GABONALDIA
Abenduaren 25ean
JAUNAREN JAIOTZA
Bezpera-arratsaldeko Meza
A B C urteetan
Irakurgai honeek aldarrikatuko dira abenduaren 24 arratsaldean, Jaunaren Jaiotzako I. Bezperen aurretik nahiz ondoren, ospatuko dan Mezan.
I. Irakurgaia
Atsegin izango dau zugan Jaunak.
Isaias Profetaren liburutik
Is 62, 1-5
Sionen maitasunez ez naz isilduko,
Jerusalemen maitasunez ez naz geldi egongo;
haren garaipena goiz-argia lez agertu arte,
haren salbazinoak zuziak lez distiratu arte.
Eta ikusiko dabe herriek zure garaipena,
errege guztiek zure ospea;
izen barria ezarriko deutsue, Jaunak berak emona.
Koroa eder izango zara Jaunaren eskuan,
errege-diadema zeure Jainkoaren eskuan.
Ez deutsue barriro deituko «Zapuztua»,
ezta zure lurraldeari be «Hondatua».
«Ene atsegina» deituko
deutsue zuri,
eta «Emazte» zure lurraldeari.
Atsegin izango dau-eta zugan Jaunak
eta emaztetzat hartuko dau zure lurraldea.
Mutila neskatileagaz ezkontzen dan lez,
halan ezkonduko da zugaz zure eraikitzailea;
senarra emazteagaz pozten dan lez,
halan poztuko da zugaz Jainkoa.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 89 [88], 4-5. 16-17. 27 eta 29 (R/. 2a)
R/. Jauna, Zure maitasuna abestuko dot betiren beti.
V/. Ituna egin dot neure aukeratuagaz,
David
neure morroiari zin eginez:
«Sendo
ezarriko dot betiko zure errege-jatorria,
Gizaldiz
gizaldi eraikiko zure errege-aulkia». R/.
V/. Zorionekoa, Zu pozik goresten dakian herria!
Zure
argitan ibiliko da, Jauna;
zure
izenean da egunero alaitzen,
zure
salbazino-egintzaz harrotzen. R/.
V/. Harek dei egingo deust: «Zu nire aita,
nire
Jainkoa, nire hatx salbatzailea».
Beti
gordeko deutsat neure maitasuna,
sendo
eutsiko haregaz dodan itunari. R/.
II. Irakurgaia
Kristoren,
Daviden ondorengoaren,
autormen
egiten dau Paulok.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 13, 16-17. 22-25
Paulo Pisidiako
Antiokiara heldu zan eta, hango sinagogan sartuz, zutundu eta isiltzeko keinu
eginda, berba egin eutsen: «Israeldarrok eta Israelen Jainkoa gurtzen daben
guztiok, entzun: Israel herri honen Jainkoak gure aurrekoak aukeratu ebazan eta
herria ugaritu eban, Egipton arrotz zirala, eta bere besoaren indar handiaz
atara ebazan handik.
Gero, David emon eutsen
errege, honetaz autormen hau eginez: "Aurkitu dot David, Jeseren semea,
nire gogoko gizona, nik gura dodan guztia beteko dauana".
Berbea emon ebanez, honen
hazitik atara eutson Jainkoak Israeli Salbatzailea: Jesus. Hau etorri baino
lehen, Joan Bateatzaileak bihotz-barritzeko bateoa iragarri eutson Israel
osoari. Eta bere bizitza amaitzera joianean, honan inoan Joanek: "Ez naz
ni zuek uste dozuena; badator nire ondoren beste bat, eta ni ez naz inor haren
oinetakoak askatzeko be"».
Jaunak esana.
Aleluia
R/. Aleluia.
V/. Bihar ezereztua izango da lurreko gaiztakeria,
eta
munduaren Salbatzailea izango da gure erregea. R/.
Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.
Ebanjelioa
Daviden ondorengo dan Jesu Kristoren jatorri-liburua.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 1, 1-25
Abrahamen eta Daviden
ondorengo dan Jesu Kristoren jatorri-liburua.
Abrahamek Isaak sortu eban, Isaakek Jakob, Jakobek Juda eta haren
anaiak; Judak Tamarrengandik Fares eta Zara sortu zituan, Faresek Esrom,
Esromek Aram, Aramek Aminadab, Aminadabek Naason, Naasonek Salmon; Salmonek
Rahabengandik Booz sortu eban, Boozek Rutengandik Obed, Obedek Jese, Jesek
David erregea.
Davidek Uriasen emazte
izanagandik Salomon sortu eban, Salomonek Roboam, Roboamek Abia, Abiak Asaf,
Asafek Josafat, Josafatek Joram, Joramek Ozias, Oziasek Joatam, Joatamek Akaz, Akazek
Ezekias, Ezekiasek Manases, Manasesek Amon, Amonek Josias; eta Josiasek
Jekonias eta honen anaiak sortu zituan, isrraeldarrak Babiloniara erbesteratu
ebezan sasoian.
Eta Babiloniako
erbestealdi ostean, Jekoniasek Salatiel sortu eban, Salatielek Zorobabel,
Zorobabelek Abiud, Abiudek Eliakim, Eliakimek Azor, Azorrek Sadok, Sadokek
Akim, Akimek Eliud, Eliudek Eleazar, Eleazarrek Matan, Matanek Jakob; Jakobek,
barriz, Jose sortu eban, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zan Jesus,
Kristo deritxona.
Beraz, hamalau gizaldi
izan ziran guztira Abrahamengandik Davidenganaino, hamalau gizaldi
Davidengandik Babiloniako erbestealdiraino, eta hamalau gizaldi Babiloniako
erbestealditik Kristoganaino.
Jesu Kristoren sortzea
holan gertatu zan: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko berba emonda egoan
eta, alkarregaz bizi izan baino lehenago, seindun gertatu zan Espiritu
Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa zanez eta ez ebanez
bere emaztea salatu gura, ha isilean iztea erabagi eban.
Hau guztiau Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin gertatu zan:
«Begira, birjinak sabelean
sortu
eta semea izango dau,
eta Emmanuel ipiniko deutsoe izena
(Emmanuel izen honek “Jainkoa gurekin” esan gura dau)».
Josek, lotatik itzartu zanean, Jaunaren aingeruak agindu eutson lez egin eban, eta bere etxean hartu eban emaztea. Eta, ezkontza-hartu-emonik izan barik, Mariak semea izan eban. Eta Josek «Jesus» ipini eutson izena.
Jaunak esana.
Ebanjelioa era laburrean.
Mariak semea izango dau,
eta zuk «Jesus» ipiniko deutsazu izena.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 1, 18-25
Jesu Kristoren sortzea
honan izan zan: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko berba emonda egoan
eta, alkarregaz bizi izan baino lehenago, seindun gertatu zan Espiritu
Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa zanez eta ez ebanez
bere emaztea salatu gura, ha isilean iztea erabagi eban.
Baina asmo hori gogoan
erabilela, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan eta esan eutson: «Jose,
Daviden ondorengo hori, ez bildur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko,
honengan sortua Espiritu Santuagandik dator-eta. Semea izango dau, eta zuk
“Jesus” ipiniko deutsazu izena, ze harek salbatuko dau bere herria
pekatuetatik».
Hau guztiau Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin gertatu zan:
«Begira, birjinak sabelean sortu eta semea
izango dau,
eta Emmanuel ipiniko
deutsoe izena
(Emmanuel izen honek “Jainkoa gurekin” esan gura dau)».
Josek, lotatik itzartu zanean, Jaunaren aingeruak agindu eutson lez egin eban, eta bere etxean hartu eban emaztea. Eta, ezkontza-hartu-emonik izan barik, Mariak semea izan eban. Eta Josek «Jesus» ipini eutson izena.
Jaunak esana.
Jaunaren Jaiotza-egunean ospatuko diran Mezetan, hemen eskeintzen diran irakurgaiak aldarrikatuko dira; baina abadeak badau eskumena, kristau-alkartearen on pastorala kontuan izanik, hiru Meza honeetako irakurgairik egokienak aukeratzeko.
Gauerdiko Meza
A B C urteetan
I. Irakurgaia
Semea emon jaku.
Isaias Profetaren liburutik
Is 9, 1-6
Ilunpean ebilen herriak argi handia ikusi eban;
herio-kerizpean bizi ziranei distira egin eutsen argiak.
Gehitu zenduan poza eta handitu atsegina;
pozetan dabiltz zure aurrean,
uzta batzean izaten dan pozez,
harrapakinak banatzean izaten dan atseginez.
Apurtu dozu-eta lepoan eroien buztarri astuna,
zapaltzailearen aginte-makila,
Madiango gudarostea apurtu zenduan lez.
Suak erreko ditu eta erraustuko
lurra danbadaka zapaltzen eben gudari-botak
eta odolez zikinduriko jantziak.
semea emon jaku;
hari emon jako aginpidea,
eta haren izena Kontseilari harrigarri,
Jainko indartsu, Aita betiko, Errege bake-emoile.
Handia izango da haren aginpidea,
amairik bakoa bakea
Daviden tronuan eta haren erreinuan;
sendo egingo da
eta zuzenbidean eta justizian oinarrituko,
gaurdanik eta betidaino.
Jaun ahalguztidunaren maiteminak egingo dau hau.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 96 [95], 1-2a. 2b-3. 11-12a. 12b-13 (R/. ik. Lk 2, 11)
R/. Salbatzailea jaio jaku gaur: Mesias, Jauna.
V/. Kanta Jaunari kantu barria,
kanta
Jaunari, lur osoa,
kanta
Jaunari, bedeinkatu haren izena! R/.
V/. Iragarri egunez egun salbatzaile dala.
Zabaldu
haren ospea nazinoetan,
haren
mirariak herri guztietan. R/.
V/. Poztu bedi zerua, alaitu lurra,
egin
begi orro itsasoak eta bertako guztiak,
egin
jai landa zabalak eta bertan dan guztiak. R/.
V/. Egin poz-oihu, basoko zuhaitz guztiok,
Jaunaren
aurrean, badator eta,
badator
lurra epaitzera.
Justiziaz
epaituko dau mundua
eta
leialtasunez herriak. R/.
II. Irakurgaia
Agertu
da Jainkoaren onginahia,
gizon-emakume
guztien salbazinorako.
San Paulo Apostoluak Titori egindako epistolatik
Tt 2, 11-14
Anaia maitea: Agertu da Jainkoaren onginahia, gizon-emakume guztien salbazinorako. Salbazino honek Jainkorik bako bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten irakasten deusku, eta neurriz, zuzentasunez eta jainkozaletasunez mundu honetan bizitzen, gure itxaropen zoriontsua noiz beteko zain, Jesu Kristo Jainko handia eta gure salbatzailea aintzaz beterik noiz agertuko zain. Harek bere burua emon eban gugaitik, gu gaiztakeria guztietatik askatu eta garbi egiteko, haren herri berezi izan gaitezan, on egin zale.
Jaunak esana.
Aleluia
Lk 2, 10-11
R/. Aleluia.
V/. Poz handia sortuko dauan barri ona iragartzen
deutsuet:
Salbatzailea,
Mesias Jauna, jaio jaku gaur! R/.
Ebanjelioa
Salbatzailea jaio jatzue gaur.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 2, 1-14
Egun hareetan, mundu
guztiaren errolda egiteko agindua atara eban Augusto enperadoreak. Lehenengo
errolda hau Siriako gobernadore Kirino zala egin zan. Beraz, erroldatzera joan
ziran danak, nor bere herrira.
Josek be, Daviden etxekoa
eta jatorrikoa izanik, Galileako Nazaret herritik Judeara igon eban, Betleem
deritxon Daviden herrira, bere emazte Mariagaz erroldatzera. Maria seindun
egoan. Betleemen egozala, umea izateko egunak bete jakozan, eta bere
lehenengo-semea izan eban. Oihaletan batu eta askan etxun eban, ze, ez zan
ostatuan hareentzako lekurik.
Baziran inguru haretan
artzain batzuk, gauez euren artaldea txandaka jagoten. Honetan Jaunaren
aingerua agertu jaken, eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituan; hareek,
bildurrak jota gelditu ziran. Aingeruak, ostera, esan eutsen: «Ez bildurrik
izan! Begira, poz handia sortuko dauan Barri Ona iragartzen deutsuet, herri
guztiarentzat izango dana: Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna jaio jatzue gaur
Daviden herrian. Eta hauxe izango dozue seinale: sein bat aurkituko dozue,
oihaletan baturik eta askan etxunda». Eta bat-batean zerutar talde handia batu
jakon aingeruari, Jainkoa goresten ebala, esanez: «Aintza zeruetan Jainkoari,
eta bakea lurrean haren gogoko gizon-emakumeei».
Jaunak esana.
Goizeko Meza
A B C urteetan
I. Irakurgaia
Hara, badator zure salbatzailea.
Isaias Profetaren liburutik
Is 62, 11-12
Hona zer adierazoten dauan Jaunak lurraren azken mugetaraino:
«Esan Sion uriari:
Hara, badator zure salbatzailea:
beragaz dakar garaipen-agiria, berak askaturiko herria.
"Herri santu" deituko deutsoe, "Jaunak
askatua".
Eta zuri, Jerusalem, "Uri desiratu" deituko deutsue,
"Zapuztu bako uri"».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 97 [96], 1 eta 6. 11-12
R/. Argiak argituko gaitu gaur,
Jauna jaio jaku-eta.
V/. Errege da Jauna! Alaitu bedi lurra,
poztu
beitez ugarte ugariak!
Zeruek
haren salbazino-egintza iragartzen dabe,
herri
guztiek haren ospea ikusten. R/.
V/. Argia sortzen da zintzoarentzat,
poza
bihotz zuzenekoentzat.
Poztu
zaiteze Jaunagaz, zintzook,
goratu
egizue, haren santutasuna gogoratuz. R/.
II. Irakurgaia
Bere errukiagaitik salbatu gaitu.
San Paulo Apostoluak Titori egindako epistolatik
Tt 3, 4-7
Anaia maitea: Jainko gure salbatzailearen bihotz ona eta onginahia agertu danean, salbatu egin gaitu; ez guk egindako zuzenbidezko egintzakaitik, bere errukiagaitik baino, jaiotza barria emoten dauan garbikuntzaz eta Espiritu Santuak eragiten dauan barrikuntzaz. Espiritu hori oparo isuri deusku Jainkoak, Jesu Kristo gure salbatzailearen bitartez. Holan, onginahi hutsez Jainkoak zuzen egin gaituala, itxaroten dogun betiko biziaren oinordeko egin gara.
Jaunak esana.
Aleluia
Lk 2, 14
R/. Aleluia.
V/. Aintza zeruetan Jainkoari
eta
bakea lurrean haren gogoko gizon-emakumeei. R/.
Ebanjelioa
Artzainek han aurkitu ebezan Maria eta Jose eta umea.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 2, 15-20
Aingeruak zerura joan ziranean, artzainek inotsien alkarri: «Goazen Betleemera, Jaunak jakinazo deuskun gertakari hau ikustera». Lasterka joan ziran, eta han aurkitu zituen Maria eta Jose eta umea askan etxunda. Ikusi ebenean, jakinazo eben ume haretaz esan jakena.
Entzun eben guztiak harrituta gelditu ziran artzainek esaten ebenagaz. Mariak, barriz, gogoan gordetzen zituan gauza honeek guztiok, bihotzean hausnartuz. Eta artzainak Jainkoari aintzaka eta goraka bihurtu ziran, entzun eta ikusi ebenagaitik; dana aingeruak esaneko moduan gertatu jaken.
Eguneko Meza
A B C urteetan
I. Irakurgaia
Munduko
bazter guztiek ikusiko dabe
gure
Jainkoaren salbazinoa.
Isaias Profetaren liburutik
Is 52, 7-10
Bai ederrak dirala mendi
gainetan albistariaren oinak!
Bakea iragartzen dau,
zorionaren barri ona emoten eta salbazinoa iragartzen!
Sioni dinotso:
«Zure Jainkoa errege da!»
Entzun zeure zaintzaileen oihua!
Oihuka dihardue, poz-irrintzika, guztiek batera,
euren begiz ikusten dabe-eta Jauna Sionera bihurtzen.
Ekin poz-oihuka guztiok batera, Jerusalemgo horma jausiok,
Jaunak bere herria kontsolatu dau eta askatu dau Jerusalem.
Herri guztien aurrean erakutsi dau Jaunak
bere beso santuaren indarra,
eta munduko bazter guztiek ikusiko dabe
gure Jainkoaren salbazinoa.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4. 5-6 (R/. 3c)
R/. Ikusi dabe lur-muga danek
gure Jainkoagandiko garaipena.
V/. Kanta Jaunari kantu barria,
egintza
harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena
emon deutso bere eskumak,
bere
beso santuak. R/.
V/. Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere
salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez
da ahaztu bere maitasunaz,
Israel
herriari deutson leialtasunaz. R/.
V/. Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure
Jainkoaren garaipena.
Egin
irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin
poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.
V/. Ospatu Jauna zitaraz,
zitaraz
eta kantu-hotsez,
turutaz
eta adar-hotsez;
egin
irrintzi errege dan Jaunari. R/.
II. Irakurgaia
Jainkoak Semearen bidez berba egin deusku.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 1, 1-6
Askotan eta era askotara
berba egin eutsen antxina Jainkoak profeten bidez gure asabei; azkenak diran
egun honeetan, barriz, bere Semearen bidez berba egin deusku. Seme hau egin
eban gauza guztien oinordeko, egin be honen bidez egin eban-eta mundua.
Seme hau da Jainkoaren
aintzaren distira eta Jainkoaren izatearen irudia. Honek eusten deutse gauza
guztiei bere hitz indartsuaz. Eta, pekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko
handiaren eskumaldean jesarri zan zeru-goienetan, aingeruak baino gorago
jarria, ondaretzat jaso eban izena be hareena baino goragokoa dan ezkero.
Izan be, zein aingeruri
esan deutso inoiz:
«Neure Seme zara Zu;
Neuk zaitut gaur sortu?»
Eta beste behin:
«Aita izango nau harek Ni
eta Seme izango dot Nik ha?»
Eta barriro, Lehen-semea munduan sartuazotean, hau dino:
«Gurtu begie ha Jainkoaren aingeru guztiek».
Jaunak esana.
Aleluia
R/. Aleluia.
V/. Argitu dau egun santua;
zatoze,
herriok, gurtu egizue Jauna;
argi
handia jaitsi da gaur lurrera. R/.
Ebanjelioa
Hitza
haragi egin zan,
eta
gure artean jarri eban bizilekua.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioaren hasiera San Joanen liburutik
Jn 1, 1-18
Hasieran bazan Hitza,
eta Hitza Jainkoagaz zan,
eta Jainko zan Hitza.
Hitza hasieran Jainkoagaz zan.
Gauza guztiak haren bidez eginak dira,
eta egindakorik ezerez da bera barik egin.
Hitzagan zan bizia,
eta bizia gizon-emakumeen argia zan;
argiak ilunpean argi egiten dau,
baina ilunpeak ez eban onartu.
Agertu zan gizon bat, Jainkoak bialdua: Joan eban izena. Autormenerako etorria zan, argiaren autormena egitera, haren bidez guztiek sinistu egien. Bera ez zan argia, argiaren autormena egin behar ebana baino.
Hitza zan egiazko argia,
mundura etorriz gizon-emakume guztiak argitzen dituana.
Munduan egoan
eta, mundua beraren bidez egina dan arren,
munduak ez eban ezagutu.
Bereakana etorri zan,
eta bereek ez eben onartu.
Onartu eben guztiei, barriz,
hau da, beraren izenean sinisten dabenei,
Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena emon eutsen.
Honeek ez dira giza odoletik sortu,
ezta giza borondatetik be,
Jainkoagandik baino.
Eta Hitza haragi egin zan,
eta geure artean jarri eban bizilekua,
eta ikusi dogu haren aintza,
Aitagandik graziaz eta egiaz betea datorren
Seme bakarrari dagokion aintza.
Joanek haretaz egin eban
autormena, oihuka esanez: «Hauxe zan harako nik esan neban ha: “Nire ostean
datorrena nire aurretik jarri da, ze, ni baino lehenagokoa zan”».
Eta haren betearen
betetik guztiok hartu dogu, hartu be, grazia graziaren gainean. Legea Moisesen
bidez emona zan; grazia eta egia, barriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira.
Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoan eta Jainko dan Seme
bakarrak ezagutuazo deusku.
Jaunak esana.
Ebanjelioa era laburrean. (osorik)
Hitza
haragi egin zan,
eta
gure artean jarri eban bizilekua.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioaren hasiera San Joanen liburutik
Jn 1, 1-5. 9-14
Hasieran bazan Hitza,
eta Hitza Jainkoagaz zan,
eta Jainko zan Hitza.
Hitza hasieran Jainkoagaz zan.
Gauza guztiak haren bidez eginak dira,
eta egindakorik ezerez da bera barik egin.
Hitzagan zan bizia,
eta bizia gizon-emakumeen argia zan;
argiak ilunpean argi egiten dau,
baina ilunpeak ez eban onartu.
Hitza zan egiazko argia,
mundura etorriz gizon-emakume guztiak argitzen dituana.
Munduan egoan
eta, mundua beraren bidez egina dan arren,
munduak ez eban ezagutu.
Bereakana etorri zan,
eta bereek ez eben onartu.
Onartu eben guztiei, barriz,
hau da, beraren izenean sinisten dabenei,
Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena emon eutsen.
Honeek ez dira giza odoletik sortu,
ezta giza borondatetik be,
Jainkoagandik baino.
Eta Hitza haragi egin zan,
eta geure artean jarri eban bizilekua,
eta ikusi dogu haren aintza,
Aitagandik graziaz eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari dagokion aintza.
Jaunak esana.
GABON EGUNEKO HITZALDIA
Senideok: zelan hartu dogu Gabon eguneko mezua? Izan gara gauza mezu hori entzuteko, geuretzeko eta poztasuna somatzeko? Ala Izurrite (edo Pandemia) honek tristuran itxita gaukaz, aurtengoak ez diralako beste urte batzutako Gabonak?
Bai, senideok: beste urteetan dana zan argia, edergailuak, apaingarriak, abestiak, zaratak, barreak, zorion-agur irribarretsuak. Aurten ere bada holangorik, baina… triste ikusten da jende asko. Eta ez, ez daukelako (askok galdu dabez euren diru-sarrerak, eta ez dabez eskuratu agindutako laguntzak), badaukena ezin dabelako gastau edo erabili baino.
Beste Gabonetan pobreak egozan triste, etxe bakoak edo familia bakoak, erbesteratuak edo kartzelaratuak… Aurtengo Gabonetan eukitsuak ere bai, diruak edo ondasunek ezin leikeelako Pandemia hau menperatu.
Egoera honetan, senideok, hartuko bagendu asti apur bat barrura begiratzeko? Gelditu, isildu, barrura begitu, eta Jainkoaren berbearen oihartzuna entzun, eta haregaz topo egin… Bai, senideok: horixe litzateke albiste pozgarria: Jainkoagaz topo egitea. Horixe litzateke benetako Gabon eguna.
Jainkoak gure artean jaio gura izan dau; guri bere maitasuna iragarteko, gure barruan Bakea ezarteko, gure ezin-ikusiak, gorrotoak, gerrak eta zuzengabekeria guztiak ezabatzeko.
Kanpora begira jarraitzen badogu, orain arteko lez, salbamena handixik jatorkula uste izango dogu; indartsuago batek (txertoak/bakuneak) ezabatuko dauala gure arteko txarkeria, eta egingo gaitula zoriontsu. Barriro erratuko gara. Barriro egongo gara lehengotan.
Isiltasunean, barrura begira jarten bagara, eta hantxe aurkitzen badogu geure barruan daroagun Jainkozko hazia, hori erneazoten ahaleginduko gara, eta barriro jaioten garala somauko dogu, Jainkoaren seme-alaba lez jaioten garala somauko dogu, eta haren maitasunak diharduala gure barruan eta gure egintza guztietan.
Orduan geu izango gara ondokoa maite dogunak, urrunekoari atea zabaltzen eta aterpea emoten deutsagunak, triste dagoana pozten dogunak, eta Bakea ezarten dogunak. Orduantxe esan ahal izango dogu: «Benetan jaio da nigan Jainkoa!» Emon deiodazan eskerrak!
Zorionak!
ABENDUAREN 25a: JAUNAREN JAIOTZA EGUNA
SARRERAKO OHARRA (—Ohargileak)
Eguberri on, senideok: Zorionak!
Hau zoriona! Itxaroten izan dogun barririk
handiena, pozgarriena, emon jaku emon, eta ospatzen dihardugu: merezi dau.
Hauxe da barria: Jaungoikoa ez da han urrunean dan nonor edo zeozer; Jainkoa
geure artean jaiobarri dan umetxoa dogu, sinistu gura dogunontzat. Harengana
hurreratzen bagara irribarrez beteko gaitu, poztasunez bialduko gaitu, maite
gaitula Jainkoak sentituazoz. Ospatu daigun barri pozgarri hau; bilatu daigun
Jainkoa gure egunerokoan.
SARRERA ABESTIA ETA IBILALDIA
Aspaldian urrunean sortu zan
Jainko Semea;
gaur sortzen da
gure_artean: zabalik euki etxea,
zabalik
bihotz-barnea.
Gaur sortzen da
gure_artean: zabalik euki etxea,
zabalik
bihotz-barnea.
Ilunpetan,
giltzapetan hor zaudetenak, gaur jaiki!
Horra Jauna, bizi hontan
egin da gizon osoki;
munduak hori baleki!
Bihotzetan dugu orai
Eguberriko izarra.
Egin gaitu Kristok
anai: hura dugu Jaun bakarra,
hura barneko indarra.
GABONEN IRAGARPENA (—Ohargileak)
Irakurleak:
Anai-arrebok, barri ona iragarten
deutsuegu,
poz handia herri osoarentzat,
entzun bihotz alaiz!
Milaka eta milaka urte igaro ziran
Jaungoikoak zerua eta lurra sortu
ebazanetik
eta gizakia bere antz eta irudiko egin
ebanetik;
eta milaka eta milaka urte,
atertu ebanetik eta Goi-goikoak ostadarra,
itunaren eta bakearen zeinua,
distiratuazo ebanetik.
Erroma sortu zaneko 752.urtean;
Octavio Augustoren inperioaren 42.urtean,
lurrean bakea nagusi zanean,
munduaren seigarren aroan,
orain dala 20-- (bi mila eta...) urte,
Judako Belenen, Israelgo herri apalean,
orduan erromatarren menpe egoan herrian,
askatxo batean, ostatuan lekurik ez
egoalako,
Maria Ama Birjinagandik,
Dabiden etxeko eta familiako Joseren
emazteagandik,
Jesus jaio zan, Jaungoiko betierekoa,
betiereko Aitaren Semea eta benetako
gizona,
Mesias eta Kristo deitua,
gizateriak itxaroten eban Salbatzailea.
Poztu gaitezan eta egin daigun jai.
Ospatu daigun barri ona,
historian, munduan eta gizaterian
izan dan barririk onena.
Abadearen agurra
† Aitaren eta Semearen eta Espiritu
Santuaren izenean.
—Amen.
† Gure artean Ume
lez jaio dan Jauna izan bedi zuekin.
—Eta zure
espirituarekin.
AINTZA (—Ohargileak)
Abendualdian bideak prestatu deutsaguz salbatzera etorriko jakunari. Gabon dogu; heldu da Salbatzailea; geure artean jaio da. Emon deiogun Aintza Jainkoari Belengo estalpean abesten diharduen aingeru guztiekin; poztu gaitezan artzainekin; poztu daigun inguru guztia gure kantuekin.
IRAKURGAIEI SARREREA (—Ohargileak)
Zelan izaten diran gauzak, senideok! Gizakiok barri onen egarri gara, eta barri guztiak —barri-emoileen artean agertzen diranak, behintzat— txarrak izaten dira. Jainkoagandik jatorkuzanak, ordea, onak dira, ba… Baina, edo sinistu ez, edo guretzat ez dirala uste izanik, aurrera egiten dogu, sinisgogor. Ez daitela izan hau gaurkoa. Zein berba gozoz azalduko jakun misterioa… eta aurpegiratuko jakun gure bihotz-gogorkeria. Barruratu daigun entzuten doguna, esker onez.
Erantzun salmoa
R/. IKUSI DABE LUR-MUGA DANEK
GURE JAINKOAGANDIKO GARAIPENA.
JAINKO HERRIAREN OTOITZA († Abadea; • Ohargilea)
† Gaur Jesus jaio jaku eta, beronen bidez, hurreko Jaungoikoa, Jaungoiko maitale eta salbatzailea, bere bizia emon gura deuskun Jaungoikoa agertzen jaku. Horregaitik, konfiantza osoaz, gure eskariak aurkezten deutsaguz.
—Txiroenek, baztertuek, gaixoek, etorkinek, langabetuek, bakarrik dagozanek eta sufritzen dabenek ere Gabonen misterioa ospatu eta behar daben alkartasuna aurkitu daien, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Gure herriak eta munduko herri guztiek bakean, alkartasunean jokatu daien Izurrite hau menperatu ahal izateko, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Gabonak ospatuz, gure familiak batasunean bizi izan daitezan eta giza eta kristau balioetan hazi, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Gure alkarteak eta munduko bazter guztietan Kristoren jaiotzea ospatzen diharduan Elizeak pozez bizi daigun Gizakundearen misterioa, eskatzen deutsugu, Jauna.
† Entzun gure otoitza, Aita. Konfiantza osoaz aurkezten deutsugu, gaur gure alkartean jaio dan Jesukristo zure Semearen bitartez.
Jaunartzean
1 Gau erdian Zu zara distira argizkoa,
isiltasun osoan hor zure mintzoa.
R/.
Maitasun-agerpen!
Isiltasun
osoan Hitza gizon sortzen.
2 Urratu da mundutik ilunpe itxia,
sortuazoz zerutik Zuk argi barria.
OHARRAK