2021/12/29

Gabon osteko II. domekea

 (Fray MARCOS)

GABON ONDORENGO II. DOMEKA

A B C urteetan

 

I. Irakurgaia

Jainkoaren jakituria
bere herri aukeratuaren erdian bizi da.

Siraken liburutik

Si 24, 1-4. 12-16 (gr. 1-2. 8-12)

Jakituriak bere burua goresten dau,
bere herriaren erdian aintzaz betetzen da.
Goi-goikoaren batzarrean ahoa edegiten dau
eta haren ahalmenaren aurrean aintzaz betetzen da.
Bere herriaren erdian goratzen dabe
eta santuen batzar osoan miresten;
aukeratuen taldeek gorespenak emoten deutsoez
eta bedeinkatua izango da bedeinkatuen artean.

Orduan, guztien Egileak agindu eustan,
sortu ninduanak txabola eraiki eustan,
eta esan: «Bizi zaitez Jakoben herrian,
eta izan bedi Israel zure ondare».

Hasieran, gizaldiak baino lehenago, sortu ninduan,
eta inoiz be ez dot amairik izango.
Txabola santuan, haren aurrean, egin dot zerbitzu,
eta holan Sion mendian finkatu naz.

Uri maitean emon deust atseden
eta Jerusalemen dago nire agintaritza.
Izen handiko herrian bota ditut zuztarrak,
Jaunaren sailean, haren ondarean.

Jaunak esana.


Erantzun salmoa

Sal 147, 12-13. 14-15. 19-20 (R/. Jn 1, 14)


R/.
  Hitza haragi egin zan,
        eta geure artean jarri eban bizilekua.

        Edo: Aleluia.

V/.   Jerusalem, ospatu egizu Jauna,
        Sion, goratu zeure Jainkoa,
        zure ateen sarrailak indartu
        eta seme-alabak zugan bedeinkatu ditu-eta. R/.

V/.   Zure mugetan bakea ezarri dau,
        garirik onenaz ase zaitu.
        Bialtzen dau lurrera bere mezua,
        eta haren hitza bizkor eta arin doa. R/.

V/.   Bere hitza iragarri deutso Jakoben herriari,
        bere erabagiak eta aginduak Israeli.
        Beste herriei ez deutse holakorik egin,
        bere erabagirik ez deutse jakinazo. R/.

 

II. Irakurgaia

Aurrez aukeratu ginduzan bere seme-alabaorde izateko,
Jesu Kristoren bidez.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 1, 3-6. 15-18

Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
zeruan, Kristoren bitartez,
Espirituaren era guztietako ondasunez bedeinkatu gaituana!
Kristogan aukeratu ginduzan,
mundua sortu baino lehen,
santu eta errubako izan gaitezan beraren aurrean, maitasunez.
Bere onginahiak eraginda aurrez eukan erabagita,
Jesu Kristoren bitartez gu seme-alabatzat hartzea,
bere Seme maiteagan eskuzabal emon deuskun dohai zoragarria
gorespen-kantu bihurtu dadin berarentzat.

        Jesus Jaunagan dozuen sinistearen eta fededun guztienganako dozuen maitasunaren barri jakinik, eten barik dihardut zuekaitik eskerrak emoten, neure otoitzetan zuekaz gogoratuz. Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintzaren Aitak, emon deizuezala Espirituaren jakituria eta goi-argia, bera ezagutzeko. Argitu dagizala zuen barruko begiak, jakin dagizuen zer itxarotera dei egin deutsuen, zein aberatsa dan fededunentzat oinordekotzan prestatuta daukan aintza.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. 1 Tm 3, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Aintza Zuri, Kristo, gizaki lez agertua,
        aintza Zuri, Kristo, munduan sinistua. R/.

 

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Ebanjelioa

Hitza haragi egin zan,
eta geure artean jarri eban bizilekua.

Jesu Kristoren Ebanjelioaren hasiera San Joanen liburutik

Jn 1, 1-18

Hasieran bazan Hitza,
eta Hitza Jainkoagaz zan,
eta Jainko zan Hitza.
Hitza hasieran Jainkoagaz zan.
Gauza guztiak haren bidez eginak dira,
eta egindakorik ezerez da bera barik egin.

Hitzagan zan bizia,
eta bizia gizon-emakumeen argia zan;
argiak ilunpean argi egiten dau,
baina ilunpeak ez eban onartu.

        Agertu zan gizon bat, Jainkoak bialdua: Joan eban izena. Autormenerako etorria zan, argiaren autormena egitera, haren bidez guztiek sinistu egien. Bera ez zan argia, argiaren autormena egin behar ebana baino.

Hitza zan egiazko argia,
mundura etorriz gizon-emakume guztiak argitzen dituana.
Munduan egoan
eta, mundua beraren bidez
egina dan arren,
munduak ez eban ezagutu.
Bereakana etorri zan,
eta bereek ez eben onartu.

Onartu eben guztiei, barriz,
hau da, beraren izenean sinisten dabenei,
Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena emon eutsen.
Honeek ez dira giza odoletik sortu,
ezta giza borondatetik be,
Jainkoagandik baino.

Eta Hitza haragi egin zan,
eta geure artean jarri eban bizilekua,
eta ikusi dogu haren aintza,
Aitagandik graziaz eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari dagokion aintza.

        Joanek haretaz egin eban autormena, oihuka esanez: «Hauxe zan harako nik esan neban ha: “Nire ostean datorrena nire aurretik jarri da, ze, ni baino lehenagokoa zan”».

        Eta haren betearen betetik guztiok hartu dogu, hartu be, grazia graziaren gainean. Legea Moisesen bidez emona zan; grazia eta egia, barriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoan eta Jainko dan Seme bakarrak ezagutuazo deusku.

Jaunak esana.

 

           Ebanjelioa era laburrean.

        Hitza haragi egin zan,
eta geure artean jarri eban bizilekua.

Jesu Kristoren Ebanjelioaren hasiera San Joanen liburutik

Jn 1, 1-5. 9-14

Hasieran bazan Hitza,
eta Hitza Jainkoagaz zan,
eta Jainko zan Hitza.
Hitza hasieran Jainkoagaz zan.
Gauza guztiak haren bidez eginak dira,
eta egindakorik ezerez da bera barik egin.

Hitzagan zan bizia,
eta bizia gizon-emakumeen argia zan;
argiak ilunpean argi egiten dau,
baina ilunpeak ez eban onartu.

Hitza zan egiazko argia,
mundura etorriz gizon-emakume guztiak argitzen dituana.
Munduan egoan
eta, mundua beraren bidez egina dan arren,
munduak ez eban ezagutu.
Bereakana etorri zan,
eta bereek ez eben onartu.

Onartu eben guztiei, barriz,
hau da, beraren izenean sinisten dabenei,
Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena emon eutsen.
Honeek ez dira giza odoletik sortu,
ezta giza borondatetik be,
Jainkoagandik baino.

Eta Hitza haragi egin zan,
eta geure artean jarri eban bizilekua,
eta ikusi dogu haren aintza,
Aitagandik graziaz eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari dagokion aintza.

Jaunak esana.

 

(HITZALDIA)

GABON OSTEKO 2. DOMEKEA /B

    Senideok: Gabon giroan baino hobeto ez dogu inoiz somauko Jainkoaren seme-alaba garala, harek maite-maite gaitula, eta harengan gure uste on osoa eta itxaropena jarriz, zoriontsu izan geintekezala. Zer besterik aurkitzen dogu Jesusengan? Zer besterik aurkitzen dogu haren guraso Jose eta Mariagan? Zer besterik aurkitzen dogu Joan Bateatzaileagan, eta hain alaitsu eta adore emoile hitz egin deuskun Paulo Apostoluagan?

    Bagina gauza Jainkoak deuskun  maitasunean murgiltzeko… Orduan bai geuretuko geukezala Joanen ebanjelioaren sarreran esaten jakuna, eta Paulok bere gutunean iragarri deuskuna. Orduan bai Jainkoari ez geuskiola ezer eskatuko, gure barruan ezarri dauan bere Jakituria bilatuko baino. Eta orduan bai, argitasunean bizi izango ginatekela, eta, haren zoria, geure inguruan zabalduko geukela.

    Zer behar ete dogu horretarako, senideok? Argi esan deusku ebanjelioak: sinistea! Jainkoak bialdu deuskun bere Semeari harrerea egitea, ateak zabaltzea, haren besarkada maitalea hartzea…

    Ez daigun uste izan hori irabazi egin behar dogunik. Jainkoak emon egiten deusku, maite gaitulako; eskatu aurretik emon ere… Geure barruan bilatzea baino ez daukagu; bidera urtengo leuskigu bila hasi ezkero.

    Ez gaitezan, ba, okerreko bideetan ibili. Ez daigun uste izan merituak egin behar doguzala, eta hori gatxa dala. Sinistu daigun Nazareteko Jesusengan. Eta onartu ta autortu daigun —Paulok egiten dauan lez— Jainkoak ondasunez bete gaitula bere Semeagan.

    Bilatu daiguzan ondasunok geure barruan, otoitz-giroan, senideenganako eskuzabaltasunean, eta esker onean. Laster baten hasiko litzateke lanean gugan Jainkoaren Jakituria; eroango gindukez ezelango bildur eta konplexu barik senideengana, harei harrera on egitera, parkamena bideratzera, bakearen alde lan egitera, eta jasan beharrekoak jasatera, eroapenez, gogo onez.

    Bai, senideok: izurrite honen eraginez, hainbeste dagoz sufritzen; familia osoak, emakumeak, erbestetik etorriak… danentzat izan gaitezan argi eta itxaropen, Jainkoak egin deuskun erregaluari ateak zabalduz eta bere eskutik.

 

(LAGUNGARRIAK)

GABON OSTEKO II. DOMEKEA  /B

Sarrera-oharra

    Senideok: hasi barri dogu Urte Barria, eta gauza barriek emoten daben poztasunaz hurreratuko gara gaurko Liturgiara, Jainkoak geure artean izan gura dauala jakinez, eta gogoan hartuz zelango oztopoak aurkitzen dauzan gure burugogorkeriagaitik edo ingurura larregi eginda gagozela-edo aurkitzen gaitulako. Adi egongo gara haren esanetara eta irakatsietara eta adorea eskatuko dogu bere aztarnak ezagutzeko, bilatzeko eta jarraitzeko. Ondo etorri guztiok elizkizun honetara.

Sarrera-abestia

Gora, gora, gora hotsegin
Alaitasun ta txaloekin,
guztiok poztu eragin.

Agertu da Jaungoikoa,
Mariagandik sortua (bis).

Gazteok, arren, abestu:
Jaiobarria goraldu,

abots batez eupatu!
Agertu da Jaungoikoa,
Mariagandik sortua (bis).

 

DAMU OTOITZA

    Autortu daigun gure burugabekeria, geurekeria eta itxikeria Jainkoaren aurrean, bere errukiak landu gaizan eta zabaldu, gure inguruan barri on izateko

    —Jesus Jauna: Jainkoaren Hitza zarana. Erruki, Jauna.
    —Jesus Jauna: Jainkoaren betidaniko jakituria. Kristo, erruki.
    —Jesus Jauna: gure artean leku-bila zabizana. Erruki, Jauna.

Aintzarako oharra

    Belengo estalpean abesten daben Aingeruekaz alkartu daigun gure ahotsa Jainkoaren aintza izadi osoagaz batera abesteko eta gure barruak eta ingurua alaitzeko:

     —Aintza zeruan (3) Jaunari,
     eta bakea (2) lurrean gizonari (bir).

1. Handi ta eder zaitugulako gora zu!, eskerrak zuri;
zure Semea gu salbatzera bialdu dozu gugaitik.

2. Gugaitik jaio, gugaitik bizi, gugaitik, Jesus, hil zinan;
gugaitik gora, bizturik zara Jainko Aitaren argitan

 

Lehenengo irakurgaia (Si 24, 1-4.12-16)

    Jakituriaren goraltze honetan gizakiagazko Jainkoaren hurtasuna adierazten da. Sinistunak Jainkoari eskertu egiten deutso eta eskatu jakituria harengandiko hurtasun ezaugarri.

 

Erantzun salmoa: Sal 147, 12-13. 14-15. 19-20

    Bakezale dogun Jainkoaren hitza entzutera eta hari jarraitzera alkar adoretu daigun, egoera guztiei alkarregaz erantzun ahal izan deiegun.

 


Bigarren irakurgaia (Ef 1, 3-6.15-18)

    Jesukristogana hurreratzen danak harengan Jainkoaren dohaia aurkituko dau, eta Jainkoa oso-osorik emoten jakula. Zoririk ederrena, ba, Jesukristo aurkitzea dau gizakiak.

 

Ebanjelioa (Jn 1, 1-18)

    Beste ebanjelariek Jainkoa ume bihurtua iragarten deuskue; Joanek Hitza haragitua: Jainkoaren misterioan sartu gura gaitue. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.


ESKARIAK

  Jainkoak, bere maiteak gaitulako, geure artean izan gura dau, geure bizi-lagun. Agertu deioguzan gure beharrizanak eskariotan:


—Eleizearen alde: Jainko-jakituriaz jokatu daian Barri Onaren zabalkuntzan, eta ahalegindu daiten hau bazter guztietara eroaten...

—Barri Onaren barririk oraindino hartu ez daben gizaki eta herrien alde: jainko-egarriak eta haren esaneko izateak ebanjelioaren argitasunera erakarri daizan...

—Ebanjelioaren argia hartu daben arren, argitasun eta jakituria horretatik aldendu diranen alde: barriro eskuratu daien ebanjelioaren poza eta besteen aldeko ekintzetan gauzatu daien...

—Bizikera kontsumista honek baztertuta daukazan edo aurrean darabilzan ume, emakume, langabetu, etorkin, espetxeratu eta baztertuen alde: heldu dakien Barri Onaren pozean bizi garanon alkartasuna eta laguntza...

—Eliz alkarte lez sinismena ospatzen dogunok arreta handiz entzun eta geuretu daigun Jainkoaren hitza, berak eroan gaizan gure ingurukoak poztera eta hareen zerbitzari izatera...

 

† Gizakiongan zaran Jainkoa: emoiguzu zure hitzaren iturrietan edatea gure bultzatzailea zeu izan zaitezan eta ez beste grinak. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

 

Jaunartzerako

1 Gau erdian Zu zara
distira argizkoa,
isiltasun osoan
hor zure mintzoa.

R/.  Maitasun-agerpen!
      Isiltasun osoan
      Hitza gizon sortzen.

2 Urratu da mundutik
ilunpe itxia,
sortuazoz zerutik
Zuk argi barria.

 

Oharrak

 

Azkenerako abestia

1.  Zeru-lurren Errege_  /  Belenen jaio jaku.
     Haurtxoa gurtzen dagoz_/artzain eta aingeru.
     Goazen danok gurtzera_ /  dagiogun erregu:_
     Danentzat zoriona/ta ba_kea nahi dogu (bir).

2.  Gizakion ametsa_  /  len, orain eta beti,
     egiazko bakea_  /  ondasunen gainetik.
     Zatoze bake bila,_  /  Belenera etorri,_
     zabaltzeko munduan  /  guzti_ei bake hori.