2022/10/21

Abenduko I. astea

Abendualdiko I. astelehena

A urtean, aukeran, irakurgai hau aurreko domekan irakurria izan denean, hurrengoa iragarri daiteke:

I. Irakurgaia

Jaunak herri guztiak batu Jainkoaren erreinuan,
betiko bakea gozatu dagien.

Isaias Profetaren liburutik

Is 2, 1-5

    Isaiasek, Amosen semeak, Judaz eta Jerusalemez izandako ikuskaria:
Azken egunetan, Jaunaren etxea dagoan mendia
beste mendiak baino gorago ezarriko dau Jaunak,
beste menditxuak baino gorago;
hara joko dabe nazino guztiek
eta herri asko joango da bertara, esanez:
«Zatoze, igon dagigun Jaunaren mendira,
Jakoben Jainkoaren etxera;
Berak erakutsiko deuskuz bere bideak,
eta gu haren bidezidorretan ibiliko gara;
Siondik urtengo dau-eta legeak
eta Jerusalemdik Jaunaren hitzak».

Berak epaituko ditu nazinoak,
auzira ekarriko herri guztiak.
Golde bihurtuko dabez ezpatak eta igitai lantzak.
Ez dau herrik herriren aurka ezpatarik jasoko,
ez dira gudurako barriz trebatuko.

Zatoz, Jakoben herri,
gabiltzan Jaunaren argitan.

Jaunak esana.

      

Edota A urtean, aukeran, irakurgai hau aurreko domekan irakurria izan denean:

 

I. Irakurgaia

Edergarri izango da,
Israelen bizirik geldituentzat.

Isaias Profetaren liburutik

Is 4, 2-6

    Egun haretan, Jaunaren kimua edergarri eta ospetsu izango da
eta lurraren emoitza harrobide eta apaingarri
Israelen bizirik geldituentzat.
Santu deituko dabez Sionen geldituak, Jerusalemgo hondarrak;
Jerusalemen bizitzeko aukeratuak.

Jaunak bere zigor-epaia beteko dauanean,
Siongo bizilagunen zikinak kenduko ditu
eta Jerusalemen isuritako odola garbituko.
Orduan, Sion mendi osoan eta hango batzarrean
lainoa eta kea sortuko ditu Jaunak egunez,
sugar bizia gauez.
Guztiaren gainetik Jaunaren aintza izango da estalki eta txabola,
kerizpe egin dagian uda beroan,
babes izan dadin euritan,
aterpe zaparradan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 122 [121], 1-2. (4-5. 6-7. ) 8-9 (R/. ik. 1b)


R/.
  Goazen pozik Jaunaren etxera!

V/.   Ha poza nirea, esan eustenean:
         «Goazen Jaunaren etxera!»
        Hona orain nire oinak
        zure ateetan, Jerusalem. R/.

V/.   [Hara igoten dabe leinuek, Jaunaren leinuek,
        Israelen lege danez, Jaunaren izena gorestera.
        Han dagoz ezarriak auzi-mahaiak,
        Daviden jauregiko mahaiak. R/.

V/.   Eskatu bakea Jerusalementzat,
        bizi beitez nasai maite zaituenak.
        Izan bedi bakea zure harresien barruan,
        nasaitasuna zure jauregietan. R/. ]

V/.   Neure senide eta lagunen izenean be,
        hau dinot: «Bakea zugaz!»
        Jaunaren, gure Jainkoaren, etxeagaz,
        zoriona eskatzen dot zuretzat. R/.

 

Aleluia

Ik. Sal 80 [79], 4

R/.   Aleluia.

V/.   Zatoz gu askatzera, Jauna, gure Jainkoa;
        erakutsi aurpegi argia, salbatu gaitezan. R/.

 

Abendualdian hilaren 16a arteko astegun bakoitzerako jarria dagoen aleluia-txatalaren ordez, beste bat har daiteke orrialde honetan datozenetatik.

 

Ebanjelioa

Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik
zeruetako erreinura.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 8, 5-11

    Aldi haretan, Jesus Kafarnaum herrian sartu zala, erromatar ehuntari bat etorri jakon, arrenka esanez: «Jauna, elbarri eta oinaze-minetan dago nire morroia etxean». Jesusek esan eutson: «Joan eta osatuko dot».
    Baina ehuntariak erantzun eutson: «Jauna, ni ez naz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esaizu berba bat eta osatuko da nire morroia. Neuk be, neu besteren menpean egon arren, soldaduak dodaz neure menpean, eta bati joateko agintzen badeutsat, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zer edo zer egiteko esan, eta halan egiten dau».
    Hori entzunda, harritu egin zan Jesus eta ondoren etorkozanei esan eutsen: «Egia esan, Israelen ez dot inorengan aurkitu horrenbesteko sinismenik. Eta hauxe dinotsuet: Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta zeruetako erreinuko mahaian jesarriko dira, Abraham, Isaak eta Jakobegaz».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Emon deutsagu hasiera Abendualdiari, eta ez litzateke gehiegizko galderaren bat edo beste egitea, ezer ez balitz lez joan ez gaitezan gure ibilbidean.

Zer itxaron daiket aldi honetan? Ezer bai?

Liturgian iragarten dan Jainkoaren Hitzak gure bizitza argitu eta adoretu leikela uste dogunok itxaropentsu agertu geintekez aldi honetan. Abendua itxaropen aldia dala esaten dogu, eta aspaldi danik entzuten dogu hau.

Baina… itxaropen faltan aurkitzen naz? Zer itxaroten dot? Itxaroten dodan horri erantzuten deutso abendualdian iragarten dan Jainkoaren Hitzak? Ala, iragarten jatana neuretzen badot baino ez da bere betera helduko nire itxaropena?

Galdera honi erantzun barik ez aurrera jarraitu.

Jainkoa arduratuta daukagula aurkituko dogu; ez dago urrunean, gutaz ahaztuta. Ondo ezagutzen gaitu, maite gaitulako. Eta harengana sinismenaz hurreratzen dana ez da erantzun pozgarri eta zoriontsu barik geldituko: norbere eza, mugak eta txikitasuna eta beharrizanak autortzen dakianak ikusiko dau Jainkoak aintzat hartua dala: harek garbitu, txukundu eta bizi barritu egiten dauala… erbestekoa izan arren.

Jainkoak gizaki guztiak ditu seme-alaba, guk besterik uste badogu ere.

 

Abendualdiko I. martitzena

 

I. Irakurgaia

Haren gainean Jaunaren espiritua kokatuko da.

Isaias Profetaren liburutik

Is 11, 1-10

    Egun haretan, kimu bat sortuko da Jeseren zuhaitz-hondotik,
muskil bat erneko haren zuztarretik.
Haren gainean Jaunaren espiritua kokatuko da:
jakituria eta adimen-espiritua,
kontseilu- eta sendotasun-espiritua,
ezaguera- eta Jaunaganako begirune-espiritua.
Jaunaganako begirunea izango dau pozbide.
Ez dau auzia itxuraz bakarrik erabagiko,
ezta epaituko be entzuten dauanaz.
Zuzen erabagiko dau behartsuaren auzia
eta zuzenbidez epaituko herriko apalak.
Bere ahoko zigorraz joko ditu gogorrak,
bere ezpanetako arnasaz hilko gaizkileak.
Zuzentasunak eta leialtasunak inguratuko dabe,
garrikoak garria lez.

Otsoa bildotsagaz biziko da,
lehoinabarra aumeagaz etzungo,
txekorra eta lehoikumea alkarregaz larratuko dira,
eta umetxu bat izango dabe artzain.
Behia eta hartza batera larratuko dira,
hareen umeak alkarregaz etzungo;
lehoiak lastoa jango dau, idiak lez.
Bularreko umea suge-zulo gainean jolastuko da,
eta bularra itzi barriak
suge gorriaren zuloan sartuko dau bere eskua.
Nire mendi santu osoan
ez dau inork kalterik, ez hondamenik egingo,
Jaunaren ezagueraz beteko da-eta lurraldea,
itsasoa urez betea dagoan lez.

Egun haretan, Jeseren zuztarreko muskila
herrien banderatzat jasoko dabe;
herriak haren bila etorriko dira,
eta ospetsua izango da haren egoitza.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 72 [71], 1-2. 7-8. 12-13. 17 (R/. ik. 7)

R/.   Zuzentasuna garatuko da haren egunetan,
        eta bakea ugari betieran.

V/    Ene Jainko, emoiozu zeure zuzentasuna erregeari,
        zeure justizia erregearen semeari.
        Gobernatu begi zure herria justiziaz,
        zure dohakabeak zuzenbidez. R/.

V/    Haren egunetan, loratu bedi justizia,
        ugaritu bakea, iretargia amatatu arte.
        Izan bedi nagusi itsasotik itsasoraino,
        lurraren bazter batetik besteraino. R/.

V/    Berak libratuko dau oihuka dagoan behartsua,
        nork lagundurik ez dauan dohakabea.
        Erruki izango deutse gizajo eta behartsuei,
        bizia salbatuko pobreei. R/.

V/    Iraun begi haren izenak betiko,
        zabaldu bedi haren ospea eguzkiak dirauan bitartean.
        Bedeinkatuak izango dira harengan nazino guztiak,
        zoriontsu autortuko dabe bera. R/.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Hara, indartsu dator gure Jauna
        eta argituko ditu bere zerbitzarien begiak. R/.

 

Ebanjelioa

Jesus Espiritu Santuaren pozez beterik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 10, 21-24

    Aldi haretan, Jesusek, Espiritu Santuaren pozez beterik, esan eban: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeek jakitunei eta burutsuei gorde eta jente apalari agertu deutsezuzalako. Bai, Aita, halan izan dozu gogoko. Nire Aitak dana emon deust, eta ez dau inork ezagutzen Semea nor dan, Aitak baino; ezta Aita nor dan be, Semeak baino eta Semeak agertu gura deutsonak baino».
    Eta ikasleakana bihurturik, esan eutsen eurei bakarrik: «Zorionekoak, zuek ikusten dozuena ikusten daben begiak. Hara zer dinotsuedan: profeta eta errege askok ikusi gura izan eban zuek ikusten dozuena, baina ez eban ikusi, eta entzun zuek entzuten dozuena, baina ez eban entzun».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Zelan ulertu behar doguz itxaropenerako luzatzen jakuzan berbok? Mundu amesgarria azaldu deusku profeteak: txarrik, areriorik eta ezelango kaltegarririk bako mundua… Ameskeria? Egun baten… —dino.

Egun horretarantza goaz joan; betetasun Eguna izango dan horretarantza. Hori argi daukanak haren arabera moldatuko dau bizikerea.

Bizikera horretan ezbeharrak egongo dira (ez da-eta azkena); baina itxaropenak oratuta gaindituko dauz guztiak.

Bai behar dala hori onartzeko eta norberetzeko, eta horren arabera jokatzeko, bihotz apala eta uste on osoa Jesusengan jartea!

Jainkoa ezagutzeko Jesusengana jo behar dogu: hari entzun, haren egintzak geuretu eta, haren antzera,  uste on osoa Jainkoagan jarrita, haren esanetara jardun.

Tamalez, behera begira eta norberea zaindu guran gabiltzanok, indarrak eta ondasunak metatzen ahalegintzen gara, ustea euretan jarriz. Eta metok aurrekoa ikusten ere itzi ez, eta ha zapaltzera garoez.

Badau pobreziak baliorik, besteengana ustetsu garoazalako. Eta daukaguna (pobreak ezer ez daukalako), besteenganako uste ona da, hareengandik ezer babestu beharrik ez daukagulako.

 

Abendualdiko I. eguaztena

I. Irakurgaia

Jai-jatordua emongo deutse Jaunak herri guztiei
eta sikatuko ditu aurpegi guztietako negar-malkoak.

Isaias Profetaren liburutik

Is 25, 6-10a

    Egun horretan, jai-jatordua emongo deutse
Jaun ahalguztidunak mendi honetan herri guztiei,
janari guri eta edari bikainekin,
haragi mamintsu eta ardao zahar finekin.
Mendi honetan kenduko dau
herri guztien gainean zabalduta dagoan estalkia,
nazino guztiak estaltzen dituan oihala.
Betiko hondatuko dau heriotza;
sikatuko ditu Jainko Jaunak aurpegi guztietako negar-malkoak
eta lur osotik aldenduko dau bere herriaren lotsakizuna,
Jaunak hitz egin dau-eta.

Eta egun haretan esango da:
«Hara gure Jainkoa!
Itxaron genduan salbatuko ginduzala;
Jauna da: harengan genduan itxaropena.
Poztu gaitezan eta alaitu, salbatu gaitualako.
Jaunaren eskua mendi honetan kokatuko da».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 23 [22], 1-3. 4. 5. 6 (R/. 6cd)

R/.   Jaunaren etxean naz biziko luzaroen luzaro.

V/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrizanean;
        larre gurietan etzunazoten nau,
        ur-bazter nasaira eroaten
        eta indarrak deustaz barritzen;
        bide segurutik naroa,
        bere izenari ohore eginez. R/.

V/.   Ibar baltz ilunean banabil be,
        ez naz gatxaren bildur,
        Zu nigaz zagoz-eta;
        zure artzain-makilak nasaitzen nau. R/.

V/.   Mahaia atontzen deustazu
        arerioen begi-bistan;
        orioz igurzten deustazu burua,
        gainezka dot edontzia. R/.

V/.   Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
        bizitzako egun guztietan,
        eta Jaunaren etxean biziko naz
        amaibako egunetan. R/.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Begira, badator Jauna bere herria salbatzera;
        zorionekoak hari bidera urteteko gertu diranak! R/.

 

Ebanjelioa

Gaixo asko osatu eban Jesusek
eta ogiak ugaritu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 15, 29-37

    Aldi haretan, Galileako itsasbazterrera joan zan Jesus; mendira igon eta bertan jesarri zan. Jente asko inguratu jakon, herren, itsu, besobakar, mutu eta bestelako gaixo asko eroanez; oinetan jartzen eutsoezan, eta harek osatu egiten zituan. Jentea harrituta gelditu zan ikusten ebanaz: mutuak berbetan, besobakarrak osatuak, herrenak ibiltzen eta itsuak ikusten. Eta Israelen Jainkoa goresten hasi ziran.
    Jesusek ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Erruki dot hau jenteau; badaroaz hiru egun Nirekin eta ez dau jatekorik. Ez dodaz baraurik bialdu gura, bidean lur jota geratu ez daitezan».
    Ikasleek esan eutsoen: «Nondik atara guk basamortu honetan horrenbeste jente asetzeko beste ogi?» Jesusek esan eutsen: «Zenbat ogi dituzue?» Hareek erantzun: «Zazpi, eta arraintxu bakar batzuk».
    Lurrean jesartzeko agindu eutson jenteari; gero, hartu zituan zazpi ogiak eta arrainak eta, esker-otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei emon eutsezan, eta ikasleek jenteari. Guztiek jan eben ase arte, eta gelditutako hondakinakaz zazpi otzara bete batu zituen.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Gaurko irakurgaiok Mesiasen aldietara garoez: ugaritasun aldiak dira; beharrizan eta premina guztiak, txarkeria eta arrisku guztiak gaindituta gelditu dira aldiotan. Erbestean dagoan herriak amesten dauzan aldiak dira. Eta horren barri emoten deutso profetak, haren itxaropena biztuz.

Zer beste behar dau ezbeharraren erdian eta atsekabean dagoan batek itxaropena besterik! Baina luzaroan itxaroten dauanari lurrera ez ete jako jausten itxaropena? Etsipenera ez ete da jausten bera?

Ebanjelioaren haritik beste hauxe ikusi geike: Jesusen ustez Jainkoaren erreinua geure artean dala. Amesten doguzan Mesiasen egun-aldiak geure artean dirala. Harek egiten dauana egiten badogu, gauzatua ikusiko dogula…

Ondasun gehiegi daukagu; beharrizanei alkarren laguntzaz erantzun geikee… eta, danak aseturik geldituta, ondasunak soberan dagoz.

Sinistea besterik ez dogu behar. Jesusengan uste on osoa jartea, "lehenengo besteak egin daiela" eskatu barik; aldi honetako norkeria eta norberekeria gaindituta…

Larregi eskatzea da! Eta halaxe galduko dogu beste aukera bat, itxaropena oihukatzen dogun artean.

 

Abendualdiko I. eguena

I. Irakurgaia

Sartu bedi herri zintzoa eta leiala

Isaias Profetaren liburutik

Is 26, 1-6

    Egun haretan, kantu hau abestuko dabe Judako lurraldean:
«Bai sendo gure uria,
harresi eta harresi-aurreko jarri deutsoz babes.
Zabaldu egizuez ateak, sartu dadin herri zintzoa eta leiala.
Sendo dauka bihotza, Jauna;
Zuk zaintzen deutsazu bakea,
Zugan dau-eta uste osoa.

Izan uste on beti Jaunagan,
Jauna da-eta hatx gizaldien gizaldietan.
Goian bizi diranak jaitsiazoten ditu;
uri garaia lurreraino, hautsa jotzeraino, botatzen dau;
apalaren oinek zapalduko dabe,
behartsuek hankapean erabiliko».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 118 [117], 1 eta 8-9. 19-21. 25-27a (R/. 26a)

R/.   Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!

Edo: Aleluia.       

V/.   Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
        haren maitasuna betikoa da-eta.
        Hobe da Jaunagan babestea
        gizakiaz fidatzea baino;
        hobe Jaunagan babestea
        handikiez fidatzea baino. R/.

V/.   Edegi niri garaipenaren ateak,
        Jaunari eskerrak emotera sartu nadin.
        Hona Jaunaren atea,
        sartu beitez bertatik garaileak.
        Eskerrak Zuri erantzun deustazulako,
        nire salbatzaile izan zaralako. R/.

V/.   Emon, Jauna, salbazinoa,
        emon, Jauna, zoriona!
        Jainko da Jauna, berak egiten deusku argi. R/.

 

Aleluia

Is 55, 6

R/.   Aleluia.

V/.   Bilatu egizue Jauna, aurkitu daiteken bitartean,
        dei egiozue, hurrean dagoan bitartean. R/.

 

Ebanjelioa

Aitaren nahia egiten dabenak
sartuko dira zeruetako erreinuan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 7, 21. 24-27

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez da nahiko Niri “Jauna, Jauna” esatea zeruetako erreinuan sartzeko; hau da beharrezkoa: zeruan dagoan nire Aitaren nahia egitea.
    Beraz, nire berba honeek entzuten eta betetzen dituana bere etxea hatx gainean eregi eban gizon zentzundunaren antzekoa da. Egin eban euria, etorri ziran uriolak, jo eban haizeak eta eraso eutsoen etxe hari; baina ez zan jausi, ze, hatx gainean oinarrituta egoan.
    Nire berba honeek entzun bai, baina betetzen ez dituana, bere etxea hondar gainean eregi eban gizon burubakoaren antzekoa da. Egin eban euria, etorri ziran uriolak, jo eban haizeak eta eraso eutsoen etxe hari; eta jausi egin zan eta guztiz hondatuta gelditu».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Itxaropen aldi honetan eraikuntzarako oinarriak eskeintzen jakuz. Behin eta barriz esango jaku Jainkoa geure alde dogula, gure babesle dala, beragan aurkitu geikela laguntza…

Baina gura ete dogu guk ezer eraiki? Gurea kontsumitzea ez ete da, apurtzea, deuseztea, hiltea, hondakinak metatzea…?

Kexu gara aldakuntza klimatikoa dala-eta. Baina ez dogu murriztu gura gure kontsumoa, eta gero eta hondakin gehiago eta kutxakorragoak sortzen doguz.

Bardintasuna aldarrikatzen dogun artean gero eta erasotuagoak dira emakumeak edo LGTBI+ taldekideak.

Guzti horren aurrean Jesusek bera dan hax sendoan eraikitzea eskeintzen deusku; beragan jarten badogu uste ona ez dogula hutsik egingo-eta.

Ulertuko bagendu Jesus aukeratzeak hainbeste gauza (lotzen eta menperatzen gaituen hainbeste gauza) ez behar izatera garoazala; bestea senide lez hartzera eta hari errespetu izatera, ha maitatzera eta hari laguntzera…

Gizarte senidekorrago baten itxaropenean onartu geikez Jesusen berbok, eta gure hartu-emonak ha dan hatx sendoan oinarritu.

 

 

Abendualdiko I. barikua

I. Irakurgaia

Egun haretan ikusiko dabe itsuen begiek.

Isaias Profetaren liburutik

Is 29, 17-24

    Honan berba egiten dau Jaunak:
«Luzaro barik, Libanoko basoa lorategi bihurtuko da
eta lorategia baso.
Egun haretan gorrek entzungo dabez liburuko hitzak,
lausorik eta ilun barik ikusiko dabe itsuen begiek.
Apalak alaituko dira barriro Jaunagan,
eta behartsuenak poztuko Israelgo Santuagan.
Izan be, zapaltzailea hilko da,
harroputza galduko,
kalte egiteko erne dabiltzanak akabatuko;
hau da, besteak guzurrez salatzen,
auzitegian defentsa eragozten
eta errubakoa hondamendira eroaten dabenak».

Horregaitik, honan berba egiten dau Jaunak,
Jakoben ondorengoen Jainkoak, Abrahamen salbatzaileak:
«Jakoben ondorengoak ez dira aurrerantzean lotsatuko;
hareen aurpegia ez da gehiago lotsaz gorrituko.
Izan be, Nik hareen erdian eginak ikustean,
nire izena santu autortuko dabe,
santu autortuko Jakoben Santua,
eta Israelen Jainkoaren bildur izango dira.
Burugalduak zentzundun egingo dira
eta marmarka dabiltzanek ikasbidea hartuko dabe».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 27 [26], 1. 4. 13-14 (R/. 1a)

R/.   Jauna dot argi eta salbamen.

V/.   Jauna dot argi eta salbazino,
        nork ni bildurtu?
        Jauna biziaren babes,
        nork ni ikaratu? R/.

V/.   Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,
        horren bila nabil ni:
        bizi nadila Jaunaren etxean
        neure bizitzako egun guztietan,
        Jaunaren edertasuna miretsiz
        eta haren tenplua zainduz. R/.

V/.   Ziur dakit Jaunaren ontasuna
        gozatuko dodala
        bizidunen lurrean.
        Itxaron Jaunagan!
        Eutsi gogor, izan bihotz!
        Itxaron Jaunagan! R/.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Hara, indartsu dator gure Jauna
        eta argituko ditu bere zerbitzarien begiak. R/.

 

Ebanjelioa

Jesusengan sinistu eben itsu bi
osatu egin ziran.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 9, 27-31

    Aldi haretan, Jesusek handik urtetean, itsu bik jarraitu eutsoen, oihuka: «Erruki zakiguz, Daviden Seme!» Etxera heltzean, itsuak hurreratu jakozan eta Jesusek esan eutsen: «Sinisten dozue nik hori egin neikena?» Hareek erantzun: «Bai, Jauna».
    Orduan, begiak ikutu eutsezan, esanez: «Gertatu bekizue sinisten dozuen bezala». Eta edegi egin jakezan begiak. Jesusek zorrotz agindu eutsen: «Begira, gero, ez dagiala inork be jakin». Baina hareek, urten orduko, eskualde guztian emon eben Jesusen barri.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Abendua itxaropen aldia dala dinogunok beste hauxe ere argi euki behar izango geuke: gure itxaropenaren asebetea ez jakula kanpotik etorriko.

Eta gehiegitan —beti ez bada— Jainkoa gugandik kanpo dana, eta urrun gainera, sentitzen dogu. Behar bada, halan izan garalako irakatsiak. Eta egin dogun lehen irakurgaiak ere horretaraxe eroan geinkez.

Baina ebanjelioak argi dinosku gure beharrizanetan Jesusengana joten badogu bere etxean sartu eta lortuko dogula gure itsukerietatik urtetea, lortuko dogula ikustea.

Zenbat gauza on daukaguzan inguruan eta baita gure barruan ere…, eta ez doguz ezagutzen.

Gure begiak Jesusek zabaldu deiguzala behar dogu, gure azalkeriak baino harago ikusi ahal izan daigun.

Gure azaleko izakerea alde batera laga eta barrukoa, sakona, benetakoa landu gura izan ezkero baino ez gara hurreratuko Jesusengana. Orduan haren etxean sartuko gara eta emongo deusku beste era batera ikusten hastea.

Jainkoa ez dala urrun eta gugandik kanpo onartuko geuke; geure hondoan, sakonean, aurkituko geukelako.

Egin deiogun harrera on eta jar daigun beragan uste osoa. Ez dauka etorri beharrik: hortxe da. Zabaldu deiguzala begiak.

 


Abendualdiko I. zapatua

I. Irakurgaia

Errukituko jatzu Jauna zeure deiaren hotsera.

Isaias Profetaren liburutik

Is 30, 19-21. 23-26

    Hauxe dino Jainko Jaunak, Israelgo Santuak:
«Siongo herri, Jerusalemen bizi zarana,
ez dozu gehiago negarrik egingo;
errukituko jatzu Jauna zeure deiaren hotsera
eta entzun orduko erantzungo deutsu.

Jaunak ogia urri eta ura eskas emongo badeutsu be,
zure irakaslea ez jatzu gehiago ezkutatuko;
zeure begiz ikusiko dozu irakaslea.
Eskumara nahiz ezkerrera okertzen bazara be,
zure belarriek hitz bat entzungo dabe, atzetik esaten:
"Hau dozu bidea, jo hemendik".

Jaunak emongo deutso euria zuk lurrean ereindako haziari
eta zure lurrak gari-uzta mardula eta oparoa emongo dau;
egun haretan zure abereak larre zabaletan larratuko dira;
solo-lanetan diharduen zure idi eta astoek
bedar gozoa jango dabe,
galbahez eta sardez haizatua.

Mendi handi guztietan,
bizkar goren guztietan,
errekatxuak eta ubideak izango dira,
hilketa handiaren egunean,
arerioen torreak irauliko diranean.
Jaunak bere herriaren zauria lotu
eta kolpearen haustura osatuko dauanean,
eguzkiak lez egingo dau argi iretargiak
eta eguzkiaren argia zazpi bider handiagoa izango da,
zazpi egunekoa egun baten lakoa».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 147 [146], 1-2. 3-4. 5-6 (R/. Is 30, 18)

R/.   Zorionekoak Jaunagan itxaroten dabenak.

V/.   Bai eder gure Jainkoa kantuz ospatzea,
        bai gozo ha doinu eztiz gorestea!
        Jaunak dau Jerusalem berreraikitzen,
        Israelgo erbesteratuak batzen. R/.

V/.   Bihotz-hausiak ditu osatzen
        eta hareen zauriak lotzen.
        Izarren kopurua finkatzen dau
        eta bakotxari bere izena emoten. R/.

V/.   Handia da gure Jauna, guztiz indartsua,
        haren jakituria neurribakoa.
        Jaunak zutunik eusten deutse umilei,
        lurreraino botatzen ditu gaiztoak. R/.

 

Aleluia

Is 33, 22

R/.   Aleluia.

V/.   Jauna da gure epailea eta legegilea,
        Jauna gure erregea; bera gure salbatzaile. R/.

 

Ebanjelioa

Jentetza ikustean, erruki izan eban.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 9, 35b10, 1. 5a. 6-8

    Aldi haretan, herriz herri eta auzorik auzo ebilen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuaren gaineko Barri Ona iragarten eta gatx eta gaixotasun guztiak osatzen. Jentetza ikustean, erruki izan eban, ze nekatuta eta lur jota egoan ha jentea, artzainik bako ardiak lez. Orduan, ikasleei esan eutsen: «Uzta ugaria da, baina langileak gitxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bialdu dagizan beharginak bere uztara».
    Jesusek, hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena emon eutsen espiritu txarrak botatzeko eta gatx eta gaixotasun guztiak osatzeko. Hamabi horreek bialdu zituan Jesusek, ohar honeek eginez: «Ez joan jentilen lurraldeetara ezpada zoaze Israel herriko ardi galduetara. Bidean zoazeela, iragarri hurrean dala zeruetako erreinua. Osatu egizuez gaixoak, biztu hildakoak, garbitu legenardunak, bota deabruak. Hutsean hartu dozue, emon hutsean».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Ba ete dago itxaropenean bizi izateko arrazoirik? Itxaron behar ete dogu onik? Krisialdi larrian bizi garala, bakotxak berera, ahal dauanak ahal dauana egiten dauala ikusten dogu besterenik kontuan hartu barik.

Horren ondoan, hainbeste negar eta hainbeste kexati, pobrezian, etxe barik, lanik barik, diru-sarrera barik…, inoren laguntzaz bizi izan beharrean, duintasuna galtzeko zorian…

Ba ete dago itxaropenerako arrazoirik?

Profetak Jainkoa bere herriaren alde dagoala iragarten deutso herriari; honen lanak bere frutua emongo dauala, Jainkoak holantxe daukalako ebatzita. Baina… noiz?

Gure itxaropenak bere neurria dauka, mugatuak garalako, aldian eta lekuan.

Holantxe ikusten dauz Jesusek bere inguruko herritarrak. Eta bereei dei egin deutse, doan hartua doan emotera bialduz.

Ondasun eta onuren mundua aldatuko bagendu, orain daukaguzan ardurak albo batera jaurti, eta geureak uste doguzan, eta hartutakoak diran dohaiak banantzen jardungo geuke, eta bere frutua emongo leuke: behartsu bako gizartea, senidekorragoa.

Baina zelan ulertu eta gauzatu hau?