2023/11/05

Abendualdiko I. Domekea


ABENDUALDIA

ABENDUALDIKO I. DOMEKA

A urtean

(Fray MARCOS)

I. Irakurgaia

Jaunak herri guztiak batu Jainkoaren erreinuan,
betiko bakea gozatu dagien.

Isaias Profetaren liburutik

Is 2, 1-5

    Isaiasek, Amosen semeak, Judaz eta Jerusalemez izandako ikuskaria:
Azken egunetan, Jaunaren etxea dagoan mendia
beste mendiak baino gorago ezarriko dau Jaunak,
beste menditxuak baino gorago;
hara joko dabe nazino guztiek
eta herri asko joango da bertara, esanez:

 «Zatoze, igon daigun Jaunaren mendira,
Jakoben Jainkoaren etxera;
Berak erakutsiko deuskuz bere bideak,
eta gu haren bidezidorretan ibiliko gara;
Siondik urtengo dau-eta legeak
eta Jerusalemdik Jaunaren hitzak».

Berak epaituko ditu nazinoak,
auzira ekarriko herri guztiak.
Golde bihurtuko dabez ezpatak eta igitai lantzak.
Ez dau herrik herriren aurka ezpatarik jasoko,
ez dira gudurako barriz trebatuko.

Zatoz, Jakoben herri,
gabiltzan Jaunaren argitan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 122 [121], 1-2. (4-5. 6-7. ) 8-9 (R/. ik. 1b)


R/.  
Goazen pozik Jaunaren etxera!

V/.   Ha poza nirea, esan eustenean:
        «Goazen Jaunaren etxera!»
        Hona orain nire oinak
        zure ateetan, Jerusalem. R/.

V/.   Hara igoten dabe leinuek, Jaunaren leinuek,
        Israelen lege danez, Jaunaren izena gorestera.
        Han dagoz ezarriak auzi-mahaiak,
        Daviden jauregiko mahaiak. R/.

V/.   Eskatu bakea Jerusalementzat,
        bizi beitez nasai maite zaituenak.
        Izan bedi bakea zure harresien barruan,
        nasaitasuna zure jauregietan. R/.

V/.   Neure senide eta lagunen izenean be,
        hau dinot: «Bakea zugaz!»
        Jaunaren, gure Jainkoaren, etxeagaitik,
        zoriona eskatzen dot zuretzat. R/.

 

II. Irakurgaia

Hurrago dogu geure salbazinoa.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 13, 11-14a

    Senideok: Ohartu zaiteze zein sasoitan bizi zarien. Izan be, ordua da lotatik izartzeko, sinisten hasibarri haretan baino hurrago dogu-eta orain geure salbazinoa.
    Badoa gaua, gainean dogu eguna; kendu daiguzan, beraz, ilunpetako egintzak eta jantzi argitako armak. Gabiltzan jator, egun-argiz lez: ez jan-edankerian eta hordikerian, ez lohikerian eta neurribakokerian, ez hasarre eta norgehiagokerian. Hartu egizue Jesu Kristo Jauna soineko.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Sal 85 [84], 8

R/.   Aleluia.

V/.   Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna,
        emon zeure salbazinoa. R/.

 

Ebanjelioa

Zagoze erne, prest egon zaitezen.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 24, 37-44

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Noeren aldian lez gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan be. Uriola aurreko egunetan jan-edanean ebilen jentea, eta ezkondu egiten ziran gizon-emakumeak, Noe ontzian sartu zan eguneraino; eta ez ziran konturatu, uriolak etorri eta guztiak eroan zituan arte.
    Honan izango da Gizonaren Semearen etorrerakoan be. Orduan, gizon bi izango dira soloan: bata hartu egingo dabe eta bestea itzi; emakume bik jardungo dabe errotarrian: bata hartu egingo dabe eta bestea itzi.
    Zagoze zuhur, ze ez dakizue zein egunetan etorriko dan zuen Jauna. Hartu hau gogoan: etxeko nagusiak baleki gaueko zein ordutan etorriko dan lapurra, zuhur egongo litzateke eta ez leuke bere etxea zulatzen itziko. Egon, bada, prest zuek be, gitxien uste dozuen orduan etorriko jatzue-eta Gizonaren Semea».

Jaunak esana.



ABENDUALDIKO I. DOMEKA

B urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Ai, zeruak urratu eta jaitsiko bazina!

Isaias Profetaren liburutik

Is 63, 16b-17. 19b; 64, 2b-7

    Zu zara, Jauna, gure Aita,
«gure Erosle» dozu izena betidanik.
Zergaitik itzi deuskuzu, Jauna, zeure bideetatik alde egiten,
zure begirunerik ez izateraino gure bihotzak gogortzen?
Bihurtu zakiguz, zeure zerbitzariakaitik,
zeure ondare aukeratu dozuzan leinuakaitik.

Ai, zeruak urratu eta jaitsiko bazina!
Zure aurrean mendiak urtuko litzatekez.

Jaitsi zinan, eta mendiak urtu egin ziran zure aurrean.
Inoiz ez dau ez belarrik entzun, ez begik ikusi,
Zu beste Jainkorik
beragan itxaron dabenen alde holan jokatzen dauanik.
Zeuk urteten dozu,
pozik eta zuzen dabiltzanen
eta zure bideak gogoan dabezanen bila.

Hasarre zengozan, bai, pekatu egin gendualako,
aspalditik pekatari garalako,
baina salbatuko gara.
Guztiok kutsatuak gengozan,
gure egintza onak be zapi zikinen antzeko ziran;
orbelaren antzera igartzen ginan guztiok,
eta gure pekatuek haizeak lez eroaten ginduezan.

Ez eutson inork zure izenari dei egiten,
ez zan ahalegintzen inor Zugaz bat egiten,
zeure aurpegia gorde egin zenduan-eta gugandik,
eta geure erruetan murgilduak itzi ginduzuzan.
Halan be, Jauna, Zeu zara gure Aita;
gu buztina, eta Zu gure buztinlaria:
zure eskuetako lana gara guztiok.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 80 [79], 2acd eta 3bc. 15-16. 18-19 (R/. 4)


R/.
  Jainko, berbiztu gagizuz;
        salbatu gaitezan, zeure begia leun agertu egizu.

V/.   Entzun, Israelen artzain,
        hegodun izakien arteko tronuan zagozan horrek!
        Bizkortu zeure ahalmena
        eta zatorkiguz salbatzera. R/.

V/.   Jainko ahalguztiduna, bihurtu, arren,
        begiratu zerutik, ikusi!
        Hartu egizu zeure mahatsondoaren ardura,
        zaindu zeure eskuz landatu dozuna. R/.

V/.   Emoiozu eskua zeure aukeratuari,
        zeure indarrez jantzi dozun gizasemeari.
        Ez gara Zugandik inoiz aldenduko;
        Zuk bizia emongo deuskuzu
        eta guk dei egingo deutsagu zure izenari. R/.

 

II. Irakurgaia

Jesu Kristo gure Jaunaren agerraldiaren zain gagoz.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 1, 3-9

    Senideok: Grazia zuei eta bakea gure Aita Jainkoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik.
    Jainkoari eskerrak emoten nago beti zuekaitik, zuei Jesu Kristogan Jainkoak emon deutsuen graziagaitik. Izan be, Kristogan aberastu zaitue doe guztietan: bai hitzean eta bai jakintzan, Kristoz egiten dogun autormena zuengan sendotu dan ezkero. Holan, ez dozue doerik bat be falta Jesu Kristo gure Jaunaren agerraldiaren zain zagozenok. Harek indartuko zaitue azkenera arte, inork zuen aurka zeresanik izan ez dagian Jesu Kristo gure Jaunaren etorrera-egunean. Zintzoa da bere Seme Jesu Kristo gure Jaunagaz alkarturik bizitzera dei egin deutsuen Jainkoa.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Sal 85 [84], 8

R/.   Aleluia.

V/.   Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna,
        emon zeure salbazinoa. R/.

 

Ebanjelioa

Zagoze zuhur,
ez dakizue-eta etxeko nagusia noiz etorriko dan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 13, 33-37

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Begira, zagoze zuhur, ez dakizue-eta sasoia noiz dan. Gizon bat urrutira joatean bezala da: etxea iztean, morroiei emoten deutse agintea, bakotxari bere eginkizuna jarriz, eta atezainari zuhur egoteko agintzen deutso.
    Zagoze, beraz, zuhur; ze, ez dakizue etxeko nagusia noiz etorriko dan: ilunabarrean, gauerdian, oilarrak jotzean edota egunsentian. Ez zagiezala lo aurkitu, ezustean etorrita. Zuei dinotsuedan hau danei dinotset: Zagoze zuhur!

Jaunak esana.


 

ABENDUALDIKO I. DOMEKA

C urtean

(Fray MARCOS)

I. Irakurgaia

Legezko ondorengoa sortuazoko deutsat Davidi.

Jeremias Profetaren liburutik

 Jr 33,14-16

Hauxe dino Jaunak: «Begira, badatoz nik Israelgo herriari eta Judako herriari emondako hitz onak beteko ditudan egunak.
Egun hareetan eta sasoi haretan,
legezko ondorengoa sortuazoko deutsat Davidi,
eta zuzenbidea eta justizia ezarriko ditu lurrean.
Egun hareetan Juda salbatuko da
eta Jerusalem nasai biziko.
Hona uriari emongo deutsoen izena:
"Jauna gure zuzentasun"».

Jaunak esana.

Erantzun salmoa

Sal 25 [24], 4-5b. 8-9. 10 eta 14 (R/. 1b)

R/.   Jauna, Zugana jasotzen dot gogoa.


V/.   Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
        erakutsi zeure bidezidorrak.
        Gidatu nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,
        Zu zara-eta nire Jainko salbatzailea. R/.

V/.   Ona eta zuzena da Jauna,
        bidea erakusten deutse pekatariei.
        Apalak zuzenbidez daroaz,
        bere bidea erakusten deutse apalei. R/.

V/.   Jaunaren bide guztiak maitasun eta leialtasun
        haren ituna eta aginduak gordetzen dabezanentzat.
        Bere barrua azaltzen deutse Jaunak begirune deutsoenei,
        bere ituna ezagutu azoten deutse. R/.

 

II. Irakurgaia         

Sendotu dagoala Jaunak zuen bihotza,
Kristo etorriko danerako.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 3, 12—4, 2

     Senideok: Egin dagiala Jaunak gero eta handiago zuek alkarrentzat eta danentzat dozuen maitasuna, handia dan lez guk zuentzat dogun maitasuna. Holan, sendotu dagiala zuen bihotza, Jesus gure Jauna bere santuakaz etortzean, santu eta esankizun barik aurkeztu zaitezen gure Aita Jainkoaren aurrean.
     Gainerakoan, senideok, eskari hau egiten deutsuet, arren eta arren, Jesus Jaunaren izenean: Jainkoari atsegin emoteko zelan bizi gugandik ikasi zenduenez, ahalegindu zaiteze gero eta gehiago holan bizitzen. Badakizue zelako irakaspenak emon geuntsuezan Jesus Jaunaren izenean.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Sal 85 [84], 8

R/.   Aleluia.

V/.   Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna,
        emon zeure salbazinoa. R/.

Ebanjelioa

Zuen askatasuna gero eta hurrago dago.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 21, 25-28. 34-36

     Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: Seinaleak izango dira eguzkian, iretargian eta izarretan, eta estu ibiliko dira lurrean herrialdeak, itsasoaren orroaz eta olatuen indarrez artegaturik. Arnasarik barik geldituko da jentea, munduari gainera datorkionaren bildurrez, ortzia be dardaratuko da-eta.
     Orduan, Gizonaren Semea indartsu eta aintza handiz hodeian etortzen ikusiko dabe. Hori guztia gertatzen hastean, izan bihotz eta jaso burua, ze, hurreratuz dator zuen askapena».
      «Zabiltze kontuz! Ez bedi moteldu zuen bihotza edanaz, mozkorkeriaz eta bizitza honetako kezkaz, egun ha ezustean gainera etorri ez dakizuen, ze, sarea bezala etorriko da lurrean bizi diran guztien gainera. Beraz, egon zuhur eta egin otoitz eten barik, etorri behar daben horreei guztiei ihes egin ahal deiozuen eta zutunik egon ahal zaitezen Gizonaren Semearen aurrean».

Jaunak esana.

 

HITZALDIA

Senideok: aldi barri baten sartzen gara domeka honegaz. Abendualdiari emoten deutsagu hasierea. Lau domeka eukiko doguz Gabonetarako prestatzeko. Domeka bakotxa ezaugarritu egingo dogu kandelatxo bat iziotuz. Otoitzak aparteko itxaropen giroan eginak izango dira; itxaropena eta alaitasuna izango dira gure bidelagun, eta aurkituko doguz Abendualdiko irudietan: Profetea, Joan Bateatzailea eta Maria.

Jainkoaren erregalua dogula esaten dogu Liturgia aldi barri bat hastea. Erregalu horrek gure lo-zorrotik atara egin gura gaitu, gure ingurura sinismen argitasuna isuri, eta gauzak eta aldiak Jesusen ikuspegitik begiratzen irakatsi.

Horraitino, ez da gauza erreza, erreza dala emoten dauan arren. Gizaldiak eta belaunaldiak daroaguz «Zatoz, Jauna!» dei egiten; etorri dala ospatzen Gabonetan; eta guzti horrek gure barruan izan behar izango leuken eragina ez somatzen.

Bai, senideok! «Zatoz, Jauna!» aldarrikatuko dogu aurtengo Abendualdian ere, behin eta barriro. Hebertarrak, Jainkoaren Herria, 18 gizaldian zehar egon dira (edo dagoz oraindino egon) Mesiasen etorrerea itxaroten eta eskatzen. Guk etorri dala sinisten dogu, baina etorri daitela eskatzen dogu. Zer esan gura dau horrek? Ez badogu barruratzen eta norberetzen, kontraesanean bizi izango gara, eta antzua izango da aurtengo Abendualdia ere. Egin daigun ahalegintxo bat, ze salbazino aitatzen eta eskatzen dogun ulertzeko eta gura izateko. Salbazino hori ez daitela izan neuk (gutariko bakotxak) ulertzen dogun erako Salbazinoa. Ezerk ez gaizala "lotara eroan" eta Jainkoak berak emoten deuskun Salbazinotik aldenduazo.

Batzuk, beharrizanei lotuegiak egonik,, diru apurren baten salbazinoa amesten dabe. Beste batzuk, euren alderdiak garaile urten daiala hurrengo hauteskundeetan, eta agintea eskuratu daiela. Beste batzuk familiaren ondo izateari begiratuko deutsoe…, eta danek eskatuko deutsoe Jainkoari egoera edo ames horrei erantzun deiela.

Baina zer emoten deusku Jainkoak? Jainkoak bizitzara deitu gaitu, eta han zorionera. Haren zeozer daroagu gure izatean, gure barruan. Eta horixe ezagutzen eta garatzen eta azaleratzen eta alkarbanatzen ez dihardugun artean, guzurrezko izakeratik jardungo dogu, ondasunak ditugula salbamen-bide, edo agintaritzea, edo seme-alaben ondo egotea… eta gure bizitzak lehengotan jarraituko dau, eta batek baino gehiagok uste izango dau dan-dana dala guzurra baina halantxe bizi izan behar dogula.

Jainkoak ez gaitu guzurretan gura: profeten bidez itxartu egin gura gaitu. Bere Seme Jesu Kristoren bidez beragazko hartu-emonetara deitzen gaitu, eta, lotura guztietatik eta guzurrezko usteetatik askaturik, benetako salbamenean biziazo nahi gaitu.

Horixe da bilatu behar doguna: gure benetako izatea, Jainkoak emona doguna, barruan daroaguna. Eta horixe garatzea eskatzen dogu «Zatoz, Jauna!» dinogunean: etorria izan danak, neugan ere agertu beharra dauka.

 

 

LAGUNGARRIAK

Sarrera oharra
     Ondo etorri, senideok, Abendualdiko I. domekako Liturgia ospatzera. Aldi barria hasten dogu. Horrek itxaropenera garoaz. Kontuz! Sufritzen dihardugun egoera honetan, behar-beharrezko somatzen dogun aldi-itxaropenean gelditu geintekez-eta. Jaso daigun gogoa benetako itxaropenera. Etorri jakun Jainkoagan aurkituko dogu hori. Eta itxaropen horretan bizi izateko "erne" eta "argi" egon behar dogu, argiak biztuta eta begiak zabalik. Hauxe eskatuko deutsagu Jainkoari.

Sarrera abestia


 

Zatoz, Jauna! Gaur zai duzu mundua,
zori gaitzez hain da hondatua!
Zatoz, Jauna! Zabal, otoi, zerua:

Etor bedi zure erreinua!   

Zatoz Jauna! Nausi bait da dirua:
jendea maiz dauka zapaldua.
Entzun, Jauna, behartsuen oihua:

Etor bedi zure erreinua!

____________

Damu-otoitza (Beherago, Abenduko Koroia)

     Gorago dagoana ikusteko burua jasoten ez badakigu, itxaropen kaxkarrean bizi izango gara. Jo daigun Jainkoaren errukira berak zabaldu deiguzan bihotz-begiak:

     —Jesus Jauna, erne egotera deitzen gaituzuna, erruki, Jauna.
     —Jesus Jauna, gugan zeure argitasuna bizten deuskuzuna, Kristo, erruki.
     —Jesus Jauna, salbazino-itxaropena zaituguna, erruki, Jauna.

_______________

Abenduko koroia (egiten ez bada, gorago damu-otoitza)
     Abendualdiko ezaugarri honen lehenengo argia biztuz, iragarri daigun erne bizi izango garala, itxaropeneko ibilbidean, uste on osoa Jainkoagan jarrita.

       (Kandelea bizten dan bitartean, abestu:)


     Itxaropenaren Jainkoak bere Semearen mahai ingurura ekarri gaitu. Egun baten aintzazko mahai ederrean alkartu gaizala, zorionaren betetasunean.

     AMEN.

Lehenengo irakurgaiari
     Jeremias profeteak (Jesus jaio baino 600 urte inguru aurretik) berba gogorrez iragarri izan eutson Jerusaleme uriari bere hondamena, bere bidegabekerien ondorio. Baina oraingoan adore emon gura deutso, eta itxaropenera deitzen dau, Jainkoaren nahia salbamena eta zoriona diralako.

Erantzun salmoa
     Salmo honen eskutik gure uste ona Jainkoagan jarten ikasiko dogu haren egintza harrigarriak autortuz eta goralduz. Gogogtsu abestu daigun.

R/.       Jauna, Zugana jasoten dot gogoa.

 

Bigarren irakurgaiari
     Errez-errez esaten dabe batzuk ez dagoala zer eginik, gauzak "baltz" ikusten dabezanean. Beste batzuk, ostera, ez dabez ikusi ere gura euren ustelkerian jarraitzearren. Baina itxaropenez jokatu gura dauanak badauka non oinarritu; eta hartuko dau adore. Izan gaitezan azken honeetarikoak.

Ebanjelioari
     Gerokoa itxaroteak ez gaitu eroan behar esku artean daukaguna gitxiestera. Ez da hau Jesusen jarrerea. Egin deiogun harrerea ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.

 

ESKARIAK

     † Isilik badago ontasuna loak hartzen dau eta txarkeria nagusitzen jako. Itxartu egin behar dau ontasunak itxaropena azaleratu daiten eta txarkeria uxatua izan. Jo daigun otoitzera:

—Elizearen alde: itxaropenezko mezu lez iragarri daian Barri Ona, bere seme-alaba guztiak lo-zorrotik itxartu daizan eta etorri dan Jaunari harrerea egin deioen, V/. Eskatzen deutsugu, Jauna. R/. Zatoz eta salbau gaizuz.

—Erosotasunean bizi diranen alde: larritasunean eta txarto bizi diranen oihuak eta garrasiak entzun daiezan eta, harei laguntzeko, euren mozkorkeriak alde batera itzi daiezan, V/. Eskatzen deutsugu, Jauna.

—Onen geldokeriak oldarturik, han-hor-hemen erasoak eginez nagusitu gura dabenek Barri Onaren bihozbarritzerako deia entzun daien eta euren gogorkeria alde batera itzi, V/. Eskatzen deutsugu, Jauna.

—Etxeko, laneko edo inguruko arazoak dirala-ta etsipenean jausitakoen alde: jaso daien burua eta itxaropen izpiak sumatzeko gauza izanik, adore hartu daien, V/. Eskatzen deutsugu, Jauna.

—Abendua otoitzean hasten dogunok aintzat hartu daigun esku artean daukaguna, itxaropenean landu daigun eta barritasunaren testigu izan gaitezan, V/. Eskatzen deutsugu, Jauna.

     † Itxartu gaizuz gure lo-zorrotik, Jauna, ontasunak bere burua erakutsiz, txarkeria uxatu daian, eta zure herriaren itxaropena biztu daiten. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzerako

Zatoz, Jauna, zatoz lurrera
zure herri hau salbatzera.

1 Bakea ta justizia bialdu mundura, Jauna;
zure jaiotzak gugana bekar poza, zoriona.

2 Okerretatik zuzendu, gaitz bideetatik aldendu,
gure kateak apurtu (urratu), bide ilunak argitu.

3 Gorroto-bideetatik aldendu gagizuz, Jauna;
alkar parkatu dagigun emoiguzu maitasuna.

Amaieran
     Abenduak ikuspegi barri batera deitu gaitu: gauzak danik txarren egon arren, uste osoa Jainkoagan jarriz, itxaropenez bizi izatera. Beragandik jatorku erne egoteko behar dogun argia.