2022/10/21

Abenduko III. astea

Abendualdiko III. astelehena

Astegun hau abenduaren 17a edota 18a bada, hemen ondoren datozen irakurgaiak itzi eta abenduko hilaren egun horretako irakurgai bereziak hartuko dira, 113-132. or.etan.

 

I. Irakurgaia

Izar batek urtengo dau Jakoben herritik.

Zenbakiak liburutik

Zen 24, 2-7. 15-17a

    Egun hareetan, Balaamek, begiak jasorik, Israel ikusi eban leinuka txabolaturik. Orduan, Jainkoaren espiritua etorri jakon eta olerki hau abestu eban:
«Hona hemen Beorren seme Balaamen,
begi argiko gizonaren, mezua;
hona hemen, estasian, begiak zabal-zabal,
Jainkoaren hitza entzuten
eta Ahaltsuaren agerpena ikusten dauanaren mezua.

Bai ederrak zure txabolak, Jakoben herri,
bai ederrak zure bizilekuak, Israel!
Ibar zabalak dirudie, ibai ondoko baratzeak,
Jaunak landatutako zumintzak, ur-ertzeko izaiak.
Ura gainezka dabe pitxerretan, ondo ureztaturiko lurretan hazia.
Agag erregea baino handiagoa da Israelgo erregea,
haren erregetza gero eta garaiagoa».

    Beste olerki hau be abestu eban:

 «Hona hemen Beorren seme Balaamen,
begi argiko gizonaren, mezua;
hona hemen, estasian, begiak zabal-zabal,
Jainkoaren hitza entzuten dauanaren mezua,
Goi-goikoaren egitasmoa ezagutzen
eta Ahaltsuaren agerpena ikusten dauanaren mezua.

Ikusten dot, baina ez da orain jazoko;
begiztatzen dot, baina ez da behingoan beteko:
Izar batek urtengo dau Jakoben herritik,
aginte-makila sortuko Israeldik;
birrinduko dau Moaben bekokia eta Seten ondorengoen burua».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 25 [24], 4-5b. 6 eta 7cd. 8-9 (R/. 4b)

R/.   Erakutsi niri, Jauna, zeure bideak.

V/.   Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
        erakutsi zeure bidezidorrak.
        Gidatu nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,
        Zeu zara-eta nire Jainko salbatzailea. R/.

V/.   Izan gogoan, Jauna, zeure errukia eta maitasuna,
        betikoak dira-eta.
        Gogoratu nitaz zeure maitasunean,
        zeure ontasunari dagokionez, Jauna. R/.

V/.   Ona eta zuzena da Jauna,
        bidea erakusten deutse pekatariei.
        Apalak zuzenbidez daroaz,
        bere bidea erakusten deutse apalei. R/.

 

Aleluia

Sal 85 [84], 8

R/.   Aleluia.

V/.   Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna,
        emon zeure salbazinoa. R/.

 

Ebanjelioa

Joanek noren aginduz bateatzen eban?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 21, 23-27

    Aldi haretan, Jesus tenplura etorri eta, irakasten ziharduala, abadeburuak eta herriko zaharrak hurreratu jakozan, itaunka: «Zein aginpidez egiten dozu hori? Nork emon deutsu aginpide hori?» Jesusek erantzun eutsen: «Neuk be gauza bat itaunduko deutsuet; erantzuten badeustazue, Neuk be esango deutsuet zein aginpidez egiten dodan hori. Joanek noren aginduz bateatzen eban: Jainkoaren aginduz ala gizakien aginduz?»
    Hareek inoen euren artean: «Jainkoaren aginduz ziharduala esaten badogu, zergaitik sinistu ez geuntsan esango deusku. Eta gizakien aginduz ziharduala esaten badeutsagu, ostera, jentearen bildur gara, ze guztiek daukie profetatzat Joan».
    Beraz, hauxe erantzun eutsoen Jesusi: «Ez dakigu». Jesusek, orduan, esan eutsen: «Neuk be ez deutsuet, bada, esango zein aginpidez egiten dodazan honeek gauzok».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Ontzat emoten dan gauzea da batzuk beste batzuk baino etxekotasun handiagoa dabela Jainkoagaz.

Honei begitu egiten jake; honeik goraldu egiten dira…; baina bildur ere hartzen jake, eta baztertu eta hil ere egiten dira, gogoko ez jakuzalako.

Zer ete gara, zemaipean baino ezin bagaitue hezi? Bildurpean hazi behar dogu, eta Jainkoa, harengandik etorri leikiguzan zigorren bildurragaitik maitatu behar dogu?

Antxinako profetek Jainkoaren aldetiko zigorrak iragarten ebezan desbideratzen zan herria onbideratzeko asmotan. Beste batzutan, herria hondatuta ikustean, itxaropen berbak erabiliz, aldi barriak eta Jainkoagandiko errukia, parkamena eta Jainkoa bere herriaren alde egoala iragarten eutsen.

Bateatzaileagaz aldi barriak hasten dira; baina oindino ez dago argi, ez dira aldiak bete. Jesusek beteko dau hutsune hori: Jainkoa ez datorrela bere herria zigortzera, txarrak hondatzera…, gizakiok geure gizatasunean sakonduz aurkitzen dogula Jainkoa iragarriko dau.

Geuk landu behar dogu gure barrua, bide lautuetan zehar ibili daiten badatorren Salbatzailea.

 

 

Abendualdiko III. martitzena

Astegun hau abenduaren 17a edo 18a bada, hemen ondoren datozen irakurgaiak itzi eta abenduko hilaren egun horretako irakurgai bereziak hartuko dira, 113-132. or.etan.

 

I. Irakurgaia

Mesiasengandiko salbazinoa
behartsu guztiei agindu.

Sofoniasen Profezia liburutik        

So 3, 1-2. 9-13

    Hauxe dino Jaunak:
«Zorigaiztokoa Jerusalem,
uri gaizto, kutsatu eta zapaltzailea!
Ez dau entzun Jainkoaren ahotsa,
ez dau onartu haren zuzenketa,
ez dau ipini harengan bere uste ona,
ez da hurreratu bere Jainkoagana.

Egun haretan, herrien ezpanak garbi bihurtuko ditut,
guztiek Jaunaren izenari dei egin deioen
eta guztiek bat eginik zerbidu nagien.
Nire gurtzaileek, sakabanatu nituanek,
eskeintzak ekarriko deustez Etiopiako ibaiaz bestaldetik.

Egun haretan ez zara gehiago lotsatuko
nire aurka egin dozuzan gaiztakeriakaitik,
kenduko ditut-eta zure artetik zure erronka harroak,
eta ez zara gehiago harropuztuko nire mendi santuan.
Herri apala eta behartsua itziko dot Nik zurean;
Jaunaren izena izango dabe babes Israelen bizirik geldituek.

Ez dabe bidebakokeriarik egingo,
ezta be guzurrik esango;
hareen ahoan ez da mihin maltzurrik aurkituko;
inork ikaratu barik larratuko dira eta etzungo».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 34 [33], 2-3. 6-7. 17-18. 19 eta 23 (R/. 7a)

R/.   Dohakabeak oihu egin eban, eta Jaunak entzun.

V/.   Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
        nire ahoan beti haren gorespena.
        Harro nago Jaunagaz,
        entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.

V/.   Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
        ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
        Dohakabeak dei egin eban, eta Jaunak entzun,
        eta estualdi guztietatik eban salbatu. R/.

V/.   Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
        lurretik ezabatzeko hareen gogorapena.
        Deadar egiten dabe zintzoek, eta Jaunak entzun,
        larrialdi guztietatik libratzen ditu. R/.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Zatoz, Jauna, ez luzatu!
        Parkatu pekatuak zeure herriari. R/.

 

Ebanjelioa

Etorri zan Joan, eta pekatariek sinistu egin eutsoen.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 21, 28-32

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen abadeburu eta herriko zaharrei: «Zuek zer deritxozue? Gizon batek seme bi zituan, eta batarengana joan eta esan eutson: “Seme, zoaz gaur mahastira, lanera”. Harek erantzun: “Ez dot gura”. Baina gero damutu eta joan egin zan. Besteagana be joan eta gauza bera esan eutson. Eta harek erantzun: “Banoa, jauna”; baina ez zan joan. Bietatik zeinek egin eban aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun eutsoen.
    Orduan, Jesusek esan eutsen: «Egiaz dinotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. Izan be, etorri jatzuen Joan Bateatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea iragarriz, eta ez zeuntsoen sinistu; zergalariek eta emagalduek, barriz, sinistu egin eutsoen. Zuek, ostera, ikusi eta gero be, ez zinien bihozbarritu, hari sinisteko».

Jaunak esana. 

 

Iruzkina

«Egun haretan ez zara gehiago lotsatuko nire aurka egin dozuzan gaiztakeriakaitik».

Behin eta barriro aldarrikatzen deusku profetak Jainkoarena dala ekimena eta harek gizakiontzako —bere seme-alaba gaitu-eta— onena gura dauala.

Zerk ete garoaz hari aurre edo gogor egitera, harena baino geurea nahiago izatera? Ume bihurriak emoten dogu, edo —harrokerian— geurea langorik ez dagoala uste dogu.

Apalak bestearena aintzat hartzen daki; ez dau bereaz bestearena zapaltzea bilatzen, eta badaki burua makurtzen ere.

Ebanjelioko lehenengo semeak aitari aurre egiten badeutso ere, gero burua makurtu eta haren esana betetera doa. Besteak, itxurak emon bai, eta berbea ere bai, baina berean jarraitzen dau. Eta hau farisearren eta legelarien irudi da.

Non kokatu gura ete dot nik? Gatx egiten jatala-eta, ez deutsat Jesusi jaramonik egin gura, ala hari jaramon egiteak neure buruaren jabe eta besteen zerbitzari izatera naroala onartu gura dot eta gauzatu?

 

 

Abendualdiko III. eguaztena

Astegun hau abenduaren 17a edo 18a bada, hemen ondoren datozen irakurgaiak itzi eta abenduko hilaren egun horretako irakurgai bereziak hartuko dira, 113-132. or.etan.

 

I. Irakurgaia

Isuri goitik, zeruok, iruntza lez garaipena!

Isaias Profetaren liburutik

Is 45, 6b-8. 18. 21b-25

     Neu naz Jauna, ez da besterik,
Neu naz argiaren eratzailea eta ilunaren sortzailea;
zorionaren egilea eta zoritxarraren sortzailea:
Neu naz Jauna, horreek guztiak egiten dituana.

Isuri goitik, zeruok, iruntza lez,
isuri, hodeiok, garaipena euria lez!
Edegi bedi lurra eta emon begi salbazinoa,
erne bedi justizia haregaz batera.
Nik, Jaunak, egin dot hori guztia».

Jaunak sortu ditu zeruak, bera da Jainkoa;
berak eratu eta egin dau lurra, berak finkatu;
ez dau hutsik egoteko sortu, bizileku izateko baino.
Hau dino Jaunak: «Neu naz Jauna, ez da besterik.

Nork adierazo eban hau lehendik,
nork esan aldez aurretik?
Ez ete Nik, Jaunak? Ez da-eta Ni beste jainkorik.
Ez da Ni beste jainko zintzo eta salbatzailerik.
Lurreko bazter guztiok, bihurtu Nigana, salbatu zaitezen,
Neu naz-eta Jainkoa, eta ez da besterik.

Neure buruagaitik egin dot zin,
nire ahotik urten dau erabagiak, hitz atzeraezinak:
"Belaun guztiak jataz makurtuko,
mihin guztiak Nigaitik dabe zin egingo"».
Esango dabe: «Jaunagan bakarrik garaipena eta indarra».
Lotsaren lotsaz etorriko jakoz
haren aurka lehiatzen ziranak.
Jaunagaz garaile izango da eta ospez beteko Israel herria».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 85 [84], 9ab eta 10. 11-12. 13-14 (R/. ik. Is 45, 8)

R/.   Isuri goitik, zeruok, iruntza lez,
        
isuri, hodeiok, garaipena euria lez!

V/.   Entzungo dot Jainkoak dinoana:
        Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.
        Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;
        bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

V/.   Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,
        justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
        Leialtasuna lurretik da ernetzen,
        justizia zerutik jaisten. R/.

V/.   Jaunak emongo dau euria,
        eta gure lurrak ekarriko bere uzta.
        Haren aurretik joango da justizia,
        haren pausuei jarraituko deutse ondoizateak. R/.

 

Aleluia

Ik. Is 40, 9-10

R/.   Aleluia.

V/.   Egin deadar handi, mezularia;
        indarrez jantzita dator Jainko Jauna. R/.

 

Ebanjelioa

Zoaze eta esan Joani
ikusi eta entzun dozuena.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 7, 19-23

    Aldi haretan, Joan Bateatzaileak, bere ikasleetako biri dei egin eta Jaunagana bialdu zituan itauntzera: «Zu zara etortzekoa ala besteren baten zain egon behar dogu?» Joan ziran, bada, gizon hareek Jesusengana eta esan eutsoen: «Joan Bateatzaileak Zugana bialdu gaitu itauntzera: “Zu zara etortzekoa ala besteren baten zain egon behar dogu?”»
    Une harexetan, gatx, gaixotasun eta espiritu gaiztoak zituan jente asko osatu eban Jesusek, eta itsu askori ikusmena emon eutson.
    Ondoren, mezulariei erantzun eutsen: «Zoaze eta esan Joani ikusi eta entzun dozuena: itsuek ikusten dabe eta herrenak badabiltz, legenardunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzuten dabe, hilak biztuten dira eta behartsuei Barri Ona iragartzen jake. Eta zorionekoa Nigaitik galbiderik hartzen ez dauana».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Joan Bateatzaileak bere zalantzak daukaz Jesusi buruz. Eta zuk?

Joanek zemaipean hartu nahi zitun herritarrak, damura eta pekatuen autortzara deituz, Jainkoaren zigorretik ihes egin ahal izateko.

Holangoxe Jainkoa ez ete euskuen iragarri geuri ere? Txarkeriekaitik zigortzen dauana?

Baina Joanek ez dau holangorik entzuten Jesusen barriemoileengandik, herritarrengandik; aginpidez hitz egiten dauala, gosetiei jaten emoten deutsela eta gaixoak osatu egiten dauzala baino.

Zelango Mesias ete dogu hau? Zalantzatan jarri behar ete dot nik iragarri eta egin dodan guztia? —esango eban Bateatzaileak. Hau ez da nik itxaroten izan dodana!

Baina bai profetek iragarten eben guztia gauzatzen zala Jesusengan; ez hitz hutsez, egitez baino. Eta harrigarri bazirudian ere, eta eskandalu-bide bazan ere, onartu beharrekoa eban Bateatzaileak bere aldetik, eta geroago Pedrok ere beretik.

Eta guk? Ez ete dogu daukagun Jainko-irudia aldatu behar, eta, haren aurrean merituak irabaztea alde batera itzi, eta gugan haren Espirituari jarduten itzi behar? Jesusek ez eban besterik egin: Espirituak ziharduan harengan Jainkoaren nahia gauzatzen.

 

 

Abendualdiko III. eguena

Astegun hau abenduaren 17a edo 18a bada, hemen ondoren datozen irakurgaiak itzi eta abenduko hilaren egun horretako irakurgai bereziak hartuko dira, 113-132. or.etan.

 

I. Irakurgaia

Emakume baztertuari lez
dei egiten deutsu Jaunak.

Isaias Profetarenliburutik

Is 54, 1-10

    Egin poz-oihu, Jerusalem, umerik izan ez dozun agor horrek;
ekin kantari pozaren pozez, erdiminik ez dozun horrek,
seme-alaba gehiago dau-eta baztertuak,
senardunak baino, dino Jaunak.
Handi egizu zeure oihal-txabolaren zabala,
zabaldu bildur barik zeure txabolako oihalak,
luzatu lokarriak, sartu gogor ziriak,
ezker-eskuma zabalduko zara-eta.
Zure ondorengoak herrien jaube egingo dira,
eta hutsik dagozan urietan biziko.

Ez bildur izan, ez zara barregarri geldituko;
ez lotsatu, ez zaitue irainduko.
Ahaztuko dozu gaztetako lotsakizuna,
ez dozu gogoan izango alargun zinaneko iraina.
Zure egileak bere emaztetzat hartuko zaitu:
haren izena Jaun ahalguztiduna;
Israelen Jainko santua da zure askatzailea,
lur osoaren Jainko deritxo.

Emakume baztertu eta atsekabetuari lez
dei egiten deutsu Jaunak barriro,
gaztetako emazte zapuztuari lez –dino zure Jainkoak–.
Apur batez baztertu zindudazan;
baina maitasun handiz batuko zaitut barriro.
Hasarrealdi baten, unetxu batez gorde neutsun aurpegia;
baina betiko maitasunaz errukitu naiatzu,
dino Jaunak, zure askatzaileak.

Noeren egunetan lez izango da Niretzat:
zin egin neban orduan
uholdeak ez ebala aurrerantzean lurrik estalduko,
eta halantxe egiten dot zin orain ez naiatzula barriz hasarratuko,
ez deutsudala aurrerantzean mehatxurik egingo.
Mendiak euren lekutik aldendu eta muinoak kili-kolo egonik be,
nire maitasuna ez da zugandik aldenduko,
nire bake-ituna ez da kili-kolo egongo,
honan dino maite zaituan Jaunak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 30 [29], 2 eta 4. 5-6. 11-12a eta 13b (R/. 2a)

R/.   Goratuko zaitut, Jauna, onik atara nozulako.

V/.   Goratzen zaitut, Jauna, onik atara nozulako,
        arerioei nire lepotik pozten itzi ez deutsezulako.
        Jauna, Herio-lezatik atara nozu,
        zulora jaistear nengoala bizibarritu. R/.

V/.   Kanta Jaunari, haren fededunok,
        goratu egizue, haren santutasuna gogoratuz.
        Une baterako da haren hasarrea,
        bizi guztirako haren onginahia.
        Arratsean negarra da gurean,
        poz-oihua goizean. R/.

V/.   Entzun, Jauna, eta erruki nitaz,
        izan zakidaz laguntzaile, Jauna».
        Negarra dantza bihurtu deustazu,
        Jauna, ene Jainkoa, eskerrak emongo deutsudaz beti. R/.

 

Aleluia

Lk 3, 4. 6

R/.   Aleluia.

V/.   Prestatu bidea Jaunari,
        zuzendu bidezidorrak hari;
        ikusiko dabe gizaki guztiek
        Jainkoaren salbazinoa. R/.

 

Ebanjelioa

Jaunari bidea prestatzen deutson mezularia da Joan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 7, 24-30

    Joan Bateatzailearen mezulariek alde egin ebenean, Joanez berbetan hasi jakon Jesus jenteari: «Zer ikustera urten zenduen basamortura? Haizeak astintzen dauan kainabera? Zer ikustera urten zenduen, bada? Apain jantzitako gizona? Apain janzten diranak eta atseginkerietan bizi diranak errege-jauregietan egoten dira. Zer ikustera urten zenduen, bada? Profetaren bat? Baietz dinotsuet, eta profeta baino be handiagoa dana. Horretaz dago idatzita Liburu Santuan:

    “Begira, neure mezularia bialtzen dot zure aurretik,
    zuri bidea prestatzera”.

    Hara zer dinotsuedan: ez da sortu amaren semerik Joan baino handiagorik. Halan be, Jainkoaren erreinuko txikerrena ha baino handiagoa da».
    Joani herri osoak entzun eutson, baita zergalariek be; Jainkoak arrazoia ebala autortu eben, Joanen bateoa hartuz; fariseuek eta lege-maisuek, ostera, haren bateoa baztertuz, alperrik galdu eben Jainkoak eurentzat eban asmoa.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Alkartekoa ete da gure sinismena? Alkartekoekaz bat ete gatoz, gero? Ez ete dogu bakotxak bere erara kudeatzen bakotxarena dala uste dogun sinismena, eta bakotxak lasaitzen edo isiltzen bere kontzientzia? Holan bada, ez dogu behar Salbatzailerik. Geu gara geure buruaren salbatzaileak.

Begira gaurko ebanjelioan Jesusek Bateatzaileagaitik egindako goralpenen ondoren zer dinon fariseu eta lege-maisuekaitik: «fariseuek eta lege-maisuek, ostera, haren bateoa baztertuz, alperrik galdu eben Jainkoak eurentzat eban asmoa».

Pekatari eta zerga-batzaileek entzun egin eutsoen Joani, eta pekatuak autortu eta Jainkoagandiko graziari bidera urten eutsoen. Eta horrela, handi egin eben Bateatzailea.

Guk ere hainbeste dei entzuten dogu Abendualdian, Garizumaldian…, eta baita meza bakotxean ere. Baina hantxe egonaz nahikoa dogula ez ete dogu uste?

Egin geike Jesus handi, erreinuko txikiena baino ez bada izateko, haren esanak geuretuz?

Bateatzaileak prestakuntza ekarren. Askok entzun egin eutsoen eta onbideratu ziran. Jesusek gauzatu egiten dau Jainkoaren erreinua. Entzungo ete deutsagu?

 

 

Abendualdiko III. barikua

Astegun hau abenduaren 17a edo 18a bada, hemen ondoren datozen irakurgaiak itzi eta abenduko hilaren egun horretako irakurgai bereziak hartuko dira, 113-132. or.etan.

 

I. Irakurgaia

Nire etxea otoitz-etxe da,
eta halan deituko dabe herri guztiek.

Isaias Profetaren liburutik

Is 56, 1-3a. 6-8

    Honan dino Jaunak:
«Gorde zuzenbidea, egin justizia,
heltzear dago-eta nire salbazinoa,
agertzear nire garaipena.
Bai dohatsu hori egiten dauan gizakia,
horretan irauten dauana:
zapatua profanatu barik gordetzen dauana,
bere eskuak gatxetik zaintzen dituana.
Ez begi esan Jaunaren alde dagoan arrotzak:
"Jaunak baztertuko nau bere herritik".

Jaunaren kultu-zerbitzurako,
haren izena maitatzeko eta haren morroi izateko
lotuko jakozan atzerritarrak,
zapatua profanatu barik gordetzen dabenak
eta nire itunean leial irauten daben guztiak
neure mendi santura ekarriko ditut,
eta pozez beteko neure otoitz-etxean;
onartuko ditut neure altara gainean
hareen erre-opariak eta sakrifizioak;
nire etxea otoitz-etxe dalako,
eta halan deituko dabe herri guztiek».

Honan berba egin dau Jainko Jaunak,
Israelgo sakabanatuak batzen dituanak:
«Orain arte batutakoez gainera
gehiago be batuko ditut».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 67 [66], 2-3. 5. 7-8 (R/. 4)

R/.   Ene Jainko, aitatu zagiezala herriek,
        aitatu zagiezala herri guztiek.

V/.   Erruki bekigu Jainkoa eta bedeinkatu gagizala,
        agertu deigula aurpegi argia,
        ezagutu dagien munduan zure bidea,
        nazino guztietan Zugandiko salbazinoa. R/.

V/.   Poztu beitez kantari nazinoak,
        zuzentasunez dozuz-eta gobernatzen herriak
        eta gidatzen munduan nazinoak. R/.

V/.   Lurrak bere uzta emon dau,
        Jainkoak, gure Jainkoak, bedeinkatzen gaitu.
        Bedeinkatu gagizala Jainkoak,
        izan deiola begirune mundu osoak. R/.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Zatoz, Jauna;
        emoiguzu zeure bakea,
        Zugaz bihotz onez poztu gaitezan. R/.

 

Ebanjelioa

Joan Bateatzailea argi-zuzi biztua eta distiratsua da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 5, 33-36

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen judegu-agintariei: «Zuek mandatariak bialdu zeuntsoezan Joan Bateatzaileari, eta harek autormen egin eutson egiari. Ez dinot hau inongo gizakiren autormen-beharrik dodalako, zuek salbatu zaitezen baino. Joan Bateatzailea argi-zuzi biztua eta distiratsua zan, zuek, ostera, alditxu batez, poza hartu gura izan dozue haren argian.
    Baina Nik badaukat Joanen autormena baino hoberik: Nik betetzeko Aitak emon deustazan egintzak; neure egintzek egiten dabe autormen nire alde eta Aitak bialdu nauala probatzen.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Baliokoa ete da norbere buruaren testigantza emotea? Baina, hori egiten ete dau Jesusek? Ez ete dau egoerearen irakurketea egiten eta agintariak eta honeen bihurrikeriak salatzen?

Jesusen jarraitzaile izatea ez da, beste ezeri jaramonik egin barik norbere betekizunetan salbamena lortzea, egiaren eta erreinuaren testigu izatea baino.

Geure egunerokoan ikusten badogu hau gauzatuta orduantxe esan geike Salbatzaile suertatu jakula Jesus.

Baina, kontuz! Farisearrek-eta ez eben beste salbazinorik itxaroten, Legea beteteaz lortzen ebela uste ebelako.

Ez dakigula jazo hori guri. Jesus autortzen dogu Salbatzaile bakar. Harexengan ikusten dogu Jainkoaren aurpegia; dastatzen dogu haren errukia, eta gozatzen dogu haren maitasuna.

Eta zer gara guzti horren barri emoten ez badogu, geuretzat baino ez badogu gordeten? Farisearrak salatzen ebazan  lez salatuko gindukez Jesusek.

Geure egintzek eta esanek azaleratu daiela, ba, Jesusen jarraitzaileak garala, erreinuaren pozean bizi garala.