Abenduaren 8an
MARIA BIRJINA DOHATSUAREN SORTZE GARBIA
Jai nagusia
I. Irakurgaia
Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea.
Hasiera liburutik
Has 3, 9-15. 20
Adamek zuhaitzetik jan ondoren, Jainko Jaunak dei egin eta esan eutson: «Non zara?» Harek erantzun: «Zure oin-hotsa baratzean entzun dodanean, bildurtu eta gorde egin naz, narrugorri nengoalako». Jainkoak esan eutson: «Eta zeinek jakinarazo deutsu narrugorri zengozala? Galarazo neutsun zuhaitzeko frutua jan ete dozu?» Gizonak erantzun: «Laguntzat emon deustazun emakumeak eskeini deust frutua, eta jan egin dot». Orduan, Jainko Jaunak esan eutson emakumeari: «Zer egin dozu?» Emakumeak erantzun: «Sugeak engainatu nau eta jan egin dot».
Orduan, Jainko Jaunak esan eutson sugeari:
«Hori egin dualako,
madarikatua izango haz
abere guztien eta basapiztia
guztien artean;
sabel gainean ibiliko haz
arrastaka
eta hautsa jango dok heure
bizitzako egun guztietan.
Alkarren arerio egingo zaituet hi
eta emakumea,
hire eta haren ondorengoa;
honek burua zapalduko deua,
eta hik orpotik helduko deutsak».
Gizonak bere emazteari «Eva» ezarri eutson izena, bizidun guztien ama dalako.
Jaunak esana.
Erantzun-salmoa
Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4 (R/. ik.
1a)
R/. Kanta Jaunari kantu barri,
egin ditu-eta hainbat harrigarri.
V/. Kanta Jaunari kantu
barria,
egintza
harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena
emon deutso bere eskumak,
bere beso
santuak. R/.
V/. Bere garaipena
ezagutuazo dau Jaunak,
bere
salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez da
ahaztu bere maitasunaz,
Israel herriari
deutson leialtasunaz. R/.
V/. Munduko
bazter guztiek ikusi dabe
gure
Jainkoaren garaipena.
Egin
irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin
poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.
II. Irakurgaia
Kristogan aukeratu ginduzan
Jainkoak,
mundua sortu baino lehen.
Ef 1, 3-6. 11-12
Bedeinkatua izan bedi Jainkoa,
Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
zeruan, Kristoren bitartez,
Espirituaren era guztietako
ondasunez bedeinkatu gaituana!
Kristogan aukeratu ginduzan,
mundua sortu baino lehen,
santu eta errubako izan gaitezan
beraren aurrean, maitasunez.
Bere onginahiak eraginda aurrez
eukan erabagita,
Jesu Kristoren bitartez gu
seme-alabatzat hartzea,
bere Seme maiteagan eskuzabal
emon deuskun dohai zoragarria
gorespen-kantu bihurtu dadin
berarentzat.
Kristoren
bitartez gara oinordeko gu be, israeldarrok, lehendik Mesiasengan itxaroten
genduanok, gauza guztiak berak gura dauan lez egiten dituan Jainkoak aurrez
aukeratu gaitu-eta bere asmoaren arabera, beraren aintzaren gorespen-kantu izan
gaitezan.
Jaunak esana.
Aleluia
Ik. Lk 1, 28
R/. Aleluia.
V/. Poztu zaitez, Maria, graziaz bete hori!
Jauna
zugaz,
bedeinkatua
zu emakumeen artean. R/.
Ebanjelioa
Poztu zaitez, Maria, graziaz bete
hori!
Jauna zurekin.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 1, 26-38
Aldi haretan, Gabriel aingerua bialdu eban Jainkoak, Nazaret eritxon Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria eban izena eta Jose eritxon Daviden jatorriko gizon bategaz ezkontzeko berbatuta egoan.
Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan eutson: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu egin zan Maria berba hareek entzutean, eta pentsatzen jarri zan, zer izan ete eitekean halako agur ha.
Aingeruak esan eutson: «Ez bildurrik izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu, eta “Jesus” ipiniko deutsazu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko deutsoe, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emongo deutso; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez dau azkenik izango».
Mariak esan eutson aingeruari: «Zelan gertatu daiteke hori, ez naz inongo gizonegaz bizi-eta».
Aingeruak erantzun eutson: «Espiritu Santua jatsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere gerizpean hartuko zaitu; horregaitik, zugandik jaioko dana santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko deutsoe. Hara, Elisabet zure senidea be umedun dago bere zahartzaroan, eta sei hilabeteko dago agorra ei zana; ze, Jainkoarentzat ez da ezer ezinik».
Mariak,
orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gertatu bekit zeuk dinozunez». Eta
aingeruak itzi egin eban.
Jaunak esana.
Senideok: Abenduaren atarian Mariari begira jarten gara bera proposatzen deuskulako gure sinismen tradizinoak eredu Jainkoagazko hartu-emonetarako eta harenganako zintzotasun eta konfiantzarako.
Egia da eliztarrok etsipenean egon geintekezala zaharkituta eta indargetuta lez, eta eleiz-gizonen eta eleiz-agintarien eredu txarren lotsakizunean; baina horrek ez gaitu eroan behar urtenbiderik ez dagoala onartzera, eta Jainkoak luzatzen deuskun eskuari uko egitera. Non zara? —galdetzen deusku Jainkoak. Ausardiaz autortu daigun geure pekatuen ilunpetan gagozala ostonduta, eta handik urteteko bere laguntza behar dogula. Ez deiogun inori leporatu gure errua, Adanek Ebari leporatu eutson lez, gertatzen jakunaren errua eleizgizonena edo, besteena, baina ez nirea, dala argudiatuz. Horrelaxe baino ez deutsoguz zabalduko ateak Jainkoak eskeintzen deuskun erregaluari, eta erantzungo berak proposatzen deuskunari.
Begiratu deiogun Mariari: Jainko-herria lur jota egoan aldietako emakumea dogu Maria, baina Jainkoagandiko erantzuna itxaroten ebana, eta haren esanetara buru-belarri jarria. Bere zalantzak eukazan, baina galdetzera ausartu zan eta bialduagazko hartu-emonetan sartu zan eta, goitik behera, Jainkoarena eta Jainkoarentzat zala autortu eutson: «Hona hemen ni, Jaunaren mirabea». Eta bai zoriona jatorkola bere prestutasunetik! Bedeinkatua da, eta emakume guztien artean aukeratua; eta beragandikoagan, Jesusengan, geu guztiok ere bedeinkatuak, Jainkoagandiko bedeinkapen guztiez.
Izan daigun bedeinkapenotan murgiltzeko ausardia, Jainkoari bere lankide izateko aukeratu gaitula eskertuz. Bai, senideok: orduan Mariari lez, gaur geuri egiten deusku dei (horixe da bokazinoa) itxaropenaren aldarri izan gaitezan, geure esparruan lehenengo, eta mundu zabalean gero.
Frantzisko Erromakoa dogu eredu. Min emoten deutsoe bere inguruan aurkitu dauzan dotrinakeriak eta hainbat eleizgizon eta eleiz-agintariren azpikeriazko bizikereak, eta apalengana heltzea bilatzen dau, ateak eta leihoak zabaltzea, ebanjelioa argitara ataratea, sekuestratuta dagoan lekutik bazter guztietaraino eroatea. Eta lan horretarako dei egiten deusku guztioi ebanjelioaren poza bizi izatera eta haren argipean eta bideetan gure makaltasunak gainditzera. Horren adierazgarri izan dogu gure Elizbarrutiaren “diszernimentu” urtea, eta orain Eleiza osoaren Sinodoa.
Senideok, ba: Mariari begiratuz eta Erromako Frantziskori entzunez, erantzun deiogun “BAI” handi batez Jainkoari: salatu daiguzan berbaz eta bizikera duinez eta neurritsuz gure inguruko gehiegikeriak, emakumearen sufrimentu guztiak, gure eleiz alkarteen pobrezia eta nagikeria, eta urten daigun gure komodidade eta lasaikeriatik. Jainkoak, pekatari garan arren, bere mezulari behar gaitu. Jarri gaitezan bere esku eta bere esanetara, eta jokatu daigun bokazinodun lez.
Abenduaren8a: SEMINARIOAREN EGUNA
ANDRA MARIA BIRJINA SORTZEZ GARBIA
«Aita eta senide, san Joseren antzera»
Sarrera-agurra
Abendualdian, senideok, Mariaren irudia aurkezten deusku Liturgiak. Maria, Jainkoari emoten deutson erantzunagaitik eta bere bizitzan zehar agertzen dauanagaitik, dogu sinistunontzat eredu eta jarraibide.
Gure Elizbarrutiak egun hauxe aukeratu dau Seminarioaren egun lez, abadetzarako bidean dagozanek non begiratu eta nogan ikasi euki daien. «Aita eta senide, san Joseren antzera» dino aurtengo goi-ikurrak. Baina holan ete da? Ez ete gagoz bokazinoetaz baino arduratuago beste gauza batzuetaz, hareik ere inportanteak diralakoan garrantzizkoen lez hartuz?
Ba ete dauka Mariak zer irakatsirik gaurko munduari, Izurrite edo Pandemia gogorrean murgilduta eta etsipenean dagoan gaurko mundu aberats honi? Maria besteentzat bizi izan zan, bere burua Jainkoari eskeinita. Ez ete dogu hauxe behar gaur ere? Ondo etorri.
Sarrera-abestia
Damu-otoitza
Geure pekatuak ikusten jakin ez, eta euretaz inor erruduntzen dogunok badaukagu Jainkoaren errukira hurreratu beharrik. Apaltasunez jo daigun, Maria lagun dogula, Jainkoaren errukira, babes bila:
—Jesus Jauna, Mariaren erraietan gizon egin zinana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, zeure Jainkotasunean geure arteko gizaki egin zinana, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, Jainkoaren Berba haragi bihurtua, erruki, Jauna.
AINTZA (gaur aintza esaten/abesten da)
Azaldu daigun Mariak emoten deuskun poza Jainkoa goretsiz, Aintza
eta Aintzaka.
Has 3, 9-15. 20
Ondo daki Jainkoak makalak egin gaituana, baina beragazko hartu-emonetan gura gaitu. Gure erruak inori leporatzen barik, apaltasunez autortzen bagengiz… Jainkoa prest dago parkamenerako; baina gure pekatua autortu beharra daukagu, harengandik aldendu izana…
Erantzun salmoa
Ef 1, 3-6. 11-12
Gure txikikerien gainetik autortu geike gure handitasuna, eta haren pareko izaten ahalegindu geintekez usterik onenaz. Ea Paulo apostoluaren berbek adoretzen gaituen horretarako.
Lk 1, 26-38
Adi dauanak nabaritu daikez Jainkoaren urratsak, eta sartu daiteke haregazko hartu-emonetan. Maria dogu eredu horretan. Egin deiogun harrerea ALELUIA abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Mariaren aurrean bokazinoen urritasuna autortuz, izan daigun gogoan geure sinismenaren pobretasuna ere, eta jo daigun otoitzera, eskale:
—Eleizearen alde: gaurko gizon-emakumeentzat erakargarria izan daiten bere apaltasunagaitik, argitasunagaitik eta danengana hurreratzeko gaitasunagaitik, eskatu deiogun Jaunari.
—Izurrite honek jotakoak laguntza barik geratu ez daitezan, eta gaisoen zaintzaileek adore izan daien euren lanean, eskatu deiogun Jaunari.
—Norbere erruak eta mugak autortzea gatx egiten jaku. Gure gizarte hau errukitsu bihurtzeko behar doguzan bokazinoak sortu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure Elizbarrutiko abadegaien alde: Mariaren antzera herrian ondo sustraituta eta haren zerbitzura bizi izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Eukaristiaren mahai-inguruan alkartu garanon alde: Izurrite honi aurre egiteko behar dogun adorea, Maria lagun, Jainkoagandik atara daigun, eskatu deiogun Jaunari.
† Zeugazko hartu-emonetara deika gaukazuzan Jainko ona: emoiguzu “BAI” erantzuteko behar dogun Mariarena lango apaltasuna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
—Pozaren pozez gainezka
daukat nik gogoa
salbatzaile dot
Jaungoikoa.
—Mirabe
honen ezereza dau hark ikusi
ta
munduak ni handietsi.
—Handiak
egin ditu guztia dagikenak
Santu
dau harek bere_izena.
—Bere
besoaz harrigarriak egin ditu
bihotz
harroak dauz suntsitu.
Amaierarako…