2022/10/21

Abenduko II. astea


Abendualdiko II. astelehena

I. Irakurgaia

Jainkoa bera dator zuek salbatzera.

Isaias Profetaren liburutik

Is 35, 1-10

    Poztu beitez basamortua eta lur agorra,
alaitu bedi eremua, eta lilia lez loratu,
jantzi bedi lorez eta egin begi irrintzi eta jauzi pozaren pozez.
Libano baizen zoragarri
eta Karmel mendia eta Xaron lautada baizen eder bihurtuko dira.
Ikusiko dabe Jaunaren aintza, gure Jainkoaren edertasuna.

Indartu egizuez esku ahulduak, sendotu belaun makalduak;
esan bihotz-bildurtiei:
«Eutsi gogor! Ez bildurrik izan! Horra zuen Jainkoa!
Berbera dator zuek salbatzera
eta merezi daben zigorra arerioei emotera».

Orduan, itsuen begiak edegiko dira
eta gorren belarriak zabalduko;
herrenak basahuntzak lez salto egingo dau
eta mutuaren mihinak oihu egingo pozez.
Urak sortuko dira basamortuan eta errekak eremuan;
lur idorra urtegi bihurtuko da eta lur agorra iturri.
Basatxakurren etzunlekuan kanaberak eta ihiak haziko dira.

Bide zabala izango da han, eta «Bide Santua» deituko deutsoe.
Kutsatutako inor ez da han ibiliko,
ezta zentzunbakorik be handik joango.
Han ez da lehoirik izango, ezta piztitzarrik be aurkituko.
Jaunak askatuak ibiliko dira bide horretan,
harek libratuak bihurtuko handik.
Pozez kantari etorriko dira Sionera;
amaibako alaitasuna hareen aurpegian!
Poza eta alaitasuna izango dabez lagun.
Nahigabeak eta negarrak ihes egingo dabe.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 85 [84], 9ab eta 10. 11-12. 13-14 (R/. Is 35, 4d)

R/.   Horra gure Jainkoa;
        bera dator gu salbatzera!

V/.   Entzungo dot Jainkoak dinoana:
        Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.
        Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;
        bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

V/.   Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,
        justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
        Leialtasuna lurretik da ernetzen,
        justizia zerutik jaisten. R/.

V/.   Jaunak emongo dau euria,
        eta gure lurrak ekarriko bere uzta.
        Haren aurretik joango da justizia,
        haren pausuei jarraituko deutse ondoizateak. R/.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Begira, badator Erregea, lurbiraren Jauna;
        berak hausiko dau gure morrontzaren buztarria. R/.

 

Ebanjelioa

Harritzekoak ikusi doguz gaur.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 5, 17-26

    Aldi haretan, Jesusek irakasten ziharduan. Han egozan jesarrita Galileako eta Judeako auzo guztietatik eta Jerusalemdik etorritako fariseu eta lege-maisu batzuk. Eta Jaunaren indarrak gaixoak osatzera bultzatzen eban Jesus.
    Horretan, etorri ziran gizon batzuk elbarria esku-ohean ekarrela eta barrura sartu gura eben, Jesusen aurrean ipintzeko. Baina jentetzagaitik ez ebenez aurkitzen nondik sartu, etxe gainera igon eta, teilak kendurik, esku-ohe eta guzti jatsi eben erdira, Jesusen aurrera. Hareen sinismena ikusirik, Jesusek esan eban: «Gizona, parkatuta daukazuz pekatuak!»
    Lege-maisu eta fariseuek inoen euren barruan: «Nor dogu biraoka dabilen hau? Nork parkatu leikez pekatuak, Jainkoak baino?»
    Baina Jesusek, hareen burutapenak igarririk, esan eutsen: «Zer burutapen darabilzue zeuen barruan? Zer da errezago esatea: “Parkatuta daukazuz pekatuak” ala “Jagi eta zabiltz?”Hara, bada, oraintxe ikusiko dozue Gizonaren Semeak badaukala lurrean pekatuak parkatzeko ahalmena. Eta esan eutson elbarriari: “Zeuri dinotsut: Jagi zaitez, hartu esku-ohea eta zoaz etxera”». Jagi zan ha behingoan danen aurrean, hartu eban etxunda egoan eskuohea eta etxera joan zan, Jainkoa goratuz.
    Harrituta gelditu ziran guztiak eta Jainkoa goratzen eben. Eta, bildurrez beterik, holantxe inoen: «Harritzekoak ikusi doguz gaur».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Jesusek hitza iragarten dihardu hainbesteren aurrean, eta Espirituak osakuntzak egitera bultzatzen eban

Zer ikusten dau, baina, Jesusek lagunaren osakuntza eskatzera jatorkozan hareengan? Sinismena!

Eta, nondik hasten da osatzen Jesus? Gizona, parkatuta daukazuz pekatuak!

Han egozan Lege-gizon eta Fariseuentzat jauspide izan ziran berbok (eskandalu). Eta guretzat?

"Pekatua! Zer da pekatua? Horreik lehengo gauzak dira" —esaten entzuten da sarritan gure artean.

Pentsatekoa dogu zer ulertu izan dogun, edo zer ulertzen dogun berba horren (pekatua) edukinaz.

Jesusek, lagun bat osatzeko emoten dauan lehenengo pausua, sinismenari esker pekatuak parkatuta daukazala gogoratzea da.

Ukatzen badogu pekatua, ez badakigu autortzen, bildurpean, ezkutatu egiten badogu…, haren menpe izango gara beti.

Jesusengan uste on osoa jarriz, osasuna izatekotan pekatuari uko egin behar deutsagula onartzen badogu, ha lez geu ere Espirituak osakuntzak egitera bultzatuko gaitu.

 

 

Abendualdiko II. martitzena

I. Irakurgaia

Jainkoak bere herria kontsolatu.

Isaias Profetaren liburutik

Is 40, 1-11

    «Kontsolatu egizue, kontsolatu nire herria, dino Jainkoak.
Berba egin bihotzera Jerusalemi, egiozue oihu:
betea dauala bere morroialdia, ordaindua bere erruen zorra,
Jaunaren eskutik hartu dau-eta bere pekatu guztien ordain betea».

Ahots bat deadarka dago:
«Prestatu basamortuan bidea Jaunari;
zelaitu eremuan galtzada gure Jainkoari.
Bete daitezala haranak, beheratu mendi eta muinoak;
bardindu daitezala malkarrak, zelaitu lur-maldak.
Orduan Jaunaren aintza agertuko da,
eta gizaki guztiek batera ikusiko dabe.
—Jaunak berak esan dau–».

Ahots batek dino: «Deadar egizu».
Eta nik: «Zer egin behar dot deadar?»
«Gizaki guztiak bedarraren parekoak dira,
hareen edertasuna mendi-lorearena lakoa;
Jaunak bere arnasaz haize emotean,
igartu egiten da bedarra, zimeldu lorea.
Bai, bedarraren pareko da herria!
Igartzen da bedarra, zimeltzen lorea;
gure Jainkoaren hitzak, ostera, betiko dau irauten».

Igon mendi-gailurrera, Siongo mezularia;
egin deadar handi, Jerusalemgo mezularia;
egin deadar, ez bildur izan.
Esan Judako uriei:
«Hona hemen zuen Jainkoa.
Hara, indarrez jantzita dator Jainko Jauna,
eta haren besoa nagusi da.
Hara, beragaz dakar garaipen-agiria
eta bere aurretik berak askatutako herria.
Artzainak lez zaintzen dau artaldea;
arkumeak besoan hartu eta altzoan eroaten ditu,
ardi-ama barriak arduraz gidatzen».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 96 [95], 1-2. 3 eta 10ac. 11-12. 13 (R/. ik. Is 40, 9-10)

R/.   Hara, indarrez jantzita etorriko da gure Jainkoa.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
        kanta Jaunari, lur osoa,
        kanta Jaunari, bedeinkatu haren izena!
        Iragarri egunez egun salbatzaile dala. R/.

V/.   Zabaldu haren ospea nazinoetan,
        haren mirariak herri guztietan.
        Esaizue nazinoetan: «Errege da Jauna,
        herriak zuzenbidez ditu epaitzen». R/.

 V/. Poztu bedi zerua, alaitu lurra,
        egin begi orroe itsasoak eta bertako guztiak,
        egin jai landa zabalak eta bertan dan guztiak,
        egin poz-oihu, basoko zuhaitz guztiok. R/.

V/.   Jaunaren aurrean, badator-eta,
        badator lurra epaitzera.
        Justiziaz epaituko dau mundua
        eta leialtasunez herriak. R/.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Hurrean da Jaunaren eguna;
        begira, badator gu salbatzera. R/.

 

Ebanjelioa

Jainkoak ez dau nahi txiki honeetako bat be galtzerik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 18, 12-14

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zer deritxozue? Gizon batek ehun ardi baditu eta bat galtzen bajako, ez ete da laurogeta hemeretziak mendian itzi eta galdutakoaren bila joango? Eta aurkitzen badau, benetan dinotsuet, poz handiagoa izango dau bakar hagaitik, galdu ez diran laurogeta hemeretziakaitik baino. Era berean, zeruko zuen Aitak ez dau gura txiki honeetariko bat be galtzerik».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Zeruko zuen Aitak ez dau gura txiki honeetariko bat be galtzerik entzutean, zer pentsatzen dogu? Non geratzen da sartu izan jakun bildurrezko Jainkoa?

Jesusek hur-hurreko Jainkoa iragarten deusku; eta harengan sinisten dogunok ez daukagu Jainkoaren bildurpean bizi izan beharrik.

Jainkoak ez dau bererik inor galdu gura. Gu bereak gara, eta ezelan ere ez gaitu galduazoko; haren poza gu bere zorionean izan gaitezala da.

Hau entzuten dogunok ezin geike inoren kalterik gura izan, ez bilatu behar, kalterik handiena egin izan badeusku ere.

Zelango inguru ederra sortuazoko geuken Jainkoaren seme-alaba lez gure Aitaren antza hartzen hasiko bagina! Galdutako ardiaren bila; lepoan hartzen; ha aurkitzeaz edo Jesusenganatzeaz pozten…

Ezinezkoak, ulertezinak edo guzurrezkoak lez hartzen doguzan irudiak, geure bizitzan eta egunerokoan aurkituko geukez gauzatuak.

Hara, indarrez jantzita dator Jainkoa… artzainak lez zaintzen dau artaldeaPoz handiagoa izango da aurkitu bakar bategaitik…

 

 

Abendualdiko II. eguaztena

I. Irakurgaia

Jainko ahalguztidunak emoten deutso nekatuari adorea.

Isaias Profetaren liburutik

Is 40, 25-31

    Hauxe dino Jainko santuak:
«Zeinen antzeko egingo nozue?
Nor Ni lakorik?»
Jaso gora begiak eta ikusi:
Nork egin ditu horreek guztiak?
Banaka-banaka ataratzen ditu zeruko astroak
eta bakotxari bere izenaz deitzen deutso;
hain da-eta ahaltsu, hain biziro indartsu,
batek be ez deutso haren deiari huts egiten.

Zergaitik zabiltz, Jakoben herri, esaka;
zergaitik, Israel, marmarka:
«Jaunak ez ditu nire bideak ezagutzen,
nire Jainkoa ez da nire auziaz arduratzen!»
Ez dakizu ala? Ez dozu entzun?
Jauna da betiko Jainkoa, lur osoaren Egilea.
Ez da nekatzen, ez lur jota geratzen;
ulertu daitekena baino handiagoa da haren adimena.
Harek emoten deutso nekatuari adorea eta ezinduari indarra.
Nekatu eta eten egiten dira gazteak,
ahuldu eta jausi mutilak;
Jaunagan itxaroten dabenak, barriz, indarbarritu egiten dira:
hegoak hazten jakez arranoei lez,
arin-arin egin eta ez dira nekatzen,
ibili eta ez dira lur jota geratzen.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 103 [102], 1-2. 3-4. 8 eta 10 (R/. 1a)

R/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!

V/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
        nire barru osoak haren izen santua.
        Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
        ez bedi ahaztu haren mesedeaz. R/.

V/.   Erru guztiak deutsuz parkatzen,
        gatx guztiak osatzen;
        zure bizia hilobitik askatzen dau,
        maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.

V/.   Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
        hasarregatxa eta onginahiz betea.
        Ez gaitu erabiltzen gure pekatuek merezi daben lez,
        ez deusku ordaintzen geure erruen arabera. R/.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Begira, badator Jauna bere herria salbatzera;
        zorionekoak hari bidera urteteko gertu dagozanak! R/.

 

Ebanjelioa

Zatoze Nigana nekatu guztiok.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 11, 28-30

    Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Zatoze Nigana nekatu eta lanpetu guztiok, eta Neuk arinduko zaituet. Hartu egizue nire buztarria eta ikasi Neugandik, ze gozoa eta bihotz-apala naz, eta aurkituko dozue zeuen arimentzako atsedena. Izan be, Nire buztarria leuna da, eta nire zama arina».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Jainkoak bere herriaren atseden izan nahi dau, gidari eta euskarri. Zergaitik bizi izan gura dau herriak bere Sortzaileari lepo emonda? Zergaitik bilatzen dauz beste atseden, gidari edo euskarri batzuk? Bere buruaren jabe izan gura ete dau, ba, bere Egilearen eskutik ihes eginda? Zoriontsu izango ete da horrela?

Barruko sakontasunean ondo daki ezetz; baina zeozerk daroa sakoneko ahotsari jaramonik egin ez eta azaleko deiei jaramon egitera.

Zenbat denpora emoten dogun —ezta?— azaleko gure guzurrezko izakerea zaintzen, besteen aurrean argi, alai eta zoriontsu agertzeko.

Baina luzarora barik agertzen jakuz larrialdiak, estukurak, ondoezak eta hondamenaren garrasiak… Zer egin? Nora jo?

Jesusek Jainkoa gugandik ez dala aldentzen dinosku. Beti jo geikela harengana babes bila. Bera Jesus ere prest dago gu bere buztarpean hartzeko.

Izango ete ginateke gauza Jesusek jarten dauan baldintza bakarra beteteko? Bihotz apaltasuna.

Jainkoagana hurreratzeko ez da besterik behar. Baina harrokeria larregiren inguruan ez ete gara geu ere harroegiak bihurtu?

Hortxe dogu Jesusen deia: «Zatoze Nigana nekatu eta lanpetu guztiok, eta Neuk arinduko zaituet».


 

 

Abendualdiko II. eguena

I. Irakurgaia

Ni Neu nozu lagun, Israelgo Santua.

Isaias Profetaren liburutik

Is 41, 13-20

    Nik, Jaunak, zure Jainkoak, eskutik hartzen zaitut,
eta esaten deutsut:
«Ez bildur izan, Ni Neu nozu lagun».

Ez bildur izan, Jakoben herri,
harra baizen ezereza zaran hori, Israelgo jente!
Ni Neu nozu lagun, dino Jaunak,
Israelgo Santua dozu askatzaile.

Tresna barri bihurtzen zaitut,
hortz zorrotzeko eskubara;
mendiak areatu eta birrinduko dozuz,
menditxuak lasto bihurtuko.
Zuk haizatu, eta haizeak eroango ditu,
ekatxak sakabanatuko.
Zu, barriz, Jaunagaz atseginez beteko zara,
Israelgo Santuagaz poztuko.

Dohakabe eta behartsuak ur eske dabiltz
eta urik ez; egarriak lehortu deutse mihina.
Nik, Jaunak, erantzungo deutset;
Nik, Israelen Jainkoak, ez ditut itziko.

Mendi lehorretan ibaiak sortuazako ditut
eta ibarren erdian iturriak.
Basamortua urtegi bihurtuko dot,
lur idorra iturburu.

Zedroak, akaziak, mirtoak eta olibondoak
landatuko ditut basamortuan,
zumarrak, zipresak eta izeiak eremuan.
Holan, guztiek ikusiko dabe eta jakingo,
jaubetu eta ulertuko,
Jaunaren eskuak egin dauala hori guztia,
Israelgo Santuak sortu dauala.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 145 [144], 1 eta 9. 10-11. 12-13ab (R/. 8)

R/.   Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
        hasarregatxa eta onginahiz betea.

V/.   Goratuko zaitut, ene Jainko, ene errege,
        bedeinkatuko dot zure izena betiere.
        Ona da Jauna guztientzat,
        errukiz betea bere sorkari guztientzat. R/.

V/.   Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
        bedeinkatu zeure fededunek;
        aitatu begie zure erregetza ospetsua,
        berba egin begie zure ahalmenaz. R/.

V/.   Gizakiei agertuz zure egite ahaltsuak,
        zure erregetza ospetsuaren bikaintasuna.
        Zure erregetza betiko erregetza,
        gizaldiz gizaldikoa zure nagusitza. R/.

 

Aleluia

Ik. Is 45, 8

R/.   Aleluia.

V/.   Isuri goitik, zeruok, iruntza lez,
        isuri Garailea, hodeiok, euria lez!
        Edegi bedi lurra eta emon begi Salbatzailea. R/.

 

Ebanjelioa

Ez da sortu Joan Bateatzailea baino handiagorik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 11, 11-15

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Benetan dinotsuet: Ez da sortu amaren semerik Joan Bateatzailea baino handiagorik. Halan be, zeruetako erreinuan txikiena ha baino handiago da.
    Joan Bateatzailea agertu zan egunetatik gaur arte, zeruetako erreinua indarrez hartzen da, eta indar egiten dabenek eskuratzen dabe. Profeta guztien eta Moisesen agintzarien sasoia Joan Bateatzailearekin amaitzen da. Joan hau da etortzekoa zan Elias, gura badozue onartu. Belarririk daukanak entzun begi».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Ez bildurrik izan. Ni neu nozu lagun, Profetagandik entzundako berbok eroan behar gaitue gure uste ona zertan oinarritzen dogun aztertzera.

Bizitza erosoa gura dogu, eta ondasunak pilatzen ahalegintzen gara; eta eralgikerian bizi gara, atsegina horretan hartuz, eta zoriontsu holantxe garala uste izanik.

Baina konturatu gara gure eralgikeriaz Lurra deuseztera garoazala: gero eta bero handiagoak jasaten doguz, eta izurriteak, uholdeak eta geure arteko haserreak, ondorengoei ez deutsegulako gauza onik lagako.

Jesusek bere aldikoei egiten eutsen proposamenak hartu daiguzan aintzat. Harei gatx egingo jaken Bateatzailea orduko profeta lez onartzea, Elias berbera lez. Gatx egingo jaken haregaz aldi zaharrak amaitu eta barriei atea zabaltzeko Jesusengan beragan jarri behar ebela ustea onartzea…

Geuri ere gatx egingo jaku bizitza-abiadurea txikiagotzea, kontsumoa murriztea, planeta bat baino ez daukagula-eta ha zaindu beharra dogula onartzea…

Baina hori gura dogunok argi euki daigun uste ona Jesusengan jarrita bideratu geikela. Ez dagoala geure esku. Bajatorkunaren hitzak bultzaturik ibiliko gara, zuzentasunaren bideetan. Zabaldu deiogun bihotza.

 

 

Abendualdiko II. barikua

I. Irakurgaia

Nire aginduak aintzakotzat hartuko bazenduz!

Isaias Profetaren liburutik

Is 48, 17-19

    Honan berba egiten dau Jaunak, zure askatzaileak, Israelgo Santuak:
«Nik, Jaunak, zure Jainkoak,
on jatzuna erakusten deutsut,
ibili behar dozun bidean gidatzen zaitut.
Ai nire aginduak aintzakotzat hartuko bazenduz!
Ibaika izango zenduke zoriona, uholdeka salbazinoa.
Itsas hondarra baizen ugari izango litzatekez zure ondorengoak;
hondar-aleak beste zure seme-alabak;
hareen izena ez litzateke amatatuko,
ez nire aurretik hondatua izango».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6 (R/. ik. Jn 8, 12)

R/.   Zuri jarraitzen deutsunak, Jauna,
        izango dau bizirako argia.

V/.   Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez deutsona,
        pekatarien bidean ez dabilena,
        lotsabakoen batzarretan jesartzen ez dana;
        zorionekoa Jaunaren legean atsegin dauana,
        haren legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.

V/.   Ur-ertzean landatutako zuhaitzaren antzekoa da:
        emoten dau bere sasoian frutua,
        eta ez jako orririk igartzen;
        egiten dauan guztiak ondo deutso urteten. R/.

V/.   Ez holan gaiztoak, ez holan,
        haizeak daroan lastoaren antzekoak dira.
        Jaunak zaintzen dau zintzoen bidea;
        gaiztoena, barriz, galdu egiten da. R/. 

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Badator Jauna, urten egiozue bidera,
        bera da Errege bake-emoilea. R/.

 

Ebanjelioa

Ez deutsoe entzuten ez Joani, ez Gizonaren Semeari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 11, 16-19

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Zeinen antzekoa dala esango neuke gizaldi hau? Plazan jesarrita dagozan umeen antzekoa da; ze holan oihu egiten deutsie batzuek besteei:

“Soinua jo deutsuegu, eta zuek dantzarik ez;
hiletak jo, eta zuek aienerik ez”.

    Izan be, etorri zan Joan Bateatzailea, ez jan ez edan egiten ez ebala, eta deabruak harturik dagoala dinoe. Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten dauala, eta holan dinoe: “A zer tripontzi eta mozkortia, zergalari eta pekatarien adiskidea”. Baina egiteek Jainkoaren jakituriari emon deutsoe arrazoia».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Ai nire aginduak aintzakotzat hartuko bazenduz! —kexatzen da Jainkoa profetaren ahoz.

Eta kexu da Jesus bere herritarrek ez dabelako egiten, ez egiten izten: Bateatzaileagaitik, deabruak hartuta dagoala, eta Jesus beragaitik, tripontzi eta mozkortia dala, pekatarien mahaike dala, dinoe-eta.

Pausurik emon gura ez dauanak edonondik bilatuko dau kexarako motiboa. Besteek egiten dabena alperrekoa, txarra, edo, onenean, hondamena ez dauala saihestuko  uste dau.

Gure inguruan gehiegikeriak eta zuzengabekeriak eta agintekeriak eta eralgikeriak eta beste keria asko ikusten dogu. Baina badira hainbeste eta hainbeste besteei begiak zabalduazoten ahalegintzen diranak; euren kontsumoa hein handi baten murriztu dabenak; emakumearen alde urteten dabenak; gerra eta zapalkuntza guztien aurka aldarrikatzen dabenak…

Jesusen oihuak ez ete doguz entzungo haren jarraitzaile garanok, eta erosokeria laga eta ibilbidea ez ete dogu hasiko?

Eleizeak Sinodalidadea bultzatzera egiten deusku dei. Beharrezkoa dau gure esku-hartzea; besteek zelan egiten daben begitu eta egiten dabena gaitzestetik urten, eta, egiten dogun apurrak —handiak eta asko ere ez gara-eta—, bere eragina izango dauala uste izanik, emon daigun geuri dagokiguntxoa.

 

 

Abendualdiko II. zapatua

I. Irakurgaia

Barriro etorriko da Elias.

Siraken liburutik

Si 48, 1-4. 9-11

    Sua lez agertu zan Elias profeta,
haren hitzak zuziak lez erretzen eban.
Gosetea ekarri eban israeldarren gainera,
gitxitu egin ebazan bere jainkozaletasun gartsuaz.
Jaunaren aginduz euria egitea galarazo eban,
eta hiru aldiz jaitsiazo sua zerutik.
Bai ospetsua izan zinala, Elias, zeure mirariakaitik!
Nor harrotu, zu adinakoa dalakoan?
Suzko zurrunbiloan eroan zinduezan zerurantz,
suzko zaldiek eroien gurdian.
Idatzirik dago, egun baten etortzekoa zarala,
Jaunaren sumina baretzera, lehertu baino lehen,
gurasoak eta seme-alabak adiskidetzera,
eta Jakoben leinuak barriztatzera.
Zorionekoak zu ikusi zinduezanak
eta maitasunean lokartu ziranak!

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 80 [79], 2acd eta 3bc. 15-16. 18-19 (R/. 4)

R/.   Jainko, berbiztu gagizuz;
        salbatu gaitezan, zeure begia leun agertu egizu.

V/.   Entzun, Israelen artzain,
        hegodun izakien arteko tronuan zagozan horrek!
        Indartu zeure ahalmena
        eta zatorkiguz salbatzera. R/.

V/.   Jainko ahalguztiduna, bihurtu, arren,
        begiratu zerutik, ikusi!
        Hartu egizu zeure mahatsondoaren ardura,
        zaindu zeure eskuz landatu dozuna. R/.

V/.   Emoiozu eskua zeure aukeratuari,
        zeure indarrez jantzi dozun gizasemeari.
        Ez gara Zugandik inoiz aldenduko;
        Zuk bizia emongo deuskuzu
        eta guk dei egingo deutsagu zure izenari. R/.

 

Aleluia

Lk 3, 4. 6

R/.   Aleluia.

V/.   Prestatu bidea Jaunari,
        zuzendu bidezidorrak hari;
        ikusiko dabe gizaki guztiek
        Jainkoaren salbazinoa. R/. 

 

Ebanjelioa

Elias etorri da, eta ez dabe aintzat hartu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 17, 10-13

    Menditik jaistean, itaundu eutsoen ikasleek Jesusi: «Zelan dinoe lege-maisuek, lehenengo Eliasek etorri behar dauala?»
    Jesusek erantzun eutsen: «Bai, Eliasek etorri behar eban eta gauza guztiak erabarritu. Baina hara zer dinotsuedan: Elias etorria da, eta ez dabe aintzat hartu, ezpada ze gura izan daben guztia egin deutsoe. Era berean, Gizonaren Semeak be oinazeak jasango ditu horreengandik». Orduan konturatu ziran Joan Bateatzaileaz ebilkiela.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Ontzat emoten dan gauzea da batzuk beste batzuk baino etxekotasun handiagoa dabela Jainkoagaz.

Honei begitu egiten jake; honeik goraldu egiten dira…; baina bildur ere hartzen jake, eta baztertu eta hil ere egiten dira, gogoko ez jakuzalako.

Zer ete gara, zemaipean baino ezin bagaitue hezi? Bildurpean hazi behar dogu, eta Jainkoa, harengandik etorri leikiguzan zigorren bildurragaitik maitatu behar dogu?

Antxinako profetek Jainkoaren aldetiko zigorrak iragarten ebezan desbideratzen zan herria onbideratzeko asmotan. Beste batzutan, herria hondatuta ikustean, itxaropen berbak erabiliz, aldi barriak eta Jainkoagandiko errukia, parkamena eta Jainkoa bere herriaren alde egoala iragarten eutsen.

Bateatzaileagaz aldi barriak hasten dira; baina oindino ez dago argi, ez dira aldiak bete. Jesusek beteko dau hutsune hori: Jainkoa ez datorrela bere herria zigortzera, txarrak hondatzera…, gizakiok geure gizatasunean sakonduz aurkitzen dogula Jainkoa iragarriko dau.

Geuk landu behar dogu gure barrua, bide lautuetan zehar ibili daiten badatorren Salbatzailea.