2021/12/23

Familia santua: Jesus, Maria eta Jose

Jaunaren Jaiotzako zortziurren barruko domekan

FAMILIA SANTUA:
JESUS, MARIA ETA JOSE

A B C urteetan

     Abenduaren 25etik urtarrilaren 1a bitartean domekarik ez datorrenean eta, horregaitik, jai hau abenduaren 30ean ospatuko danean, Ebanjelioaren aurretik irakurgai bakarra aldarrikatuko da.
     Jai hau domekan ospatuko danerako, badira aukerako I. eta II. irakurgaiak, B urterako,
eta C urterako.

 

I. Irakurgaia 

Jaunari begirune deutsonak
goresten ditu bere gurasoak.

Siraken liburutik

Si 3, 3-7. 14-17a (gr. 2-6. 12-14)

Jaunak seme-alaben gainetik ohoratzen dau aita,
eta amaren aginpidea ezartzen bere umeen gain.
Aita ohoratzen dauanak bere pekatuak ezabatzen ditu,
eta ama goresten dauanak ondasunak pilotzen.
Aita ohoratzen dauanak poza izango dau bere seme-alabengan,
eta otoitz-egunean entzun egingo deutso Jaunak.
Aita ohoratzen dauana luzaro biziko da,
eta Jaunari obeditzen deutsonak atsegin emoten deutso amari.

Ene seme, zaindu aita zahartzaroan
eta ez emon nahigaberik bizi dan artean;
burua galtzen hasten bada be, izan parkabera
eta ez baztertu bizi dan bitartean;
aitari emondako laguntza ez da ahaztuko,
pekatuen ordain izango dozu.
Atsekabealdian gogoan izango zaitu Jaunak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 128 [127], 1-2. 3. 4-5 (R/. ik. 1)


 

 

 

R/.     Zorionekoa Jaunari begirune deutsona,
         haren bideetan dabilana!

V/.    Zorionekoa Jaunari begirune deutsona
         eta haren bideetan dabilana!
         Zeure lanaren frututik dozu jango,
         zoriontsu izango zara eta ondo zara biziko. R/.

V/.    Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
         zure etxe barruan;
         seme-alabak olibondo-kimuen antzeko
         zure mahai inguruan. R/.

V/.    Hara zelan izango dan bedeinkatua
         Jaunari begirune deutsona!
         Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,
         gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz
         zeure bizitzako egun guztietan. R/.

 

II. Irakurgaia

Familiako bizitza Jaunagan bizia.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 3, 12-21

  Senideok: Jantzi zaiteze bihotz errukitsuz, onberatasunez, apaltasunez, otzantasunez, eroapenez, Jainkoaren herri aukeratua, santua eta maitea zarien ezkero. Eroan egizue ondo alkar eta parkatu batak besteari, inork inoren aurka ezer baleu. Jaunak parkatu eutsuen lez, parkatu zuek be alkarri. Eta horreen guztien gainetik, izan maitasuna, hori da-eta alkartasun betearen lokarria. Kristoren bakeak agindu begi zuen bihotzean, bake horretara deituak zarien ezkero gorputz baten, eta izan esker oneko.
  Bizi bedi oparo zuengan Kristoren hitza; irakatsi eta aholkatu jakituria osoz; kantatu Jainkoari bihotzez eta esker onez salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak. Edozer esaten nahiz egiten dozuela, egizue dana Jesu Kristo Jaunaren izenean, haren bidez Jainko Aitari eskerrak emonez.
Emazteok, zagoze zeuen senarren menpe, Jaunaren jarraitzaileei dagokien lez. Senarrok, maitatu egizuez zeuen emazteak, eta ez izan gogor eurekin. Seme-alabok, egin zeuen gurasoen esana gauza guztietan, hori nahi dau-eta Jaunak. Gurasook, ez sumindu zeuen seme-alabak, gogoa galdu ez dagien.

Jaunak esana.


Aleluia      

Kol 3, 15a. 16a

R/.     Aleluia.

V/.    Kristoren bakeak agindu begi zuen bihotzean;
         bizi bedi oparo zuengan Kristoren hitza. R/.

 

C urtean

Ebanjelioa      

Gurasoek irakasleen artean aurkitu eben Jesus.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 2, 41-52

  Jesusen gurasoak Jerusalemera joaten ziran urtero erromes Pazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituanean, Jerusalemera igon eben jaietara, ohitura zan lez. Jaiegunak amaiturik gurasoak etxerantz abiatu ziranean, Jesus umea Jerusalemen gelditu zan, eurak jakin barik. Erromeskideen artean etorrelakoan, egun bateko bidea egin ostean, haren bila hasi ziran taldeko senideen eta ezagunen artean. Eta aurkitzen ez ebenez, Jerusalemera bihurtu ziran haren bila.
  Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu eben, irakasleen artean jesarrita, hareei entzuten eta itaunka. Entzuten eutsoen guztiak harrituta egozan erantzunetan erakusten eban argitasunagaitik. Gurasoak, ikusi ebenean, zur eta lur gelditu ziran, eta amak esan eutson: «Seme, baina zergaitik egin deuskuzu hori? Begira zelako atsekabez ibili garan aita eta biok zure bila!» Harek erantzun eutsen: «Zergaitik ibili zarie nire bila? Ez ete zenkien Nik neure Aitaren etxean egon behar dodana?» Hareek, ostera, ez eben ulertu zer esan gura eutsen.
  Jesus Nazaretera jatsi zan eurakaz, eta euren menpean bizi zan. Haren amak bere bihotzean gordetzen zituan gauza honeek guztiok.
  Jesus, barriz, aurrera joian jakiturian, gorpuzkeran eta grazian, Jainkoaren eta gizon-emakumeen begietan.

Jaunak esana.


Aukerako irakurgaiak


FAMILIA SANTUA:

JESUS, MARIA ETA JOSE

C urtean

I. Irakurgaia

Bizitza osorako
Jaunari eskeinia gelditu Samuel.

Samuel lehenengo liburutik

1 Sm 1, 20-22. 24-28

     Umedun geratu zan Ana eta, sasoia betetzean, semea izan eban. Samuel ezarri eutson izena, esanez: «Jaunari eskatua dot». Elkana senarrak, bere etxekoekin batera, Jaunari urteroko oparia eskeintzera eta agindutakoa betetzera igon eban hurrengo urtean be. Ez zala joango adierazo eutson Anak senarrari, esanez: «Umeari bularra kendukeran eroango dot eta Jaunari aurkeztuko deutsat, eta han geldituko da orduan betiko».
     Anak Xilora, Jaunaren etxera, eroan eban Samuel. Umea oraindino txikia zan, bularra kendu barria. Eroan ebazan hiru urteko zekorra, zaku bat urun eta zaragi bat ardao be. Zekorra oparitako hil eben, eta umea Eli abadeari eroan eutsoen.
     Anak esan eban: «Parkatu, ene jauna! Neu naz hemen, zure aurrean, Jaunari otoitzean egondako emakume ha. Ume hau eskatu neutsan, eta Jaunak emon deust eskatu neutsana. Horregaitik, Jaunari eskeintzen deutsat; bizitza osorako Jaunari eskeinia gelditzen da».
     Eta bertan Jauna gurtu eben.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 84 [83], 2-3. 5-6. 9-10 (R/. ik. 5a)

R/.   Zorionekoak, Jauna, zure etxean bizi diranak.

V/.   Bai maitagarria zure egoitza,
        Jaun ahalguztiduna!
        Nekatzen dihardut barrua,
        Jaunaren tenpluko atarien gogo beroz.
        Nire bihotzak eta gorputzak
        poz-oihu dagioe Jainko biziari. R/.

 V/.   Zorionekoak zure etxean bizi diranak
        eten barik Zu goresten!
        Zorionekoak euren indarra Zugan dabenak,
        erromesaldiak gogoan erabiltzean! R/.
 

V/.   Jauna, Jainko ahalguztiduna, entzun nire otoitza,
        Jakoben Jainkoa, makurtu belarria.
        Oi Jainko, gure babesle hori,
        begiratu zuk igurtzitakoaren aurpegiari. R/.

 

II. Irakurgaia

Jainkoaren seme-alaba izena daroagu,
baita izana be.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 3, 1-2. 21-24

     Seme-alaba maiteok: Begira zenbaterainoko maitasuna agertu deuskun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena daroagu-eta, baita izana be. Hona zergaitik munduak ez gaituan ezagutzen: Aita be ezagutu ez ebalako. Ene maiteok, orain Jainkoaren seme-alaba gara; gero izango garana oraindino ez da agertu. Badakigu, Kristo agertuko danean, haren antzeko izango garala, dan lakoa ikusiko dogu-eta.
     Ene maiteok, barruak errudun garala esaten ez badeusku, uste osoa dogu Jainkoagan. Seme-alaba maiteok: Eskatu ahala guztia hartzen dogu Jainkoagandik, haren aginduak betetzen doguzalako eta hari atsegin jakona egiten. Eta hauxe da haren agindua: haren Seme Jesu Kristoren izenean sinistu eta alkar maitatu dagigula, harek agindu euskun lez. Haren aginduak betetzen dituana Jainkoagan dago eta Jainkoa harengan. Honan dakigu gugaz dagoala: emon deuskun Espirituaren bidez.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Eg 16, 14b

R/.   Aleluia.

V/.   Edegi, Jauna, gure bihotza,
        gogoz onartu daiguzan zure Semearen hitzak. R/.

 

Ebanjelioa

Gurasoek irakasleen artean aurkitu eben Jesus.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 2, 41-52

     Jesusen gurasoak Jerusalemera joaten ziran urtero erromes Pazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituanean, Jerusalemera igon eben jaietara, ohitura zan lez. Jaiegunak amaiturik gurasoak etxerantz abiatu ziranean, Jesus umea Jerusalemen gelditu zan, eurak jakin barik. Erromeskideen artean etorrelakoan, egun bateko bidea egin ostean, haren bila hasi ziran taldeko senideen eta ezagunen artean. Eta aurkitzen ez ebenez, Jerusalemera bihurtu ziran haren bila.
     Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu eben, irakasleen artean jesarrita, hareei entzuten eta itaunka. Entzuten eutsoen guztiak harrituta egozan erantzunetan erakusten eban argitasunagaitik. Gurasoak, ikusi ebenean, zur eta lur gelditu ziran, eta amak esan eutson: «Seme, baina zergaitik egin deuskuzu hori? Begira zelako atsekabez ibili garan aita eta biok zure bila!» Harek erantzun eutsen: «Zergaitik ibili zarie nire bila? Ez ete zenkien Nik neure Aitaren etxean egon behar dodana?» Hareek, ostera, ez eben ulertu zer esan gura eutsen.
     Jesus Nazaretera jatsi zan eurakaz, eta euren menpean bizi zan. Haren amak bere bihotzean gordetzen zituan gauza honeek guztiok.
     Jesus, barriz, aurrera joian jakiturian, gorpuzkeran eta grazian, Jainkoaren eta gizon-emakumeen begietan.

Jaunak esana.

 

GABON OSTEKO DOMEKEA

(FAMILIA SANTUA)

Hitzaldia

   Senideok: Gabon egun osteko domekan, Eleizeak Familia Santua gogoan hartzera gonbidatzen gaitu. Egun honetako Liturgiak sinismena azpimarratzen dau, eta honen garapena. Ez dira bardinak Itun Zaharreko sinismena eta gurea. Ez leuke bardinak izan behar, behintzat. Bitartean Jainkoa gizon eginaren misterioa dagoalako.

   Batzuentzat, sinismena, Jainkoari eskatzea, eta harengandik lortzea litzateke. Eta, horretarako, inori kalterik ez egitea, ona izatea, eta Jainkoari, haren ordez, zeozer eskeintzea.

   Baina hemen ikusi doguna beste gauza bat da: Jainkoari adi-adi egotea. Jainkoari adi dago Abrahan; adi dagoz, ohiturak betez, Jose eta Maria; eta adi dagoz, itxaroten Simeon eta Ana. Hau bai sinismena: Jainkoari adi egotea.

   Lehengo sinismenean, Itun Zaharrekoan esango geuke, nahikoa izango litzateke, gaur egungo familien egoerea ikusita, Jainkoari hareen alde eskatzeaz.

   Baina Itun Barriko sinismenak, Jainkoari adi egoten dakianak, harek zer dinoskun entzutea, eta dinoskunagaz konprometitzea eskatuko leuke.

   Harrituta bagaukez gaur egun ikusten doguzan familiek, hareetan Jainkoaren ahotsa eta nahia entzuten eta aurkitzen jakin behar izango geuke. Zein errez ezeztatzen doguzan beti ezagutu dogun erara moldatzen ez diran familiak! (Aurretik banandutakoez osotu diralako; edo andrazko bik edo gizonezko bik egiten dabelako guraso; edo, aita edo ama bakarrean izan gura dabelako; eta abar).

   Jainkoak era askotakoak egin bagaitu, ez ete geuke alkar onartu behar, alkarri  lagundu behar, bakotxaren onurak alkarbanatu behar…?

   Ea eredu hartzen doguzan Jainkoaren irakatsiei erantzun gura deutseen Jose eta Maria; haren agintzarien betetea itxaroten dauan Simeon; eta hareen barri poztasunez emoten eban Ana.

   Gaurko sinismena litzateke Jainkoari adi egotea, haren berbea alkarregaz ospatzea, eta, alkarregaz, sinistun familia eratzea, batabesteen ezbardintasunak alkarregaz eroaten jakinez.

   Horretarako, otoitzean indar hartuz.

   Ikasi daigun Mariagandik: ulertzen ez ebazan gauzak barruko isiltasunean, otoitzaren errotan, eihoten ebazan.

 

 (LAGUNGARRIAK)

GABON OSTEKO I. DOMEKEA /C

(Familia Santua)

Sarrera oharra

     Senideok: Jainko Seme gizon eginari ondo etorria egin ondoren eta gure artean leku egin ondoren, Gabonetako misterioak Nazareteko Familian sartu gura gaitu, bertan aurkitzeko Jainkoak guretzat gura dauzan giza hartu-emonak. Begiak Belengo estalpean, eta entzumena Jainkoaren hitzean jarrita, goazen alaitasun guztiaz Jainkoaren bila gure etxeko ateak zabaldurik.

 

Sarrera-abestia

Gora, gora, gora hotsegin
Alaitasun ta txaloekin, guztiok poztu eragin.
Agertu da Jaungoikoa, Mariagandik sortua (bis).

Gazteok, arren, abestu: Jaiobarria goraldu,
abots batez eupatu!
Agertu da Jaungoikoa, Mariagandik sortua (bis).

Izan bedi onetsia Gizonen salbatzailea
hobenen kentzailea.
Agertu da Jaungoikoa, Mariagandik sortua (bis)

 

Abadearen agurra

† Aitaren eta Semearen eta Espiritu santuaren izenean.
—Amen.

† Gure artean gizon jaioaz gure bizitza alaitasunez, argiz eta itxaropenez janzten dauan Jauna izan bedi zuekin.
—Eta zure espirituarekin.

 

Aintzarako oharra

     Belengo estalpean abesten daben Aingeruekaz alkartu daigun gure ahotsa Jainkoaren aintza izadi osoagaz batera abesteko eta gure barruak eta ingurua alaitzeko:

     * Aintza zeruan Jainkoari.

     —Aintza zeruan (3) Jaunari, eta bakea (2) lurrean gizonari (bir).

1. Handi ta eder zaitugulako gora zu!, eskerrak zuri;
zure Semea gu salbatzera bialdu dozu gugaitik.

2. Gugaitik jaio, gugaitik bizi, gugaitik, Jesus, hil zinan;
gugaitik gora, bizturik zara Jainko Aitaren argitan

 

Si 3, 3-7

     Gizakiak bere oinarriak eta babesa familian jarten dauzanean ha zaindu egin behar dau, eta zainketa hori Jainkoaren gurari lez onetsiko dau. Hauxe dogu deigarri. Argituko ete dau irakurgai honek gaur egungo gure familia-eredua?

Erantzun salmoa

     Salmisteak Jainkoa lagun modura hartzen dau; ez deutso etxe-bizitzan eragozpenik egiten; bai, ordea, dauala lagungarri. Bat egin daigun beragaz, otoizgiroan.

R/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsona
Haren bideetan dabilana.

 

Kol 3, 12-21

     Danok dakigu zein gatxak egiten jakuzan hartu-emonak etxe barruan batez ere, edo bikotearen sailean, edo eguneroko lanean… Zeozer ez ete dau eskatzen gure barruak alkarregaz bakez bizi izateko? Ea aintzat hartu geikezan Paulo apostoluaren aholkuak.

Ebanjelioa (Lk 2, 41-52)

     Egin deiogun harrerea Nazareteko Familia gora-beheratsua eredu emongo deuskun ebanje­lio­ari Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

     † Hirutasunean familia bakar danagana joten dogu gure arazoak eta amesak eta eskariak berari aurkezteko:

—Elizearen alde: arazo handien artean bizi diran familien ondoan egoten jakin daian, eta hareentzat argi, laguntza eta adore izan daiten, egin daigun otoitz.

—Gizaki guztiok eratu behar izango eta gura izango geuken familia bakar, alkarrentzako begiramenduna eta alkarri laguntzekoa, eraikitzen jardun daigun pandemia-gatx honek adoreturik, egin daigun otoitz.

—Aita santuaren berbak aintzat hartuz, ez daigun lehiara jo edo nor-gehiagokara, egoera honi alkarregaz erantzun behar deutsagula gogoan izatera baino, egin daigun otoitz.

—Gaurko familiek seme-alabak eukiteko eta hareik maitatzeko eta hezteko erea izan daien, eta baita honek eskatzen deutsen ausardia eta adorea ere, egin daigun otoitz.

—Kristau alkartetik autokritika egiteko gauza izan gaitezan, gure ziurkerietatik urteten ahalegindu, eta ebanjelioko argitasuna eta poztasuna zabaltzeko alkar adoretu daigun, egin daigun otoitz.

 † Nazareteko Familiaren irri-barreaz beteten gaituzun Jainko maitalea: izan gaitezala gure familietako poz-iturri. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

 

Jaunartzerako

1     Gau erdian Zu zara distira argizkoa,
    isiltasun osoan hor zure mintzoa.

R/.  Maitasun-agerpen!
      Isiltasun osoan Hitza gizon sortzen.

2    Urratu da mundutik ilunpe itxia,
    sortuazoz zerutik Zuk argi barria.

 

OHARRAK

 

Azkenerako abestia

Agur, Maria Belengo, Jesus haurrarekin.
Agur, graziaz betea, Jauna da zurekin.

1.  Jauna ta Jesus da zure sabeleko frutu;
andra guztien artean bedeinkatua zu.

2. Ama-semeak han dagoz hain apal, hain xume:
Ama, Andra Maria da, Jaungoikoa ume. R/.

3. Santa Maria Birjina, Jainkoaren Ama,
Otoitz egin gure alde, Zagoz guregana. R/.

4. Zure beharrean gagoz, Ama, betiere;
Heriotzako orduan batik bat halere. R/.

 

OTOITZA

Nazareteko Familia emoten deuskuzu eredu Jauna;
hantxe egiten zaralako bat gure izateaz,
hantxe aurkitu dozulako leku
Mariaren apaltasunari eta baietzari esker.

Nazareteko Familia santua izan gura dot argi
nire bizitzako ilunak argitu daizan,
zuri bai erantzuten irakatsi deidan,
nire bizitzan leku zain daizun beti.

Ez daidala idealizatu familia eredu bakar bat;
gaurko familia ereduei begiratzen jakin daidala;
gaurko gizakien atsekabez eta zintzo erantzun guraz
bat egin daidala eta zeuri aurkeztu deizudazala,
zeu zaralako, Jauna, guztion onespen eta helburu.