2022/01/02

Jaunaren Agerkundea


Urtarrilaren 6an

(edota urtarrilaren 2tik 8ra bitarteko domekan)

 (Fray MARCOS)

JAUNARENAGERKUNDEA

A B C urteetan

Jaunaren Agerkundeko festaburua urtarrilaren 2tik 8ra bitarteko domekan ospatuko danean irakurgai honeexek aldarrikatuko dira. Domeka hori urtarrilaren 7an edota 8an gertatzen bada, Jaunaren Bateoko jaia hurrengo astelehenean ospatuko da; kasu honetan, irakurgai bakarra aldarrikatuko da Ebanjelio aurretik.

 

I. Irakurgaia 

Zure gainean agiri da Jaunaren aintza.

Isaias Profetaren liburutik

Is 60, 1-6

Jagi zaitez, Jerusalem, argitu,
badator-eta zure argia;
zure gainean agiri da Jaunaren aintza.
Begira, ilunpeak estaldu dau lurra,
gau baltzak herriak;
zure gainean, ostera, Jauna agertuko da,
haren aintza zure gainean azalduko.

Zure argira etorriko dira herriak,
zure egunsenti-distirara erregeak.
Jaso egizuz begiak zeure ingurura eta ikusi:
guztiak alkartu eta zugana datoz,
urrundik datoz zure semeak,
besoetan dakarrez zure alabak.

Hori ikustean, distiratsu jarriko zara,
bihotza zirraraz eta zabaldurik dozula,
itsasoko aberastasunak zugana etorriko dira
eta nazinoen ondasunak zuri ekarriko deutsuez.
Gamelu-taldeek estalduko zaitue,
Madiango eta Efako dromedarioek.
Sabatik datoz guztiak,
urrea eta intsentsua dakarrezala,
eta Jaunari gora eta gora dinotsoela.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 72 [71], 1-2. 7-8. 10-11. 12-13 (R/. ik. 11)


R/.
  Ahuspez agurtuko zaitue, Jauna,
        nazino guztiek.

V/.   Ene Jainko, emoiozu zeure zuzentasuna erregeari,
        zeure justizia erregearen semeari.
        Gobernatu begi zure herria justiziaz,
        zure dohakabeak zuzenbidez. R/.

V/.   Haren egunetan, loratu bedi justizia,
        ugaritu bakea, iretargia amatatu arte.
        Izan bedi nagusi itsasotik itsasoraino,
        lurraren bazter batetik besteraino. R/.

V/.   Ekarri begioez opariak
        Tarsisko eta ugarteetako erregeek,
        ordaindu zergak Sabako eta Sebako erregeek.
        Agurtu begie ahuspezturik errege guztiek,
        izan begiz menpeko nazino guztiak. R/.

V/.   Berak libratuko dau deadarka diharduan behartsua,
        nork lagundurik ez dauan dohakabea.
        Erruki izango deutse gizajo eta behartsuei,
        bizia salbatuko pobreei. R/.

 

II. Irakurgaia

Orain agertu dau Jainkoak
jentilak Kristo Jesusegaz oinordekide dirala.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 3, 2-3a. 5-6

        Senideok: Jakingo dozue, ziur, Jainkoak bere onginahian zuen onerako emon deustan eginkizuna, goi-agerpenez jakinazo deust-eta bere asmo ezkutua; salbamen-asmo hau ez jaken aurreko gizaldiei jakinazo; orain, ostera, Espirituaren bidez bere apostolu santuei eta profetei agertu deutse Jainkoak. Eta hauxe da Jainkoaren asmo ezkutua: Barri Onari esker, jentilak Kristo Jesusegaz oinordekide direla, haregaz gorputz bat bera osotzen dabela eta agintzari beraren partaide dirala.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mt 2, 2

R/.   Aleluia.

V/.   Haren izarra ikusi dogu sortaldeanÇ
       eta bera gurtzera gatoz. R/.

 

Ebanjelioa      

Erregea gurtzera gatoz sortaldetik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 2, 1-12

        Jesus Judeako Betleemen jaio zan Herodes erregearen sasoian. Aldi haretan Mago batzuk etorri ziran sortaldetik Jerusalemera, itaunka: «Non da jaiobarria dan judeguen erregea? Haren izarra ikusi dogu sortaldean, eta bera gurtzera gatoz».
        Barri honegaz larritu egin zan Herodes erregea, eta Jerusalem osoa beragaz batera. Orduan, abadeburuak eta lege-maisuak baturik, Mesias non jaiotzekoa zan itaundu eutsen. Hareek erantzun eutsoen: «Judako Betleemen, ze holan idatzi eban profetak:

         “Eta zu, Judako Betleem,
        ez zara, ez, Judako urietan txikiena;
        buruzagiak zeugandik urtengo dau-eta,
        nire herri Israelen errege izango danak”».

        Orduan Herodesek, Magoei isilka dei eginik, izarra noiz agertu jaken jakin eban zehatz. Ondoren, Betleemera bialdu zituan, esanez: «Zoaze, eta jakin arduraz umearen barri, eta, aurkitzean, esaidazue, neu be gurtzera joan naiten». Hareek, erregeari entzun ondoren, joan egin ziran.
        Eta bat-batean, sortaldean ikusitako izarra aurretik jarri jaken, umea egoan lekuaren gainean gelditu arte. Izarra ikusi ebenean, egundoko poza hartu eben.
        Etxean sarturik, umea ikusi eben, Maria bere amagaz, eta, ahuspezturik, gurtu egin eben. Ondoren, euren kutxak edegita, erregaluak eskaini eutsoezan: urrea, intsentsua eta mirra.
        Gero, Herodesengana ez bihurtzeko albistea amesetan harturik, beste bide batetik bihurtu ziran euren lurraldera.

Jaunak esana. 

 

(HITZALDIA)

ERREGEN-EPIFANIA

JAUNAREN AGERKUNDEA

 

     Senideok: Erregenak ospatzen dihardugu elizkizun honetan. Eta ezin geratu geintekez azal-azalean, egun honen esangurara sartu barik.

     Bizkorregi gabiz. Abiadura handiegia darabilgu. Hori dala-ta, sakontasunik bako bizikerea daroagu, epela, gazbakoa, inori ezer ez dinotsana, bakotxak bereari baino begiratzen ez deutsana. Eta horrek norberekeriara garoaz, alkarrengandik banantzera, bakardadera, tristurara, etsipenera…

     Izurrite edo Pandemia honi esker, egin geike gera-alditxo bat, geure barrura eta ingurura begiratzeko, Jainkoak esan leiguna entzuteko?

     Gaurko Liturgiak, gurtzen dogun Jainkoaren unibertsaltasuna azpimarratu eta ospatu gura dau. Baina ez dauz saihesten hori egitean aurkitzen dauzan oztopoak. Eta ez dira txikiak!

     Zergaitik iragarri behar dau profeteak, behin eta barriz, Jainkoa danen Jainkoa dala, herrialde guztiak dagozala, danak batera, Jainkoa gurtzera deituak?

     Gutariko bakotxak, edo herrialde bakotxak, Jainkoa pribatizatu egin dogulako: neurea, geurea da Jainkoa. Eta uste dogu bestea edo beste herrialdea menperatzen, azpian hartzen, laguntzen deuskula.

     Erbesteratze aldia amaitzean, Israelek uste ebana horixe zan: Jainkoak zigorpean hartuko ebala herri erbesteratzailea.

     Pilatok arriskuan ikusten dau bere erregetza, errege jaio-barria dala-ta. Besteok geure alde ikusi gura dogu Jainkoa gure arerioen kontra. Zenbat  holango ikusten dogun egunotan ere geure artean! Jainkoaren izenean sarraski handiak egin dira, eta oraindino dira egiten.

     Profeteak Jainkoa danena dala iragarten dau; artzainek umetxo batengan aurkitzen dabe eta zabaltzen deutsez euren bihotzak. Magoek ere beste horrenbeste egiten dabe urrundik etorrita.

     Eta besteok? Gurtzen dogun Jainkoa, Jesusengan agertzen jakun Jainkoa, gizaki eta herrialde guztien Jainko bakarra, maitalea eta errukitsua dala sinisten eta autortzen dogu, eta geure jokabideetan gauzatzen?

     Zabaltzen deutseguz ateak erbestekoei? Banantzen doguz herrialde pobretuekaz euren lepotik egindako aberastasunak? Ba dakigu alkarri entzuten, gure arteko gatazkek amaierea izan daien, parkamenean, alkar onartzean eta Jainkoaren seme-alaben bakean?

     Ea zoritxarreko Covid-19 honek guzti hau hausnartzera garoazan, gure sinismena unibertsaltasunean ulertzera, eta auzokoagan —urrunekoa bada ere— senidea ikustera, Jainkoaren aurrean ezelango bildurrik ezin euki geikelako: danok gaitu-ta seme-alaba; danok gara-ta anai-arreba.

 

(LAGUNGARRIAK)

Jaunaren Agerkundea

Sarrera-agurra

    Gabon aldiaren amaieran Jaunaren Agerkundearen jaia ospatzen dogu, senideok, Jainkoa ez dala herri batena edo aparteko gizaki batzuena, gizaki eta herrialde guztiena baino adierazteko. Jainkoak bere argitara deitzen gaitu bere seme-alaba guztiok, eta herrialde guztiak. Baina oztopoak jarten deutsaguz: nahiago doguz, antza, ilunpeak, geure grinen arabera bizi izan gura dogulako-edo.
    Jaunaren Agerkundearen jaia ospatzeak, senideok, gure ohikeria eta ameskerietatik atara gaizala, eta honek adierazten dauan unibertsaltasunean abiatuazo gaizala. Ondo etorri.

Sarrera-abestia

Agur, Maria Belengo, Jesus haurrarekin.
Agur, graziaz betea, Jauna da zurekin.

1 Jauna ta Jesus da zure sabeleko frutu;
andra guztien artean bedeinkatua zu.

2. Ama-semeak han dagoz hain apal, hain xume:
Ama, Andra Maria da, Jaungoikoa ume. R/.

 

Damu-otoitza

    Bere seme-alaba guztientzat izan gura dauan Jainkoak, eta herrialde guztien argi, geure itxikeriagaz egiten dau topo. Bere errukiak atara gaizala gure ilunpeetatik:

—Jesus Jauna, herrialde guztietan argi egiten dozuna, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, bilatzaileek eta baztertuek onartzen zaituena, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, gure ilunpeetatik argitara ekarri gura gaituzuna, erruki, Jauna.

 

Lehenengo irakurgaiari

    Arazo artean bizi izatea Jainkoaren egintzak ikusi ahal izateko oztopo izan daiteke. Jainkoak ordea, bere argitara eta bere ondasunetara erakarri gura dau bere herria, baina baita beste herrialde guztiak ere; eta bakotxa bere berezitasunean.

 

Erantzun salmoa

R/. Ahuspez gurtuko zaitue, Jauna, atzerri guztiek.

Bigarren irakurgaiari

    Paulok Jainkoaren ezkutuko asmoen barri emongo deusku: herrialde guztiak dagoz deituak haren argitasunera.

Ebanjelioari

    Mateok irudi eta apainduria ederrez emoten deusku egia handien barri. Egin deiogun harrerea ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.

 

ESKARIAK


    † Gure makaltasunen eta mugen barri izanik, guztioi bere ondasunetara dei egiten deuskun Jainkoagana jo daigun, erreguz:

 

—Elizearen alde: gizabanako guztien berezitasunak aintzat hartu daizan eta bakotxari egin deion dei Jainkoaren ondasunetara...

—Kristogan sinisten dogun guztion alde: gure ohitura eta debozinoetan itxita egon ez gaitezan, gaurko munduak luzatzen deuskuzan erronketan Jainkoagana garoazan izarra ikusi daigula baino...

—Ahalkeriak edo diru-goseak itsututa daukazanek askapen izarra ikusteko aukerea izan daien, eta haren jarraian abiatu daitezan Jainkoaren ondasunetara...

—Erasopean, gerra artean edo iheska bizi diranek burua jaso eta euren egoeratik atara leikezan Jainkoaren izarra ikusi daien eta haren argipean egin daien bidea...

—Jainkoaren argitasuna hartzen dogunok familia arrakalduen, emakume eta ume aurrean erabilien, eta edozelango preminan dagozanen laguntza eta euskarri izan gaitezan...

† Urratu eizuz gure ilunpeak, Jauna, zure seme-alaba guztiok alkar onartu eta errespetatu ahal zain daigun zeure argitasunean. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

 

Jaunartzerako abestia

1 Gau erdian Zu zara distira argizkoa,
isiltasun osoan hor zure mintzoa.

R/.  Maitasun-agerpen!
      Isiltasun osoan Hitza gizon sortzen.

2 Urratu da mundutik ilunpe itxia,
sortuazoz zerutik Zuk argi barria.

 

OHARRAK

 

OTOITZA

Gutariko bakotxari agertzen zaiakoz
eta herrialde guztiei egiten deutsezu dei
zure argitasunera abiatu gaitezan
senidetasunean bizi izateko.

Baina guk, Jauna, geure bakotxakerian,
besteak menpean jartea bilatzen dogu,
geure nagusikeria azaleratzea,
beste guztiak geure zerbitzuan jartea.

Irakatsi eiguzu, Jauna,
bakotxa bere ezbardintasunean onartzen,
egunerokoan neurritasuna bilatzen
eta gure oinok zeure argitasunerantza bideratzen…
Zeuk gura dozun Izadia eta Gizadia moldatzen.