2022/11/30

Gabonaldiko astegunak

GABONALDIKO ASTEGUNAK
AGERKUNDE AURRETIK

 

Jaunaren Agerkundeko festaburua urtarrilaren 2tik 8ra arteko Domekan ospatuko dan lekuetan, Agerkundearen ondoren, urtarrilaren 7tik 12a arteko astegunetarako jarriak dagozan irakurgaiak hartuko dira, hemen ondoren datozenak itzita.

 

Urtarrilaren 2an

I. Irakurgaia

Bego zuengan hasieratik entzun dozuen mezua.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 2, 22-28

    Seme-alaba maiteok: Nor da guzurtia Jesus Mesias dala ukatzen dauana baino? Hori da antikristoa: Aita eta Semea ukatzen dituana. Semea ukatzen dauanak Aita be ukatzen dau; Semea autortzen dauanak Aita be autortzen dau.
    Zuei dagokizuenez, bego zuengan hasieratik entzun dozuen mezua. Hasieratik entzun dozuena zuengan badago, zuek be Semeagan eta Aitagan egongo zarie. Eta hau da Kristok egin euskun agintzaria: betiko bizia.
    Engainatu nahi zaituenei buruz idatzi deutsuet hau. Baina zeuei dagokizuenez, Jainkoagandik hartu dozuen Espirituak zuengan irauten dau eta ez dozue inork irakatsi beharrik. Beraz, haren Espirituak dana irakasten deutsuen ezkero –eta irakaspen hori egiazkoa da, ez guzurrezkoa–, zagoze Kristogan, harek irakatsi deutsuenez.
    Bai, ene seme-alabok, zagoze harengan, ha agertuko danean, konfiantza osoa izan dagigun eta, etorriko danean, lotsaturik, harengandik urrun gelditu ez gaitezan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4 (R/. 3a)

R/.   Ikusi dabe lur-muga danek
        gure Jainkoagandiko garaipena.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
        egintza harrigarriak egin ditu-eta;
        garaipena emon deutso bere eskumak,
        bere beso santuak. R/.

V/.   Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
        bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
        Ez da ahaztu bere maitasunaz,
       
Israel herriari deutson leialtasunaz. R/.

V/.   Munduko bazter guztiek ikusi dabe
        gure Jainkoaren garaipena.
        Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,
        egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.

 

Aleluia

Heb 1, 1-2

R/.   Aleluia.

V/.   Askotan eta era askotara hitz egin eutsen antxina
        Jainkoak profeten bidez gure asabei;
        azkenak diran egun honeetan, barriz,
        bere Semearen bidez hitz egin deusku. R/.

 

Ebanjelioa

Nire ondoren dator
niri aurrea hartu deustana.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 1, 19-28

    Hau da Joan Bateatzaileak egin eban autormena, judeguek Jerusalemdik abadeak eta levitarrak bialdu eutsoezanean bera nor zan itauntzera.
    Joanek argi eta garbi autortu eban: «Ni ez naz Mesias». Hareek itaundu eutsoen: «Nor zara, bada? Elias ete zara?» Joanek erantzun: «Ez». Hareek, orduan: «Etortzekoa dan profeta ete zara?» Eta harek: «Ez». Orduan, esan eutsoen: «Nor zara, bada? Bialdu gaituenei erantzuna emon behar deutsegu. Zer dinozu zeure buruaz?»
   
Joanek, orduan: «Ni, basamortuan oihuka diharduanaren ahotsa naz: “Zuzendu bidea Jaunarentzat”, Isaias profetak esan eban lez».
    Bialdutakoen artean batzuk fariseuak ziran, eta itaundu eutsoen: «Zergaitik bateatzen dozu, bada, ez bazara Mesias, ez Elias, ez etortzekoa dan profeta?»
    Joanek erantzun eutsen: «Nik urez bateatzen dot. Badozue zeuon artean, ostera, ezagutzen ez dozuen bat, nire ondoren datorrena; eta ni ez naz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko be».
    Hau guztiau Betanian gertatu zan, Jordan ibaiaz bestaldean, ibili be, bertan ebilen Joan bateatzen-eta.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Badirudi Bateatzaileak desagertzera doan erlijioari eutsi-guran diharduala, eta adore handiz.

Orduko agintariak harrituta daukaz haren jardunak, eta kontuak eskatzen deutsoez.

Bateatzaileak emoten dauan testigantza, egiten dauan autorkuntza, badirudi lehen gizaldiaren azkenetako kristau taldeetan uste zana dala. Ahalegin handia egiten da Jesus Nazaretarra Bateatzailearen gainetik jarteko, baina hari bere garrantzia txikiagotu barik.

Hausnartzekoa dogu, ba, agintarien jarrerea, ortodoxiarena; oraindino dauken izen ona galtzeko arriskua somatzea; eta baita lehenengo kristauek euren arazoak izatea aurreko tradizinoagaz apurtzeko.

Joan Ebanjelariak bide ziurra emoten deusku arazo honeen aurrean. Merezi dau Jesu Kristo aukeratzeak; harengan sinisteak, eta ha Mesias lez hartzeak, Jainkoak bialdua lez.

Sinismen horrexek salbatzen gaitu. Eta salbazinoaren ezaugarria sen idea maitatzea da. Horixe da Jainkoak gugan eragiten dauana.

Alde batera bota daiguzan, ba, betekizunak, eta hartu daigun suzko eta Espirituzko Bateoa.

 

 

Urtarrilaren 3an

I. Irakurgaia

Harengan dagoanak ez dau pekaturik egiten.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 2, 29—3, 6

    Seme-alaba maiteok: Jainkoa zuzena dana badakizue, jakizue zuzentasuna egiten dauana be harengandik jaioa dala.
     Begira zenbaterainoko maitasuna agertu deuskun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena daroagu-eta, baita izana be. Hona zergaitik munduak ez gaituan ezagutzen: Aita be ezagutu ez ebalako. Ene maiteok, orain Jainkoaren seme-alaba gara; gero izango garana oraindino ez da agertu. Badakigu, Kristo agertuko danean, haren antzeko izango garala, dan lakoa ikusiko dogu-eta.
    Harengan itxaropen hau daben guztiek garbitu egiten dabe euren burua, ha garbia dan lez. Pekatu egiten dauanak gaiztakeria egiten dau, pekatua gaiztakeria da-eta. Badakizue, pekatuak kentzeko agertu zala Kristo, baina harengan ez da pekaturik. Harengan dagoanak ez dau pekaturik egiten; pekatu egiten dauanak ez dau ha ikusi, ezta ezagutu be.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 98 [97], 1. 3cd-4. 5-6 (R/. 3a)

R/.   Ikusi dabe lur-muga danek
        gure Jainkoagandiko garaipena.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
        egintza harrigarriak egin ditu-eta:
        garaipena emon deutso bere eskumak,
        bere beso santuak. R/.

V/.   Munduko bazter guztiek ikusi dabe
        gure Jainkoaren garaipena.
        Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,
        egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.

V/.   Ospatu Jauna zitaraz,
        zitaraz eta kantu-hotsez,
        turutaz eta adar-hotsez;
        egin irrintzi errege dan Jaunari. R/.

 

Aleluia

Jn 1, 14a. 12a

R/.   Aleluia.

V/.   Hitza haragi egin zan
        eta geure artean jarri eban bizilekua.
        Onartu eben guztiei
        Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena emon eutsen. R/.

 

Ebanjelioa

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 1, 29-34

    Hurrengo egunean, ikusi eban Joan Bateatzaileak Jesus beragana etortzen eta esan eban: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, hona munduko pekatua kentzen dauana. Beronegaitik esan neban nik: “Badator nire ostean gizon bat, niri aurrea hartu deustana, ze, ni baino lehenagotik bazan”. Neuk be ez neban ezagutzen; baina ni urez bateatzera etorri banaz, bera Israeli agertuazoteko etorri naz».
    Eta autormen hau egin eban Joanek: «Espiritua ikusi dot uso-irudian zerutik jaisten, eta haren gainean gelditzen. Neuk be ez neban ezagutzen; baina urez bateatzera bialdu ninduanak esan eustan: “Espiritua jaisten eta gainean gelditzen jakola ikusten dozuna, haxe da Espiritu Santuaz bateatzen dauana”. Neuk ikusi dot eta autortzen hauxe dala Jainkoaren Semea».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Zer azpimarratu geike gaurko irakurgaietan? Berba baten esateko autorkuntza.

Joan ebanjelariak, bere gutunean (I. irakurgaia) bere kristau taldeak Jesusez uste dauanaren barri emoten deusku, eta, ebanjelioan, Bateatzailea jarten dau beronen autorkuntza egiten.

Joan Ebanjelariak ez dau deskribatzen Jesusen bateoa, baina bai hurreratzen gaitula haretara bere erara: Joan Bateatzailearen autorkuntza emoten deusku, eta argi itzi gura dau bien arteko (Bateatzailearen eta Nazareteko Jesusen arteko) aldea, bateoen ezbardintasuna eta Jesusen nagusitasuna.

Joanen bateoa damurako eta pekatuen autormenerako deia bada, Jesusen bateoa bizi barritzeko bateoa da, giza barritzekoa.

Esan geike, ba, Pazko osteko garaietan jarten gaitula. Eta horixe garatzen dau gutunean: Jainkoak seme-alaba gaitu, eta une honetan ez bada ere, egun baten oso-osoan agertuko da gugan seme-alabatasun hori.

Guri dagokiguna, ba, Jainkoaren seme-alaba lez bizi izatea da, eta holantxe alkar maitatzea Jainkoaren guganako maitasuna geure artean gauzatuz.


 


Urtarrilaren 4an

I. Irakurgaia

Jainkoagandik jaio danak ez dau pekaturik egiten.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 3, 7-10

    Ene seme-alabok: Ez zagiezala inork engainatu. Zuzentasuna egiten dauana da zuzena, Jainkoa zuzena dan lez. Pekatu egiten dauana deabruarena da, deabruak hasieratik egiten dau-eta pekatu. Horretarako, hain zuzen, agertu zan Jainkoaren Semea: deabruaren lanak desegiteko.
    Jainkoagandik jaio danak ez dau pekaturik egiten, Jainkoaren haziak beragan irauten dau-eta; holakoak ezin leike pekaturik egin, Jainkoagandik jaioa da-eta. Honetan agertzen da zeintzuk diran Jainkoaren seme-alabak eta zeintzuk deabruarenak: zuzentasuna egiten ez dauana ez da Jainkoarena, eta bere senidea maite ez dauana be ez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 98 [97], 1. 7-8. 9 (R/. 3a)

R/.   Ikusi dabe lur-muga danek
        gure Jainkoagandiko garaipena.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
        egintza harrigarriak egin ditu-eta;
        garaipena emon deutso bere eskumak,
        bere beso santuak. R/.

V/.   Egin begi orro itsasoak eta bertako guztiak,
        munduak eta bertan bizi diranek.
        Egin begie txalo ibaiek,
        poz-oihu aho batez mendiek. R/.

V/.   Jaunaren aurrean,
        badator-eta lurra epaitzera.
        Justiziaz epaituko dau mundua,
        eta zuzenbidez herriak. R/.

 

Aleluia

Heb 1, 1-2

R/.   Aleluia.

V/.   Askotan eta era askotara hitz egin eutsen antxina
        Jainkoak profeten bidez gure asabei;
        azkenak diran egun honeetan, barriz,
        bere Semearen bidez hitz egin deusku. R/.

 

Ebanjelioa

Mesias aurkitu dogu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 1, 35-42

    Aldi haretan, han egoan Joan Bateatzailea bere ikasle bigaz. Jesus bertatik igarotzen ikusirik, esan eutsen: «Horra hor Jainkoaren Bildotsa». Ikasle biek, hori entzunda, Jesusi jarraitu eutsoen. Bihurtu zan Jesus eta, jarraitzen eutsoela ikusirik, esan eutsen: «Zeren bila zabiltze?» Hareek erantzun: «Rabbi, non bizi zara?» (Rabbik «Maisu» esan gura dau). Jesusek esan eutsen: «Zatoze eta ikusiko dozue». Joan ziran, ikusi eben non bizi zan, eta beragaz gelditu ziran egun haretan. Arratsaldeko laurak inguru zan.
    Joani entzun eta Jesusi jarraitu eutsoen bietariko bat Andres zan, Simon Pedroren anaia. Andresek bere anaia Simonegaz egin eban topez lehenengo, eta esan eutson: «Mesias aurkitu dogu». (Mesias hitzak «Kristo» esan gura dau, hau da, «Gantzutua»). Eta Jesusengana eroan eban. Jesusek, begira-begira jarriz, esan eutson: «Simon zara zu, Joanen semea; aurrerantzean “Kefas” izango da zure izena» (Kefas izenak «Pedro» esan gura dau, hau da, «Hatxa»).

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Sinoptikoek ez lez emoten deusku Joanek ezagutzera bere kontakizunean lehenengo ikasleen aukeraketea.

Hareetan, Jesusek dei egiten deutse euren lanetan ziharduela. Hemen, Bateatzailea bitarteko, eurak dira bila dabizen hori Jesusengan aurkitzeko asmotan diharduenak.

Kontakizun biribildu honetan ikasleen galderea azpimarratu geike: Non bizi zara?

Ez deutsoe galdetzen zuzenbide bat. Bizikereaz galdetzen deutsoe: ze eratara, ze ingurutan, ze lehentasunez…

Jesus beste dimentsino baten bizi dala dirudi. Dimentsino horretan ez da sartzen jakintzaz, bizikizunez baino. Eurek ere Jesusen dimentsinora sartu behar dabe, bizikizun berbera izateko.

Eta zein gozoa! Luzatu barik emongo deutso ezagutzera Anderrek bere anaia Zefasi, bila dabizena Jesusengan aurkitu dabela esateko. Eta beronek ez bada ere, Jesusek berak emongo dau urratsa: Zu Pedro izango zara aurrerantzean.

Jesusegaz topo egiten dauana aldatu egiten da, barritu egiten da, apostolu bihurtzen da; Jesusen barri emotera abiatzen da. Eta hori bere bizikizunetik egiten dau.

Zergaitik ete da hain motela eta antzua gure apostolutza? Teknika eta jakintza asko eta bizikizun gitxiegi ez ete darabilgu?

Eta Jesus ez da sartzen, ba, burutapenetatik, bizikizunetik baino…

 

 


Urtarrilaren 5ean

I. Irakurgaia

Heriotzatik bizira aldatu gara
senideak maite doguzalako.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 3, 11-21

    Seme-alaba maiteok: Hau da hasieratik entzun zenduen mezua: maitatu dagigula alkar, ez Kainek lez, Gaiztoarena zalako anaia hil eban-eta. Eta zergaitik hil eban? Haren egintzak gaiztoak ziralako; anaiarenak, barriz, zuzenak.
    Ez harritu, senideok, munduak gorroto badeutsue. Guk badakigu heriotzatik bizira aldatu garana, eta hori, senideak maite doguzalako. Maite ez dauanak heriotzan jarraitzen dau. Bere senidea gorroto dauana giza hiltzaile da, eta badakizue giza hiltzaileak ez dauala beragan betiko bizia.
    Honetan ezagutu dogu zer dan maitasuna: Kristok bere bizia gure alde emotean. Guk be geure bizia emon behar dogu senideen alde. Norbaitek lurreko ondasunak izan eta, senidea beharrizanean ikusirik, bihotza ixten badeutso, zelan iraungo dau harengan Jainkoaren maitasunak? Ene seme-alabok, ez dagigula hitzez eta ahoz maitatu, egitez eta egiaz baino.
    Holan jakingo dogu egiarenak garala, eta nasaituko dogu geure barrua Jainkoaren aurrean; gure barruak errudun garala esaten badeusku be, gure barrua baino handiagoa da Jainkoa, eta dana ezagutzen dau. Ene maiteok, barruak errudun garala esaten ez badeusku, uste osoa dogu Jainkoagan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 100 [99], 2. 3. 4. 5 (R/. 2a)

R/.   Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari.

V/.   Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
        zerbidu egizue Jauna pozaren pozez,
        sartu zaiteze oihu alaiz haren aurrera. R/.

V/.   Jakizue Jauna dala Jainkoa,
        harek egin gaitu, harenak gara,
        haren herri eta haren larreko artalde. R/.

V/.   Sartu haren tenpluko ateetatik eskerrak emonez,
        haren atarietan gorazarreak abestuz.
        Emon eskerrak, bedeinkatu haren izena. R/.

V/.    «Ona da-eta Jauna,
        haren maitasuna betikoa,
        haren leialtasuna gizaldiz gizaldikoa». R/.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Argitu dau egun santua;
        zatoze, herriok; gurtu egizue Jauna;
        argi handia jaitsi da gaur lurrera. R/.

 

Ebanjelioa

Zu Jainkoaren Semea zara;
Zu Israelgo erregea zara.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 1, 43-51

    Aldi haretan, Jesusek Galilea aldera joan gura eban. Felipe aurkitu eban, eta esan eutson: «Jarraitu Neuri». Felipe Betsaidakoa zan, Andresen eta Pedroren herrikoa.
    Felipek Natanael aurkitu eban, eta esan eutson: «Moisesek legearen liburuan eta profetek euren idazkietan aitatu ebena aurkitu dogu: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa». Natanaelek esan eutson: «Nazaretetik urten leike ezerk onik?» Felipek erantzun: «Erdu eta ikusi».
    Jesusek Natanael beragana etortzen ikusi eta esan eban: «Hona hemen benetako israeldarra, faltsukeriarik bakoa». Natanaelek esan eutson: «Nondik ezagutzen nozu?» Jesusek erantzun: «Felipek zuri dei egin baino lehen, ikopean zinala, ikusi izan zindudazan».
    Natanaelek erantzun eutson: «Maisu, Zu Jainkoaren Semea zara; Zu Israelgo erregea zara». Jesusek erantzun: «Ikopean ikusi zindudazala esan deutsudalako, sinisten dozu? Handiagorik be ikusiko dozu». Eta esan eutson, gainera: «Bene-benetan dinotsuet: Zerua zabalik ikusiko dozue eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gainean».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen ikasle izango diranen aukeraketeaz jarraitzen dau Joan ebanjelariak. Berea, Sinoptikoen antzekoa ez izanik, bere asmakizunetakoa dala emoten dau. Zeozer esan gura deusku, ba, Joanek hau bitarteko.

Jesusenganatzeko erak eta erak dagoz; ez da beti bardin jazoten. Baina bai agertzen dirala bitartekariak edo aukeratuak izango diranen bilatze-egarria.

Ez dau edonork aurkituko Jesus; baina bai aurkituko dauala bila dabilanak. Jesusek aurrera urtengo deutso eta aintzat hartuko dau haren bilaketea. Baina baita aurkitzearen poza eta gorakadea bere neurrira jatsiazoko ere.

Jesusengan ez dabe aurkituko eurek uste dabena. Haren ondoan eta haregazko bizikidetzan ikasi behar izango dabe Jesus nor dan eta eurek zer diran edo Jesusek eurengandik zer itxaroten dauan.

Geure egoeran ere gauza bera esan geike: esan jakunetik eta ikasi dogunetik ez gara Jesusez jabetuko. Haren ondoan eta haregazko bizikidetzaz ikasi behar izango dogu ha nor dan, eta harek gutaz zer gura dauan.

Orduan ezagutuko dogu Salbatzaile.

 


Urtarrilaren 6an

Jaunaren Agerkundea edo Epifania urtarrilaren 7an edota 8an gertatzen dan domekan ospatuko dan lekuetan.

 

I. Irakurgaia

Espiritua, ura eta odola.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 5, 5-13

    Seme-alaba maiteok: Zein da mundua garaitzen dauana, Jesus Jainkoaren Semea dala sinisten dauana baino?
    Hau da bateoko uraz eta heriotzako odolaz etorri zana, Jesu Kristo; ez uraz bakarrik, uraz eta odolaz baino. Eta Espiritua da honetaz autormen egiten dauana, Espiritua egia da-eta. Honan, bada, hiru dira autormen egiten dabenak: Espiritua, ura eta odola, eta hirurak bat datoz.
    Gizakien autormena ontzat emoten badogu, balio handiagokoa da Jainkoaren autormena, eta Jainkoak bere Semeaz egiten dau autormen. Jainkoaren Semeagan sinisten dauanak beragan dau Jainkoaren autormena; Jainkoari sinisten ez deutsonak, barriz, guzurti egiten dau ha, ez daualako sinistu Jainkoak bere Semeaz egin dauan autormena.
    Hauxe da autormena: Jainkoak betiko bizia emon deuskula, eta bizi hori haren Semeagan dagoala. Semea dauanak badau bizia; Jainkoaren Semea ez dauanak ez dau bizirik.
    Zuei idatzi deutsuedaz gauza honeek, Jainkoaren Semearen izenean sinisten dozuenoi, betiko bizia dozuela jakin dagizuen.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 147, 12-13. 14-15. 19-20 (R/. 12a)

R/.   Jerusalem, ospatu egizu Jauna!

        Edo: Aleluia.

V/.   Jerusalem, ospatu egizu Jauna,
        Sion, goratu zeure Jainkoa,
        zure ateen sarrailak indartu ditu-eta
        eta seme-alabak zugan bedeinkatu. R/.

V/.   Zure mugetan bakea ezarri dau,
        garirik onenaz ase zaitu.
        Bialtzen dau lurrera bere mezua,
        eta haren hitza bizkor eta arin doa. R/.

V/.   Bere hitza iragarri deutso Jakoben herriari,
        bere erabagiak eta aginduak Israeli.
        Beste herriei ez deutse holakorik egin,
        bere erabagirik ez deutse jakinazo. R/.

 

Aleluia

Ik. Mk 9, 7

R/.   Aleluia.

V/.   Zabaldu zan zerua eta Aitaren ahotsa entzun zan:
        Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue. R/.

 

Ebanjelioa

Zeu zara nire Semea, nire maitea.
Zeu zaitut atsegin.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 1, 7-11

    Aldi haretan, honan iragartzen eban Joan Bateatzaileak: «Nire ondorik dator ni baino ahaltsuagoa dana, eta ni ez naz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko be. Nik urez bateatu zaituet; harek, barriz, Espiritu Santuaz bateatuko zaitue».
    Egun hareetan, Galileako Nazaretetik etorri zan Jesus, eta Joanek Jordan ibaian bateatu eban. Eta behingoan, uretatik urteterakoan, zerua urratzen ikusi eban Jesusek, eta Espiritu Santua uso-irudian bere gainera jaisten. Eta ahots hau etorri zan zerutik: «Zeu zara nire Semea, nire maitea; Zeu zaitut atsegin».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Hiru Sinoptikoek aitatzen dabe jazoera hau, eta Joan ebanjelariak jakintzat emoten dau harengana usoa jatsi zan dino-eta. Ezin geike, ba, Jesusek Bateatzailearen eskutik bateoa hartu ebana ukatu.

Gainera, lehen ikasle eta kristauei gatx eta gogor egiten izan jake jazoera hau onartzea; baina ez dabe saihesten. Haren barri emoten deuskue.

Hori bai: argi itzi nahi izango dabe Jesusen nagusitasuna. Horraxe dator Joan Bateatzailearen autorkuntza, eta harek Espiritu santuaz bateatuko zaitue esatea.

Aintzat hartzen badogu, ba, Jesus bateatua izan zala, haren gizatasunaz egingo dogu topo lehenengo ta behin: Jesus benetako gizona da, onartzea gatx egiten bajaku ere (dogmatzat daukagu, zeozergaitik).

Eta Joanen bateoan aparteko goitiko indarra hartuko dau bere eginkizuna bete ahal izan daian.

Zergaitik ez ete da guretzat Jesusen bateoa hain eraginkorra? Zelan egin geike eraginkorragoa gugan umetan hartu gendun bateoa?

Jesusek eskuzabal onartu eban Aitak agintzen eutson eginkizuna bete ahal izateko Espiritu santua. Zelan jarri geintekez gu haren esanetara eta Espirituari harrera on egin?

 

 Edo:

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Adamen seme eta Jainkoaren seme
Jesu Kristoren jatorria.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 3, 23-38

    Aldi haretan, Jesusek hogeita hamarren bat urte ebazan bere egitekoari ekin eutsonean, eta jentearen ustetan Joseren semea zan; Jose, barriz, Elirena hau Matatena, hau Lebirena, hau Melkirena, hau Janairena, hau Joserena,hau Matatiasena, hau Amosena, hau Nahumena, hau Heslirena, hau Nagairena, hau Maatena, hau Matatiasena, hau Semeinena, hau Josekena, hau Jodarena, hau Joananena, hau Resarena, hau Zorobabelena, hau Salatielena, hau Nerirena, hau Melkirena, hau Adirena, hau Kosamena, hau Elmadamena, hau Errena, hau Jesusena, hau Eliezerrena, hau Jorimena, hau Matatena, hau Lebirena, hau Simeonena, hau Judarena, hau Joserena, hau Jonamena, hau Eliakimena, hau Melearena, hau Menarena, hau Matatarena, hau Natanena, hau Davidena, hau Jeserena, hau Jobedena, hau Boozena, hau Salarena, hau Naasonena, hau Aminadabena, hau Adminena, hau Arnirena, hau Esromena, hau Faresena, hau Judarena, hau Jakobena, hau Isaakena, hau Abrahamena, hau Tararena, hau Nahorrena, hau Serugena, hau Ragaurena, hau Falekena, hau Eberrena, hau Salarena, hau Kainamena, hau Arfaksadena, hau Semena, hau Noerena, hau Lamekena, hau Matusalemena, hau Henokena, hau Jaretena, hau Maleleelena, hau Kainamena, hau Enosena, hau Setena, hau Adamena, eta hau Jainkoarena.

Jaunak esana.

 

          Ebanjelioa era laburrean.

Adamen seme eta Jainkoaren seme
Jesu Kristoren jatorria.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 3, 23. 31-34. 36. 38

    Aldi haretan, Jesusek hogeita hamarren bat urte ebazan bere egitekoari ekin eutsonean, eta Joseren semea zala uste eban jenteak; Jose, barriz, Elirena, hau Melearena, hau Menarena, hau Matatarena, hau Natanena, hau Davidena hau Jeserena, hau Jobedena, hau Boozena, hau Salarena, hau Naasonena, hau Aminadabena, hau Adminena, hau Arnirena, hau Esromena, hau Faresena, hau Judarena,hau Jakobena, hau Isaakena, hau Abrahamena, hau Tararena, hau Nahorrena, hau Kainamena, hau Arfaksadena, hau Semena, hau Noerena, hau Lamekena, hau Enosena, hau Setena, hau Adamena, eta hau Jainkoarena.

Jaunak esana.

 


Urtarrilaren 7an

Jaunaren Agerkundea edo Epifania urtarrilaren 8an gertatzen dan domekan ospatuko dan lekuetan.

 

I. Irakurgaia

Eskatzen deutsagun guztia entzuten deusku.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 5, 14-21

    Seme-alaba maiteok: Hau da Jainkoagan dogun uste ona: haren nahiaren araberako zeozer eskatzen badogu, entzuten deuskula. Eta, eskatzen deutsagun guztia entzuten deuskula jakinik, badakigu eskatu deutsaguna lortu dogula.
    Norbaitek ikusten badau bere senideak heriotzara ez daroan pekatua egin dauala, egin begi otoitz, eta Jainkoak bizia emongo deutso. Heriotzara ez daroan pekatua egin dabenei buruz dinot hau; izan be, bada heriotzara daroan pekaturik, eta ez dot esaten horren alde otoitz egiteko. Bidebakokeria guztiak pekatu dira; baina bada heriotzara ez daroan pekaturik.
    Badakigu Jainkoagandik jaio danak ez dauana pekaturik egiten, Jainkoaren Semeak zaintzen daualako, eta Gaiztoak ez dau ikutu be egiten. Badakigu Jainkoarenak garala eta mundu guztia Gaiztoaren menpean dagoana.
    Badakigu Jainkoaren Semea etorri dana, eta adimena emon deuskuna, egiazko Jainkoa ezagutzeko. Gu egiazko Jainkoagan gagoz, haren Seme Jesu Kristogan gagozala. Hau da egiazko Jainkoa eta betiko bizia.
    Ene seme-alabok, kontuz sasijainkoekin!

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 149, 1-2. 3-4. 5-6a eta 9a (R/. 4a)

R/.   Maite dau Jaunak bere herria.

        Edo: Aleluia.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
        kanta haren gorespena fededunen batzarrean.
        Poztu bedi Israel bere Egileaz,
        alaitu siondarrak euren Erregeaz. R/.

V/.   Goratu begie haren izena dantza eginez,
        jo begie harentzat danbolina eta zitara.
        Maite dau-eta Jaunak bere herria,
        garaipenez jantziko ditu umilak. R/.

V/.   Alaitu beitez fededunak Jainko ospetsuaz,
        egin begie pozez oihu euren etzunlekuetan.
        Bego Jainkoaren gorapena hareen eztarrian;
        ohorea da haren fededun guztientzat. R/.

 

Aleluia

Lk 7, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Profeta handia sortu da gure artean,
        eta Jainkoa bere herria salbatzera etorri da. R/.

 

Ebanjelioa

Galileako Kanan egin eban Jesusek
bere lehen-ezaugarria.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 2, 1-11

    Aldi haretan, ezteguak izan ziran Galileako Kanan, eta bertan zan Jesusen ama. Jesus eta beronen ikasleak be ezteguetara konbidatu zituen. Ardaoa amaitu egin zan, eta amak esan eutson Jesusi: «Ez daukie ardaorik». Jesusek erantzun eutson: «Itzi nagizu bakean, emakume. Nire ordua ez da oraindino etorri». Jesusen amak esan eutsen morroiei: «Egizue esango deutsuena».
    Harrizko sei ontzi egozan han, judeguek euren garbikuntzetarako erabiltzen ebezanak, bakotxa ehun bat litrokoa. Jesusek esan eutsen morroiei: «Bete ontziak urez». Eta hareek bete-bete egin zituen. Jesusek barriro: «Atara orain, eta eroan mahaizainari». Eta hareek eroan egin eutsoen.
    Dastatu eban mahaizainak ura ardao bihurtua, nongoa zan jakin barik (morroiek, bai, baekien, ze, eurek atara eben ura); orduan, ezkonbarriari deitu eta esan eutson: «Ardao ona hasieran ataratzen dabe guztiek eta, jentea edanda dagoanean, txarragoa. Zuk, barriz, orain arte gorde dozu ardao ona».
    Galileako Kanan egin eban Jesusek bere lehen-ezaugarri hau; holan, bere aintza azaldu eban, eta sinistu egin eben harengan ikasleek.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Eztegu batera baino gehiagotara izango zan deitua Jesus, eta hainbat jazoera izango ziran euretan. Baina hemen agertzen jakunak kontakizun itxura dauka, hainbat ezaugarriz honidua eta biribildua dago, eta danen esangurea hartzea litzateke ederrena.

Ezkontza Jainkoaren eta bere herriaren arteko hartu-emonen ezaugarri da Itun Zaharrean. Horreen egoerara eroan gura gaitu, ba, pasarte honek.

Maria da deitua… Itun Zaharrekoa da. Jesusek eta ikasleek barritasuna eroango dabe.

Ez deutso "seme" izenik emoten, ez "ama" izenik". Ez dagoz, ba, ama-semeak lez, ezaugarri lez baino.

Ardaoa Jainkoaren eta bere herriaren arteko maitasunaren ezaugarri da. Ez dago, ba, maitasunik.

Garbikuntzetarako ontziak 6 dira, eta harrizkoak, eta hutsik dagoz… Judeguen 6 jai nagusien ezaugarri (7.a Pazkoa izango da). Harrizkoak izateak Moisesen Lege Taulak dakarkuz gogora; eta hutsik dagoz: ezin dabe ezer garbitu eta bizibarritu.

Egin dau Lege Zaharrarenak! Mariak konpondu egin gura dau. Ezinezkoa da: oraindino ez da heldu ordua: kurutzeko aintza. Ha aitatuz egingo dau bere ekarpena Jesusek.

Baina ez da izango Itun Zaharrean, handik kanpo baino: ontzietan ura egongo da, baina kanpoan ardaoa izango da…

Joanek bere ebanjelioan zehar esango deuskuna aurkezten deusku, ba, pasarte honetan. Ez gaitu gizaki egiten Legeak, erritoek eta betekizunek ez ezelango garbikuntzek. Jesusek bizibarritu geinkez eta giza barritu, beste inork ez ezerk ere ez.

 

 

GABONALDIKO ASTEGUNAK
AGERKUNDE ONDOREN

Jaunaren Agerkundeko festaburua urtarrilaren 2tik 8ra bitarteko domekan ospatuko danean, Agerkunde ondorengo astegunetan, urtarrilaren 7tik 12ra arteko astegunetarako jarritadagozan irakurgaiak aldarrikatuko dira, hurrengo zapatura arte.
          Jaunaren Agerkundeko festaburua urtarrilaren 6an ospatuko danean, ondorengo domekan Jaunaren Bateoa ospatuko da, eta hurrengo astelehenean Urtean Zeharreko liturgialdia hasiko da (ik. Irakurgaiak, II. lib., 3. or.), urtarrilaren 7tik 12ra bitarterako jarrita dagozan irakurgaietako batzuk aldarrikatu barik itzi behar badira ere.

 

Urtarrilaren 7an

(edo Agerkunde-domekaren ondorengo astelehenean)

 

I. Irakurgaia

Aztertu
espiritua Jainkoagandik datorren ala ez.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 3, 22b—4, 6

    Seme-alaba maiteok: Eskatu ahala guztia hartzen dogu Jainkoagandik, haren aginduak betetzen doguzalako eta hari atsegin jakona egiten.
    Eta hau da haren agindua: haren Seme Jesu Kristoren izenean sinistu eta alkar maitatu dagigula, harek agindu euskun lez. Haren aginduak betetzen dituana Jainkoagan dago eta Jainkoa harengan. Honan dakigu gugaz dagoala: emon deuskun Espirituaren bidez.
    Ene maiteok, ez sinistu espiritua ei dauan edozeini; aztertu lehenengo Jainkoagandik datorren ala ez, sasiprofeta asko agertu da-eta munduan. Honan jakingo dozue norbaitek Jainkoaren Espiritua dauan ala ez: Jesu Kristo egiazko gizon egin dala autortzen dauanak Jainkoaren Espiritua dauka. Baina Jesus autortzen ez dauanak ez dauka Jainkoaren Espiritua, antikristoarena baino. Entzuna dozue hau etortzekoa dala; hara, bada, munduan da honezkero.
    Zuek, ene seme-alabok, Jainkoarenak zarie, eta garaitu dozuez sasiprofeta horreek, zuengan dagoana munduan dagoana baino handiagoa da-eta. Hareek mundukoak dira; horregaitik, munduaren arabera hitz egiten dabe, eta mundukoek entzun egiten deutsie. Gu, barriz, Jainkoarenak gara, eta Jainkoa ezagutzen dauanak entzuten deusku. Jainkoarena ez danak ez deusku entzuten. Honetatik jakin geinke nork dauan egiaren espiritua eta nork guzurrarena.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 2, 7-8. 10-11 (R/. 8a)

R/.   Nazinoak emongo deutsudaz ondare.

V/.   Jaunaren erabagia iragarriko dot;
berak esan deust: «Nire seme zara zu;
Neuk zaitut gaur sortu.
Eskatu Niri, eta nazinoak emongo deutsudaz ondare,
lur osoaren jaube zaitut egingo». R/.

V/.   Holan, bada, egin gogoeta, erregeok,
ikasi behingoz, munduko buruzagiok.
Zerbidu egizue Jauna begirunez,
egiozue agur ahuspez eta ikaraz. R/.

 

Aleluia

Ik. Mt 4, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Erreinuari buruzko Barri Ona iragartzen eban Jesusek
        eta herrian gatx guztiak osatzen ebazan. R/.

Gabonaldian Agerkunde ondorengo astegun bakotxerako jarrita dagoan aleluia-txatalaren ordez, beste bat hartu daiteke 205. or. an datozenetatik.

Ebanjelioa

Hurrean da zeruetako erreinua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 4, 12-17. 23-25

    Egun hareetan, Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebela jakin ebanean, Galileara baztertu zan Jesus. Baina, Nazaret itzirik, itsasbazterrean dagoan Kafarnaumen jarri zan bizitzen, Zabulonen eta Neftaliren lurraldean. Holan bete zan Isaias profetak esana:

 «Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea,
itsasbidea, Jordanez beste aldean, jentilen Galilea.
Ilunpean bizi zan herriak argi handia ikusi eban;
herio-ilunpean bizi ziranei distira egin eutsen argiak».

    Ordutik hasi zan Jesus iragartzen: «Bihotz-barritu zaiteze, hurrean da-eta zeruetako erreinua».

    Galilea osoan zehar ebilen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuaren gaineko Barri Ona iragartzen eta herrian gatx eta gaixotasun guztiak osatzen. Siria guztian zabaldu zan haren izena. Edozein gatx eta oinazek jotakoak eroaten eutsoezan: deabrudun, epileptiko nahiz elbarri, eta harek osatu egiten zituan. Eta Galilea, Dekapolis, Jerusalem, Judea eta Jordanez beste aldetik etorritako jentetza handiak jarraitzen eutson.

Jaunak esana.

 

 

Urtarrilaren 8an

(edo Agerkunde-domekaren ondorengo martitzenean)

 

I. Irakurgaia

Jainkoa maitasuna da.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 4, 7-10

    Seme-alaba maiteok: Maitatu dagigun alkar, maitasuna Jainkoagandik datorrelako, eta maite dauan guztia Jainkoagandik jaioa da eta ezagutzen dau Jainkoa. Maite ez dauanak ez dau ezagutzen Jainkoa, Jainkoa maitasuna da-eta.
    Jainkoak deuskun maitasuna honetan agertu zan: Jainkoak bere Seme bakarra bialdu ebala lurrera, gu haren bidez bizi gaitezan. Honetan datza maitasuna: ez guk Jainkoa maite izatean, harek gu maite izatean baino, eta bere Semea gure pekatuen parkamen-oparitzat bialdu izatean.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 72 [71], 1-2. 3-4ab. 7-8 (R/. ik. 11)

R/.   Ahuspez agurtuko zaitue, Jauna,
        nazino guztiek.

V/.   Ene Jainko, emoiozu zeure zuzentasuna erregeari,
zeure justizia erregearen semeari.
Gobernatu begi zure herria justiziaz,
zure dohakabeak zuzenbidez. R/.

V/.   Ekarri begioe mendiek herriari bakea
eta muinoek justizia.
Babestu begiez herriko dohakabeak,
salbatu begiez behartsuak. R/.

V/.   Haren egunetan, loratu bedi justizia,
ugaritu bakea, iretargia amatatu arte.
Izan bedi nagusi itsasotik itsasoraino,
lurraren bazter batetik besteraino. R/.

 

Aleluia

Ik. Lk 4, 18

R/.   Aleluia.

V/.   Behartsuei Barri Ona emotera bialdu nau Jaunak,
        katiguei askatasuna iragartzera. R/.

 

Ebanjelioa

Ogiak ugaritzean,
Jesusek bere burua profeta lez agertu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 6, 34-44

    Aldi haretan, Jesusek jentetza handia ikusi eban. Errukitu egin jaken, ze, artzain bako ardiak lez ebiltzan, eta luzaro irakasten hasi jaken.
    Berandu egin zanez, ikasleak hurreratu jakozan, esanez: «Leku bakartia da hau eta oso berandu da. Bialdu egizuz, inguruko baserri eta auzoetara joan eta jatekoa erosi dagien». Jesusek erantzun eutsen: «Emoiezue zeuok jaten». Hareek, orduan: «Berrehun denarioren ogiak erostera joango ete gara, bada, honei jaten emoteko?» Jesusek esan eutsen: «Zenbat ogi daukazuez? Zoaze ikustera». Ikusi eta esan eutsoen: «Bost, eta arrain bi be bai».
    Orduan, jente guztia bedar gainean taldeka jesarri eragiteko agindu eutsen. Ehunaka eta berrogeta hamarnaka jarri ziran. Jesusek, bost ogiak eta arrain biak hartu eta, begiak zerura jasorik, bedeinkapen-otoitza egin, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, jenteari banatzeko; arrain biak be jente guztiaren artean banatu zituan. Asetzeraino jan eben guztiek, eta ogi- eta arrain-hondakinekin hamabi otzara bete batu ebezan. Bost mila gizon ziran jan ebenak.

Jaunak esana.

 

 

Urtarrilaren 9an

(edo Agerkunde-domekaren ondorengo eguaztenean)

 

I. Irakurgaia

Alkar maite badogu, Jainkoa gugan dago.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 4, 11-18

    Seme-alaba maiteok: Jainkoak gu hain maite izan bagaitu, geuk be maitatu egin behar dogu alkar. Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi. Alkar maite badogu, Jainkoa gugan dago, eta haren maitasuna bere betera heldu da gugan.
    Guk badakigu harengan gagozana eta bera gugan, eta hori, bere Espiritua emon deuskulako. Guk ikusi dogu eta autortzen Aitak bere Semea bialdu ebala munduaren salbatzaile.
    Norbaitek autortzen badau Jesus Jainkoaren Semea dala, Jainkoa harengan dago, eta ha Jainkoagan. Guk ezagutu dogu eta sinistu Jainkoak deuskun maitasuna. Jainkoa maitasuna da; maitasunean dirauana Jainkoagan dago eta Jainkoa harengan.
Hau da maitasuna gugan bere betera heldu dan seinalea: konfiantza osoa dogula auzi-egunerako, Kristo dan lakoak gara-eta mundu honetan. Maitasunean ez da bildurrik; bestetara, maitasun beteak kendu egiten dau bildurra, zigorra itxaroten dauanak dau-eta bildurra; bildur dana ez da heldu maitasun betera.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 72 [71], 1-2. 10-11. 12-13 (R/. ik. 11)

R/.   Ahuspez agurtuko zaitue, Jauna,
        nazino guztiek.

V/.   Ene Jainko, emoiozu zeure zuzentasuna erregeari,
zeure justizia erregearen semeari.
Gobernatu begi zure herria justiziaz,
zure dohakabeak zuzenbidez. R/.

V/.   Ekarri begioez opariak
Tarsisko eta ugarteetako erregeek,
ordaindu zergak Sabako eta Sebako erregeek.
Agurtu begie ahuspezturik errege guztiek,
izan bediz menpeko nazino guztiak. R/.

V/.   Berak libratuko dau deadarka diharduan behartsua,
nork lagundurik ez dauan dohakabea.
Erruki izango deutse gizajo eta behartsuei,
bizia salbatuko pobreei. R/.

 

Aleluia

Ik. 1 Tm 3, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Aintza Zuri, Kristo, gizaki lez agertua,
        Aintza Zuri, Kristo, munduan sinistua. R/.

 

Ebanjelioa

Ur gainean ibiltzen ikusi eben.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 6, 45-52

    Bost mila lagunak ase ondoren, Jesusek bere ikasleak ontzian sartuazo eta bere aurretik beste aldera, Betsaidarantz, joateko agindu eutsen, berak jenteari agur egin bitartean. Jentea bialdu ondoren, mendira joan zan, otoitz egitera.
    Ilundu ebanean, ontzia itsaso erdian zan, eta Jesus lehorrean, bakarrik. Ikasleak arraunean nekez ebiltzala ikusirik, haizea kontra eben-eta, goiz aldera hareengana joan zan ur gainean oinez, hareei aurrea hartu guran bezala.
    Ikasleak, ur gainean ibiltzen ikusi ebenean, mamua zalakoan, aldarrika hasi ziran; guztiek ikusi eben eta ikaratu-ikaratu egin ziran. Baina Jesusek behingoan egin eutsen berba: «Izan bihotz! Neu naz; ez bildur izan!»
Ontzira igon eban eta haizea gelditu egin zan.
    Zeharo harriturik gelditu ziran, ze, ez eben ulertu ogiekin gertatua, adimena itsu euken-eta.

Jaunak esana.

 

 

Urtarrilaren 10ean

(edo Agerkunde-domekaren ondorengo eguenean)

 

I. Irakurgaia

Jainkoa maite dauanak
maitatu dagoala bere senidea be.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 4, 19b—5, 4

    Seme-alaba maiteok: Maitatu dagigun alkar, Jainkoak maitatu ginduzan-eta lehenago. Norbaitek «nik maite dot Jainkoa» esan eta bere senideari gorroto badeutso, guzurtia da; izan be, ikusten dauan senidea maite ez dauanak ezin maitatu leike ikusten ez dauan Jainkoa. Hauxe da harengandik hartu dogun agindua: Jainkoa maite dauanak maitatu dagoala bere senidea be.
    Jesus Mesias dala sinisten daben guztiak Jainkoagandik jaio dira, eta bizia emoten dauan Jainkoa maite dauanak harengandik jaioa be maite dau. Beraz, Jainkoa maite badogu eta haren aginduak betetzen badoguz, badakigu Jainkoaren seme-alabak maite doguzala. Izan be, Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Eta haren aginduak ez dira astunak, Jainkoagandik jaio diran guztiek garaitu egiten dabe-eta mundua. Eta hauxe da munduaren gain garaipena emoten deuskuna: geure sinismena.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 72 [71], 1-2. 14 eta 15bc. 17 (R/. ik. 11)

R/.   Ahuspez agurtuko zaitue, Jauna,
        nazino guztiek.

V/.   Ene Jainko, emoiozu zeure zuzentasuna erregeari,
zeure justizia erregearen semeari.
Gobernatu begi zure herria justiziaz,
zure dohakabeak zuzenbidez. R/.

V/.   Bidebakokeriatik eta gogorkeriatik defendatuko ditu;
hareen bizia harentzat baliotsu.
Otoitz egingo dabe haren alde eten barik,
egunero bedeinkatuko dabe. R/.

V/.   Iraun begi haren izenak betiko,
zabaldu bedi haren ospea eguzkiak dirauan bitartean.
Bedeinkatuak izango dira harengan nazino guztiak,
zoriontsu autortuko dabe bera. R/.

 

Aleluia

Ik. Lk 4, 18

R/.   Aleluia.

V/.   Behartsuei Barri Ona emotera bialdu nau Jaunak,
        katiguei askatasuna iragartzera. R/.

 

Ebanjelioa

Gaur bete da Liburu Santuko hitz hau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 4, 14-22a

    Aldi haretan, Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara bihurtu zan, eta beraren izena lurralde haretan guztian zabaldu zan. Hango sinagogetan irakasten eban, eta guztiek goresten eben.
    Jesus Nazaretera, bera hazi zan herrira, joan zan, eta zapatuan sinagogan sartu, ohi ebanez, eta zutunik jarri zan irakurgaia egiteko. Isaias profetaren liburua emon eutsoen eta, edegitzean, pasarte hauxe aurkitu eban:

 «Jaunaren Espiritua nire gainean dago,
ze, berak gantzutu nau,
behartsuei Barri Ona emoteko.
Giltzapekoei askatasuna
eta itsuei ikusmena iragartzera bialdu nau,
zapalduei askatasuna emotera,
Jaunaren grazia-urtea iragartzera».

    Liburua batu ostean, laguntzaileari emon eta jesarri egin zan. Danak sinagogan begira-begira eukazan.
    Jesus holan hasi jaken: «Gaur bete da orain entzun dozuen Liburu Santuko berba hau». Guztiek Jesusen alde berba egiten eben.

Jaunak esana.

 

 

Urtarrilaren 11n

(edo Agerkunde-domekaren ondorengo barikuan)

 

I. Irakurgaia

Espiritua, ura eta odola.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 5, 5-13

    Seme-alaba maiteok: Zein da mundua garaitzen dauana, Jesus Jainkoaren Semea dala sinisten dauana baino?
    Hau da bateoko uraz eta heriotzako odolaz etorri zana, Jesu Kristo; ez uraz bakarrik, uraz eta odolaz baino. Eta Espiritua da honetaz autormen egiten dauana, Espiritua egia da-eta. Honan, bada, hiru dira autormen egiten dabenak: Espiritua, ura eta odola, eta hirurak bat datoz.
    Gizakien autormena ontzat emoten badogu, balio handiagokoa da Jainkoaren autormena, eta Jainkoak bere Semeaz egiten dau autormen. Jainkoaren Semeagan sinisten dauanak beragan dau Jainkoaren autormena; Jainkoari sinisten ez deutsonak, barriz, guzurti egiten dau ha, ez dau-eta sinistu Jainkoak bere Semeaz egin dauan autormena.
    Hauxe da autormena: Jainkoak betiko bizia emon deuskula, eta bizi hori haren Semeagan dagoala. Semea dauanak badau bizia; Jainkoaren Semea ez dauanak ez dau bizirik.
    Zuei idatzi deutsuedaz gauza honeek, Jainkoaren Semearen izenean sinisten dozuenoi, betiko bizia dozuela jakin dagizuen.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 147, 12-13. 14-15. 19-20 (R/. 12a)

R/.   Jerusalem, ospatu egizu Jauna!

        Edo: Aleluia.

V/.   Jerusalem, ospatu egizu Jauna,
Sion, goratu zeure Jainkoa,
zure ateen sarrailak indartu ditu-eta
eta seme-alabak zugan bedeinkatu. R/.

V/.   Zure mugetan bakea ezarri dau,
garirik onenaz ase zaitu.
Bialtzen dau lurrera bere mezua,
eta haren hitza bizkor eta arin doa. R/.

V/.   Bere hitza iragarri deutso Jakoben herriari,
bere erabagiak eta aginduak Israeli.
Beste herriei ez deutse holakorik egin,
bere erabagirik ez deutse jakinazo. R/.

 

Aleluia

Ik. Mt 4, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Erreinuari buruzko Barri Ona iragartzen eban Jesusek
        eta herrian gatx guztiak osatzen ebazan. R/.

 

Ebanjelioa

Orduan bertan alde egin eutson legenak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 5, 12-16

    Aldi haretan, Jesus uri baten egoala, legenaz jositako gizon bat agertu zan; Jesus ikustean, ahuspez jausi eta erregutu eutson: «Jauna, gura badozu, garbitu naikezu». Jesusek eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez: «Gura dot, gelditu zaitez garbi». Eta orduan bertan alde egin eutson legenak.
    Inori ez esateko agindu eutson Jesusek eta esan: «Zoaz, agertu abadeagana eta eskeini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindu ebana, agiria izan dagien».
    Jesusen izena gero eta gehiago zabaltzen zan eta jentetza handia batzen zan hari entzutera eta euren gatxetatik osatzera. Baina Jesus leku bakartietara baztertzen zan otoitz egitera.

Jaunak esana.

 

 

Urtarrilaren 12an

(edo Agerkunde-domekaren ondorengo zapatuan)

 

I. Irakurgaia

Eskatzen deutsagun guztia entzuten deusku.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 5, 14-21

    Seme-alaba maiteok: Hau da Jainkoagan dogun uste ona: haren nahiaren araberako zeozer eskatzen badogu, entzuten deuskula. Eta, eskatzen deutsagun guztia entzuten deuskula jakinik, badakigu eskatu deutsaguna lortu dogula.
    Norbaitek ikusten badau bere senideak heriotzara ez daroan pekatua egin dauala, egin begi otoitz, eta Jainkoak bizia emongo deutso. Heriotzara ez daroan pekatua egin dabenei buruz dinot hau; izan be, bada heriotzara daroan pekaturik, eta ez dot esaten horren alde otoitz egiteko. Bidebakokeria guztiak pekatu dira; baina bada heriotzara ez daroan pekaturik.
    Badakigu Jainkoagandik jaio danak ez dauala pekaturik egiten, Jainkoaren Semeak zaintzen daualako, eta Gaiztoak ez dau ikutu be egiten. Badakigu Jainkoarenak garala eta mundu guztia Gaiztoaren menpean dagoala.
    Badakigu Jainkoaren Semea etorri dala, eta adimena emon deuskula, egiazko Jainkoa ezagutzeko. Gu egiazko Jainkoagan gagoz, haren Seme Jesu Kristogan gagozala. Hau da egiazko Jainkoa eta betiko bizia.
    Ene seme-alabok, kontuz sasijainkoekin!

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 149, 1-2. 3-4. 5-6a eta 9a (R/. 4a)

R/.   Maite dau Jaunak bere herria.

        Edo: Aleluia.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
kanta haren gorespena fededunen batzarrean.
Poztu bedi Israel bere Egileaz,
alaitu siondarrak euren Erregeaz. R/.

V/.   Goratu begie haren izena dantza eginez,
jo begie harentzat danbolina eta zitara.
Maite dau-eta Jaunak bere herria,
garaipenez jantziko ditu umilak. R/.

V/.   Alaitu beitez fededunak Jainko ospetsuaz,
egin begie pozez oihu euren etzunlekuetan.
Bego Jainkoaren gorapena hareen eztarrian;
ohorea da haren fededun guztientzat. R/.

 

Aleluia

Mt 4, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Ilunpean bizi zan herriak
        argi handia ikusi eban;
        herio-kerizpean bizi ziranei
        distira egin eutsen argiak. R/.

 

Ebanjelioa

Senarraren adiskidea
poz-pozik dago senarraren berbotsagaz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 3, 22-30

    Aldi haretan, Jesus ikasleekin Judea aldera joan zan; bertan bizi zan eurekin, eta bateatzen ziharduan. Joan Bateatzaileak be bateatzen ziharduan Enonen, Salim ondoan, ze, han ur asko egoan, eta jentea bateatzera etortzen jakon. Izan be, Joan ez egoan oraindino preso.
    Joanen ikasleek eta judegu batek eztabaida atara eben garbikuntza zala-eta. Etorri ziran Joanengana eta esan eutsoen: «Maisu, Jordanez beste aldean zugaz ebilen harek, zuk autormen egin zeuntsanak, bateatzen dihardu orain, eta danak beragana doaz».
    Joanek erantzun eutsen:

 «Inork ezin leike beretzat ezer hartu,
zerutik emoten ez bajako.
Zuek zarie testigu esan nebala:
“Ez naz ni Mesias, haren aurretik bialdua baino”.
Emaztea daukana senarra da;
senarraren adiskidea, barriz, ondoan egoten da,
pozik egon be hari entzuten.
Horixe dot nik neure poza, eta poz bete-betea.
Harek hazi egin behar dau; nik, ostera, txikiago bihurtu».

Jaunak esana.