GABONILEKO ERRETIRORAKO
Sarrera-agurra
Kaixo, lagunok: ondo etorri.
Lehenengo ta behin eskerrik asko, oraindino zeozertarako banazala sumatu dot zuei gogoeta hau egiten laguntzearren. Eskerrik asko, lehenengo neuri hausnartuazo deustalako (eta on egin deustala uste dot). Zeuentzat ere onuragarri izan daitela gura izango neuke. Zeuen barru-isiltasunean egiozue, ba, harrera on, Jainkoaren berbeari. Berak sustatu daiala zuen hausnarketea eta otoitza.
Aurrean euki beharrekoa
«Eleiz Alkarte Abegitsu Biziak» izatera heldu gura dogu. Eta horixe daukagu begien aurrean ezer egiterakoan.
Gure izakerea behin eta barriro astintzen dogu eta egurra emoten deutsagu: ez garala alkarte, ez garala abegitsu; bakotxa berera goazala; gure artean alkar ikusezinak dagozala edo mormoxetak egiten doguzala…
Behar bada, barruan eta barrura begira gagozalako izango da. Haizea behar dogu; ateak zabaldu eta kanpora urten; ardi-hatsa hartzeren arriskuz.
Hausnarketarako testuak
Abendualdiko 2. asteko asteleheneko ebanjelioa hartu dot oinarri. Eta hurrengo gauzak azpimarratuz jo dot aurrera, ondoren gehiago atarateko asmoz.
(Aldez aurretik esan behar dot ez daizuela txartzat edo kritika huts lez hartu, aurkitu geikezan oztopo-harriak haustu eta bide lau bat egiten lagundu leigun ekarpen lez baino).
1. Testua
(Lk 5, 17-26)
Aldi haretan, Jesusek irakasten ziharduan. Han egozan jesarrita Galileako eta Judeako auzo guztietatik eta Jerusalemdik etorritako fariseu eta lege-maisu batzuk. Eta Jaunaren indarrak gaixoak osatzera bultzatzen eban Jesus.
Horretan, etorri ziran gizon batzuk elbarria esku-ohean ekarrela eta barrura sartu gura eben, Jesusen aurrean ipintzeko. Baina jentetzagaitik ez ebenez aurkitzen nondik sartu, etxe gainera igon eta, teilak kendurik, esku-ohe eta guzti jatsi eben erdira, Jesusen aurrera. Hareen sinismena ikusirik, Jesusek esan eban: «Gizona, parkatuta daukazuz pekatuak!»
Lege-maisu eta fariseuek inoen euren barruan: «Nor dogu biraoka dabilen hau? Nork parkatu leikez pekatuak, Jainkoak baino?»
Baina Jesusek, hareen burutapenak igarririk, esan eutsen: «Zer burutapen darabilzue zeuen barruan? Zer da errezago esatea: “Parkatuta daukazuz pekatuak” ala “Jagi eta zabiltz?” Hara, bada, oraintxe ikusiko dozue Gizonaren Semeak badaukala lurrean pekatuak parkatzeko ahalmena. Eta esan eutson elbarriari: “Zeuri dinotsut: Jagi zaitez, hartu esku-ohea eta zoaz etxera”». Jagi zan ha behingoan danen aurrean, hartu eban etxunda egoan eskuohea eta etxera joan zan, Jainkoa goratuz.
Harrituta gelditu ziran guztiak eta Jainkoa goratzen eben. Eta, bildurrez beterik, holantxe inoen: «Harritzekoak ikusi doguz gaur».
Egoeratik helbururantza…
a) Jesusek irakasten dihardu
b) Jentetzak inguratzen dau
c) Osakuntza eskatzera jatorkoz
d) Jesus inguratzen dabenak oztopo dira hareentzat
d1. erakunde-, tradizino-oztopo
d2. begirale, non-ze-barri… -oztopo
e) eskaleek ez dabe etsitzen; ahaleginak egiten dabez
e1. Jesusek txalotu egiten ditu, eta eskatua baino gehiagoren jabe dirala gogoratzen deutse…, euren sinismenari esker
e2. Non-ze-barritarrek Jainkoa goraltzeari ekiten deutsoe
e3. Legezaleek eurenean jarraitzen dabe
e4. Eskale etorriek Jesusen agindua beteten dabe
…
f) Zer behar dot estropezu harri ez izateko, eleiz eraikuntzarako harri bizi baino?
Hurrengo testuak irakurri, hausnartu
eta, aurkitua, partekatu
Jesusen inguruan egonik, enbarazu edo estropezu-harri
Testuak
1 Pe 2, 4…
Hurreratu zaiteze Jaunagana. Bera da harri bizia, gizakiek baztertua, baina Jainkoaren begietan aukeratua eta bikaina. Holan, zeuek ere harri biziaz osotutako espirituzko tenplu egingo zaitue Jainkoak eta abade sagaratuko, Jainkoari atsegin jakozan espirituzko opariak Jesu Kristoren bitartez eskeintzeko. Hauxe dino, izan ere, Liburu Santuak:
Hona nik
Sionen harri bat ipini,
giltzarri aukeratu eta bikaina.
Horretan sinisten dauanak
ez dau huts egingo.
Zuentzat, beraz, sinisten dozuenontzat, harri hori balio handikoa da; sinisten ez dabenentzat, barriz, Liburu Santuak dinoanez,
etxegileek
bazterturiko harria
kantoi-harri bihurtu da;
eta baita
estropezu-harri ere,
jausiazoteko harkaitz.
Estropezu egiten dabe mezua onartu nahi ez dabelako: horixe da ezarri jaken zoria.
Zuek, ordea, jatorri aukeratu zaree, errege-abadego, nazino sagaratu, Jainkoak beretzat irabazitako herri, ilunpetatik bere argi zoragarrira deitu zaituzten Jainkoaren egintza bikainak iragarri daizuezan.
Sasoi baten herri ere ez zineenok,
orain Jainkoaren herri zaree;
errukirik gabe zengozanok,
orain errukia eskuratu duzue.
—Gu zer garanaren kontzientziarik badaukat?
—Sinisgabeak eta sinistunak bereizten ditu Pedrok. Pentsatu neike neuk oztopatu neikela besteen sinistun ahal izatea?
Mk 10, 13…
Beste baten, umeak eroan eutsoezan Jesusi, ikutu eizan; ikasleek, barriz, haserre egiten eutseen. Hori ikustean, Jesus haserretu egin zan, eta esan: «Itzi umeei nigana etorten, ez galazo, horrelakoek dabe-eta Jainkoa errege. Benetan dinotsuet: Jainkoaren erreinua ume batek lez onartzen ez dauana ez da ezelan ere bertan sartuko».
Eta umetxoak altzoan hartu eta bedeinkatu egiten ebazan, eskuak ezarriz.
—Ikasleek, Jesus eta honen irakatsia babestearren, uxatu gura dabez umeak…
…/..
Lk 19,1...
Jesus Jerikon sartu eta herrian barrura joian. Bazan han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-burua, oso aberatsa. Jesus nor zan ikusi nahirik ebilan, baina ezin eban jendeagaitik, txikia zan-eta. Lasterka aurrerago joan eta ikondo batera igon eban Jesus ikusteko, handik igaro behar eban-eta. Jesusek, hara heltzean, gora begiratu eta esan eutson: «Zakeo, jatsi aguro, gaur zure etxean gelditu behar dot-eta». Jatsi zan, ba, berehala eta pozik hartu eban etxean.
—Bere txiki izatea eta inguruko jentetza ditu traba Zakeok. Baina ez dau etsiko. Ahalegindu egingo da.
…/..
Lk 17, 11…
Jerusalemera bidean, Samaria eta Galilean zehar joian Jesus. Herri baten sartzerakoan, hamar legendunek urten eutsoen bidera. Urrun gelditurik, deiadarka esan eutsoen:
—Jesus, Maisu, erruki zakiguz!
Jesusek, ikustean, esan eutsen:
—Joan eta azaldu abadeengana.
Bidean joiazala, garbi gelditu ziran. Hareetako bat, osatuta egoala oharturik, Jainkoa deiadarka goratuz bihurtu eta Jesusen oinetara ahuspez jausi zan, eskerrak emonez; samariarra zan bera. Jesusek esan eban: «Ez ete dira hamarrak gelditu garbi? Non dira beste bederatziak? Ez da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etorteko?»
Gero, esan eutson: «Jagi eta zoaz; zeure sinismenak salbatu zaitu».
—10 legendunetatik bat salbatzen da. Besteak osakuntzan gelditzen dira… erakundea, tradizinoa, legea betetea, dabe traba.
…/..
Mk 10, 47…
Jerikora heldu ziran. Eta Jesus bere ikasleekaz eta jendetza handiagaz uritik urteterakoan, Bartimeo itsua, Timeoren semea, eskean egoan bide-ertzean jesarrita. Jesus Nazaretarra zala jakitean, oihuka hasi zan:
—Daviden Semea, Jesus, erruki zakidaz!
Askok gogor egiten eutsoen, isilduazoteko; baina harek errimeago oihu:
—Daviden Semea, erruki zakidaz!
Jesusek gelditu eta hari dei egiteko agindu eban. Dei egin eutsoen itsuari, esanez:
—Izan bihotz! Jagi, deika daukak.
Bere soingainekoa jaurtiz, salto baten zutundu eta Jesusengana joan zan. Jesusek galdetu eutson:
—Zer nahi dozu nigandik?
Itsuak erantzun:
—Barriro ikustea, Jauna.
Jesusek esan eutson:
—Zoaz, zeure sinismenak osatu zaitu.
Une berean ikusmena etorri jakon barriro, eta Jesusen ondoren joian bidean.
—Timeoren semeak traba asko gainditu behar izango ditu…, Jesusen jarraitzaile izatera heltzeraino.
…/..
Mk 5, 25...
Jende asko joakon ondoren, estuka eta bultzaka. Bazan han emakume bat, hamabi urte hareetan odol-jarioz egoana. Hamaika sendagileren eskutan jasatekoak jasana zan, eta bere ondasun guztiak ere horretan emonak ebazan; baina osatu beharrean, gero eta txarrago joian. Jesusi buruz esaten zana entzunik, jende artean atzetik joan eta jantzia ikutu eutson. Honela inoan-eta berekautan: «Jantzia besterik ez bada ikutzen badeutsat, osatuko naz». Une berean odol-jarioa gelditu egin jakon, eta gatxa osatuta eukala sumatu eban bere gorputzean. Berehala igarri eutson Jesusek beragandik halako indar batek urten eutsola eta, jendartean bihurturik, galdetu eban:
—Nork ikutu deust jantzia?
Bere ikasleek erantzun eutsoen:
—Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi eta nork ikutu zaituan galdetzen dozu?
Baina Jesus ingurura begira egoan, nork egin ete eutson hori. Orduan, emakumeak, bildurrez dardar —ondo ekian-eta zer gertatu jakon—, oinetara jausi eta egia osoa autortu eutson. Jesusek era honetara hitz egin eutson: «Ene alaba, zeure sinismenak osatu zaitu; zoaz bakean, eta osatua bekizu gatxa».
Oraindik berbetan ziharduala, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziran, esatera: «Hil jatzu alabea. Zertarako emon neke gehiago Maisuari?» Baina Jesusek, hitz honei kasurik egin barik, sinagogako buruzagiari esan eutson: «Ez izan bildurrik; zuk sinistu».
Ez eutson inori ere beragaz joaten itzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik. Sinagogako buruzagiaren etxera heltzean, ikusi eban Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika. Sartu eta esan eutsen: «Zer dala-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxea ez dago hilda, lo dago».
Hareek barre egiten eutsoen. Baina Jesusek guztiak kanpora bialdu ebazan eta, neskearen aita-amak eta beragaz etorriak harturik, neskea egoan tokira sartu zan. Eskutik heldu eta esan eutson: «Talitha kum» (hau da: «Neskatxa, zeuri dinotsut: Jagi zaitez»).
Berehala zutundu eta ibilten hasi zan, hamabi urte baeukazan-eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zan. Jesusek zorrotz agindu eutsen inork ere ez eiala jakin. Eta neskatxeari jaten emoteko esan eutsen.
—Beharrak daroa odoljariodun emakumea arauak eta Legea baztertzera, ezkutuka bada ere. Jesusek argitara urtenazoko deutso.
—Umearen ingurukoak, ohiko gauzetan jarraituz, traba dira. Jesusek kanpora jaurtitzen ditu.
—Jesusen ikasleak… ez dira agertzen: egon dagoz baina.
ELEIZ ALKARTE BIZIAK ETA ABEGITSUAK…
Eleiz Alkarte biziak eta abegitsuak izatea ez da egun batetik bestera lortzen dan gauzea. Norantza abiatu behar dogun jakiteko helburu lez euki beharrekoa baino. Ez dogu inoiz bistatik galdu behar hori. Eta ekimen guztiak bideratu behar ditugu helburu horretarantza, inoiz etsi barik.
1) Aldatu beharrekoak
Nire eginbeharra ez da nire arima salbatzea, nire egite guztiak Eleiz Alkarte bizi eta abegitsua lortzeko bidean jartea baino.
Sarri gogoratu behar izango neuke, ba, burutapen hau, eta otoitz bihurtu.
Gure artean asko dagoz hau (edo beste gauza asko) ez dabela ulertzen-eta, eurenean jarraituko dabenak; bere mezatxoaz nahikoa daukenak —esango geuke—. Ez ete leuke hobe besteei lotuta abiatzea, harei esku emonda, gaur ulergatx egiten jakena bihar ondo baino hobeto ulertu leikeela-eta? Hori ez eginez, besteen ibilbidea moteldu egiten dabe…, edo oztopatu.
2) Zerbitzuren bat garatzen dogunok gogoan hartu behar izango geuke ea egiteko daukagun erea eraginkorra ala oztopatzailea litzateken: adoretzen dodaz beste batzuk zerbitzu hori egiteko? Ala neure ardura pertsonala dala emoten dot aditzera?
Gure artean asko dagoz zerbitzuren bat egiten dauanari errespetu handia deutsoenak; eta halantxe gura ditu beti, eta aldeztuko (defendituko) ditu… berak lasai jarraitu leiken artean.
3) Niri dagokidana ez da arazoak konpontzea. Arazoak, nire ahalmenak jokoan jarteko dei lez hartu behar izango neukez. Eta pozik eralgi nire indarrak, besteek ez dabela ezer egiten (edo inork ez deustala jaramonik egiten) kontuan hartu barik.
Jesusen osakuntza, salbamena… zeure sinismenak gauzatzen dau, ez arauak beteteak, orain arte eginak egiten jarraitzeak, edo uste onez jokatzeak… Eta salbamena une beratatik somatzen da; ez da gero gauzatuko dan ezer. Norbere burua arazoei erantzuten ikusteak ziurtatzen dau nire salbamena.
OTOITZA
Jainko: Zu nire harkaitz sendo izanik
eta ni zure irudiko egina,
besteen euskarri nahi nozula, eta,
besteakaz batera, Eleiz Alkarte…
Horixe nago une honetan somatzen.
Ez naitela, ba, besteentzat oztopo-harri izan, edo
ez daidazala neuk bihurtu besteak harri oztopatzaile.
Alkar adoretzeko gauza izan gaitezala,
bakotxak beretxoak alde batera baztertuz,
alkarri esku emonda abiatu gaitezan
Eleiz Alkarte bizi eta abegitsu izatera.