker onez erantzuten deutsagunean gure barrua eta bizitza osoa bakez eta pozez beteten jaku, ezta? Horren ezaugarri dira ebanjelioan aurkeztuko jakuzan artzainak. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

 

ESKARIAK

   Eskatu deiogun Jainko Aitari hartu daizala gure beharrizanak eta emon deigula bakea bilatzen bizi izatea eta haren alde lan egitea. Seme-alabei dagokien uste osoz, esaten deutsagu: Emoiguzu, Jauna, zeure Bakea!

 


   Gaur hasten dogun urte barri honetan gizatasunean, begirunean eta danen onaren bila jardutean hazi gaitezan. Egin daigun otoitz.

   Gerra guztiak, heriotza eta hondamendia sortzen dabezan burruka guztiak aldentzeko, sendo lan egin daigun. Egin daigun otoitz.

   Gosea, ezbardintasunak eta samina eragiten dituan bidegabekeria desagertuazo daigun; hainbeste miseria dakarrezan jarrerak zein egiturak aldatzeko ausardia izan daigun. Egin daigun otoitz.

   Gu guztiok Mariagandik Jaungoikoaren Berbea entzuten, gure bizitzan onartzen eta bizi izaten, eta senidea eta ingurua bedeinkatzen ikasi daigun. Egin daigun otoitz.

   Gure alkartearen eta gure Pastoral eremuaren alde; fedea bizi izatearen eta zabaltzearen eguneroko eginkizunean bake ereile izan gaitezan, eskeintza eta errespetuan oinarritutako giza hartu-emonak sortuz. Egin daigun otoitz.

 

† Emon eiguzu, Jauna, hainbeste gura dogun eta behar dogun zure Bakea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

 

Eskeintza unean

 

Jaunartzerako abestia

1 Gau erdian Zu zara distira argizkoa,

isiltasun osoan hor zure mintzoa.

R/.     Maitasun-agerpen!

           Isiltasun osoan Hitza gizon sortzen.

2 Urratu da mundutik ilunpe itxia,

sortuazoz zerutik Zuk argi barria.

 

OTOITZA

Ondo etorri, Urte Barri!

Jainkoak emoten deuskun aukera barria zaitugu.

Lehenengo egun honetan

Mariaren amatasuna ospatzen dogu

eta Bakearen alde dogu erregutzen.

 

Israelen, Sirian, Libanon, Sudanen,

Congon, Bolivian, eta hainbat lekutan,

gorrotoa eta istiluak dira nagusi:

emakumeak aurrean erabiliak dira,

eta umeak gerra-gizon bihurtuak…

 

Baina gogoan izan gura doguz baita

bakearen alde diharduen norbanako eta erakundeak,

errefuxiatuen aldeko laguntzan diharduenak,

iheslariei eureneko ateak zabaltzen deutseezanak.

Badago-eta on egiten dauanik!

 

Urte Barria estreinatzerakoan, ba,

on egiten dabenen arteko izan gura dogu,

Jainkoaren bedeinkapenaz bedeinkatu

eta haren errukira nahinon deitu, gizarte baketsua

eta ingurua errespetatzen dakiana eraikitzeko.

 

Bedeinkatu gaizuz

Jainkoaren erregalu zaitugun Urte Barri!

 

 

Oharrak

 

 

AZKEN BEDEINKAPENA

† Jauna zuekin.

—Eta zure espirituarekin.

 

   Jaunak bedeinkatu eta zaindu zaizela,

bere aurpegiaren argiz argitu zaizela eta bakea emon deizuela. Amen.

 

   Berak zaindu zaizela osorik fedean, sendo itxaropenean,

eta bizitzako eragozpen guztien erdian,

azkeneraino iraun daizuela maitasunean. Amen.

 

   Berak emon deizuela Urte Barri oparoa eta zoriontsua.

Mundu hobeagoa, anai-arreben arteko mundua, lortzeko

zuen guraririk onenak beteta ikusi daizuezala. Amen.

 

   Bedeinka zaizela Jainko errukitsuak:

Aitak eta Semeak eta Espiritu santuak. Amen.

 

† Zoaze Jaunaren bakean.

Eskerrak Jainkoari.